AKTUALITATEA


| 2020-03-09 12:01:00

District Heating (DH) berokuntza eta ur beroaren sistema komunitarioa da eta, teorian, abantaila handiak ditu ekologiaren ikuspegitik, baldin eta beroa sortzeko erabiltzen den erregaia jasangarria bada (eguzki energia, biomasa, ...). Izan ere, egitasmoan aurreikusi zen CO2 isuriak % 80 murriztuko zirela banakako kalefakzioa eta ur beroko sistemekin alderatuta.

EAJ-PSEren egungo Udal gobernuak baztertu egin zuen DHren kudeaketa publikoa, eta, bi alderdi hauen eredu ekonomikoari jarraituz, kudeaketa publiko-pribatuaren aldeko apustua egin zuten. Horrela, 2017an, Udal Gobernuak Ferrovial Servicios SAk eta Tecnocontrol Servicios SAk osatutako ABEEri esleitu zion proiektua. Udala, Donostiako Sustapenaren bitartez, District Heating zerbitzuaren titularra da, eta haren ustiapen-baldintzak eta prezioak finkatzen ditu. Eta adjudikazioduna, berriz, energia hori ekoitzi eta kudeatzeaz arduratzen da, eta Txomin-Eneko bizilagunei emandako berokuntza eta ur bero zerbitzuengatik kobratzeaz. Kontratu honen iraupena 15 urtekoa da.

Txomin-Enea auzoan eraiki berri diren etxebizitza guztietan ezarri da sistema hori, baina baita auzoko eraikin zaharrenetan ere. Nabarmendu nahi dugu auzoko eraikin horietako hainbat bizilagunek uko egin ziotela District Heating sisteman sartzeari, EH Bilduk jasotako testigantzen arabera garestiegia iruditzen zitzaielako. Aitzitik, auzoko bizilagun berri guztiak 15 urtez DHn sartzera behartuta zeuden salmenta kontratua formalizatzearekin batera.

Donostiako Sustapena udal-elkarteak ABEEri egindako eskakizunetako bat zen sistema ekologikoagoa izateaz gain, merkeagoa ere izan behar zuela. Izan ere, prentsari behin eta berriz egindako adierazpenetan, baita Txomin Eneko bizilagunekin egindako bilera pribatuetan ere, Udal Gobernuak jakinarazi zuen zerbitzua %15 merkeagoa izango zela auzotarrentzat. Hemeroteka horren inguruko adierazpenez beteta dago.

Lehen fakturak iristen hasi direnean, ordea, Txomin Eneko bizilagunak kezkatzen hasi ziren. Izan ere, bizilagunak ohartu dira beraientzat faktura dezente garestiagoa dela sistema indibidualak dituzten gainerako donostiarrentzat baino.

EH Bildu udal taldean simulazioak egin ditugu Ferrovialek DHn duen prezioa eta gas naturala etxean duen beste edozein donostiarrekin alderatuz. Energiaren prezioaz gain, beste faktore asko (mantenua, zergak, eskuragarritasuna, eta abar) hartu ditugu kontuan eta emaitzak benetan kezkagarriak dira: fakturaren prezioa % 15 merkeagoa izan beharrean, Txomin Enea-ko fakturak, batez beste, % 55 garestiagoak dira.

Jakin izan dugu, bestalde, Txomin Eneko bizilagunek beren zenbakiak egin dituztela, eta Ferrovialen prezioak beste enpresa batzuen prezioekin alderatu dituztela, antzeko emaitzekin.

Txomin Eneko bizilagunak oso haserre daude, eta ez da gutxiagorako. Izan ere, 15 urteko iraupena duen kontratua dute Ferrovialekin, eta faktura% 15 merkeagoa izango zela esan zieten arren, %50 garestiagoa izango da.

Horregatik guztiarengatik, INTERPELAZIO bat erregistratu du EH Bilduk, datorren asteleheneko batzordean jorratzeko: 

  1. Zer dela eta Udal Gobernuak adierazi zien Txomin Eneko bizilagunei eta donostiar guztiei District Heating-aren faktura %15 merkeagoa izango zela, %50 garestiago denean?

  2. Txomin Eneko biztanle guztiek 15 urtetan ordainduko duen gainkostua zenbatekoa izango da?

  3. Udal Gobernuak Ferrovial Servicios SAk eta Tecnocontrol Servicios SAk osatutako ABEErekin harremanetan jarri al da azalpenak eskatzeko kontratuaren eskakizunetako bat, “zerbitzua merkeagoa” izatea, ez betetzeagatik?

  4. Orain arte izandako gehiegizko ordainketak direla eta, Txomin Eneak bizilagunentzako konpentsazio ekonomikorik aurreikusten al du Udal Gobernuak?