AKTUALITATEA


| 2020-06-17 12:17:00

Sarrera

Covid-19 birusak eragindako etenak aurrez gure artean genituen krisiak bizkortu eta azaleratu egin ditu (krisi ekologikoa, zaintza krisia, krisi sozioekonomikoa...). Orain, krisi horiei erantzuteko pausoak alde batera edo bestera emango ditugun da galdera. Eta Donostiako EH Bilduk oso argi du erantzuna: iragana berreraikitzeak ez du etorkizunik. Izan ere, iragana berreraikitzea akats berberak berriro egitea eta ondorio berak pairatzea da. Baina areago, iragana berreraikitzeak ez du zentzurik, etorkizuna ez baita iragana bezalakoa izango.

Berehala jaiki, norabidea zuzendu eta ibiltzen hasteko proposamena da hau. Lehenengo gauza Donostia zutik jartzea da. Krisiaren dimentsio sanitarioa eta sozioekonomikoa gutxiestea etorkizun hurbilean erraz ordain daitekeen akatsa da. Eneko Goia eta Udal Gobernua akats hori egiten ari dira. Historia garaikidean aurrekaririk ez duen krisi honi neurria hartu behar diogu, eta Donostiako gaitasun komunitarioak berehala aktibatu, datorrenari aurrea hartzeko eta egoera sozioekonomiko benetan konplexu baten aurrean birkokatzeko.

Helburua

Talka plan honen zeregina da, egungo krisiaren berehalako ondorioak, ahal den neurrian arintzeko beharrezkoak diren tresna publiko eta pribatuak artikulatzea, eta aldi berean, etorkizun hurbilean beharrezkoak diren finantzaketa eta inbertsio-mekanismoak artikulatzea, bertatik, berrikuntza, berdintasun eta ekitate-oinarri berriekin irteteko, desberdintasun-arrisku handiagoaren aurrean inor albo batetara ez uzteko eta hiriak dituen erronka erraldoiei aurre egin ahal izateko.

Egoeraren azterketa

Munduko ekonomia atzeraldian sartu da eta arrazoi ugari dago pentsatzeko aurrerantzean gero eta ohikoagoak izango direla oraingoa bezalako geldialdiak. Covid-19 birusak eragindako Osasun Larrialdia aurrez ezarria genuen Klima Larrialdiari batu zaio, eta ekonomiaren uzkurtzea iraunkorra eta are sakonagoa izango dela aurreikusten da.

Hilabete hauetan gauza bat argi geratu da: sektore publikoaren garrantzia, pixkanaka desegiten ari zena munduko toki guztietan, baita Donostian ere. Etorkizunari begira, kontrol publiko eta soziala berreskuratu beharko dira, herritarren oinarrizko beharrizanak asebetetzeko kalitatezko ondasun eta zerbitzuen eskaintza unibertsala, eta kalitatezko enpleguaren defentsa. Lidergo publikoen garaia da, elkar zaindu eta babesten duen eta denontzat aukerak sortzen dituen herri duin bati dagozkion mailako politika publiko eta komunitarioak artikulatzeko garaia.

Alde anitzeko begiradarekin kudeatu beharreko garaiak izango dira. Eta batez ere, ezinbestekoa izango da epe motz eta ertaineko ikuspegiak bateratzea. Hau da, gaurko krisiaren ondorio sozioekonomikoak arintzeko premiazko neurriak hartu behar dira. Baina aldi berean, eraldaketa-bektore bat aktibatu behar da, sistemaren akats larriak zuzenduko dituena eta gaurtik hasita garapen eta gizarte-ongizateko eredu berri baten oinarriak eraikitzen hasiko dena.

Talka- Plana

Horiek horrela, eta norabide berri bati ekiteko helburuarekin bat, ondorengo proposamena hiru printzipio nagusik gidatzen dute: zerbitzu publiko-komunitarioak indartzea, zaintza-gizarte baterantz aurrera egitea eta ekonomia bizitzaren eta ondasun komunaren zerbitzura jartzea.

Krisi berri honetara ekarri gaituen sistemak paradigma aldaketa eskatzen du. Pertsonak zentroan jarriko dituen sistema berri bat eraiki beharrean gaude, herri gisara merezi dugun proiektu propioa eraikiz.

Bizitzaren aldeko hautu erradikala da gurea, inor bazterrean utzi gabe, aberastasuna banatuz, oparotasuna denontzat bilatzen duena. Herritarrak babesteko eta zaintzeko, larrialdiak eragindako kalteak murrizteko eta etorkizunerako baldintza berriak ezartzeko.

1. DIRU SARRERAK

+45,5 milioi euro

Covid-19ak eragin duen krisiak erabateko astindua eragin du gizartearen antolaketan, guztion bizimoduan, baita Donostian ere. Kalte handia jaso du hiriko ekonomiak, ehunka lanpostu suntsitu dira, zaurgarritasun egoerak biziagotu eta ugaritu dira, erakundeetatik bultzatu den ekonomia eredua bera ere zalantzan geratu delarik. Horren ondorioz, dagoeneko badakigu krisiak eragin nabarmena izango duela Udalaren antolaketan, eginkizunetan eta, jakina, baita diru kontuetan ere. Batetik, aurreikusi gabeko gastuak egiten ari delako Udala, Covid-19ari aurre egiteko; eta bestetik, aurreikusita zeuden hainbat diru sarrera ez dituelako izango, edo zalantzan geratu zaizkiolako.

Udal Gobernuak emandako datuen arabera, 76tik 81 milioi eurora bitarteko galera espero du diru sarreretan, bai zergen eta tasen bidezko diru iturrien galeragatik, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duelako Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) murrizteko asmoa. Gauzak horrela, argi dago berrikusi beharra dagoela udalaren aurtengo aurrekontua, dagoeneko ez duelako balio hiriak duen egoerari erantzuteko. Era berean, beharrezkoa da adostea etorkizuneko diru iturri berriak ziurtatzeko ildo batzuk, krisi honek erakutsi baitu zume arinez eginda dagoela hiriaren egungo eredu ekonomikoa.

Donostiako EH Bilduk honako ildoak proposatzen ditu diru sarrerak lortzeko:

Gastu muga

Euskal Herria Bilduk PSOErekin eta Unidas Podemosekin lortutako akordioari esker, tokian tokiko erakunde foralek eta autonomikoek gastu gaitasun eta malgutasun handiagoa izango dute herritarren mesederako politika publikoak martxan jartzeko eta Covid-19aren krisiak eragindako ondorio sozialei aurre egiteko. Halaber, Udalek politika sozialetara bideratzen duten dirua gastu arauaren zenbaketatik at uztea eta kontuan ez hartzea adostu du EH Bilduk PSOErekin eta Unidas Podemoserekin.

Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren zorpetze gaitasuna soilik beren erakundeen finantza egoeraren arabera ezartzeko konpromisoa lortu du ezkerreko indar subiranistak.

Adostasun horri esker, Donostiako Udalak ahalmen eta aukera zabalagoak izango ditu krisi egoera honi aurre egiteko.

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa: 30 milioi euro

EH Bilduren ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiak arduratsu agertu beharko luke udalek eta bere herritarrok pairatzen ari garen egoera zailaren aurrean. Horregatik, uste dugu ez dela bidezkoa Aldundiak murriztea udalei hitzemana zien eta udalek beren kontuetan aurreikusita zuten diru funtsa. Aldundia bera zorpetu egin beharko litzateke, udal erakundeei egoera zail honetan beharko duten finantzazioan laguntzeko. Horregatik proposatzen dugu: Donostiako Udalak akordio bat lortzea Aldundiarekin, bere horretan eusteko Donostiako Udalari hitzemandako foru ekarpena (30 milioi euro).

Covid-19ak eragindako gainkostuak arintzeko laguntza edo kreditua: 3 milioi

Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea 3 milioi euroko dirulaguntza bat bidera diezaiola Donostiako Udalari Covid-19ak eragindako gainkostuak arintzeko. Maiatza hasierako lehen aurreikuspenen arabera, honako ezohiko gastuak egin dira: Donostia Sustapenak milioi bat euro; larrialdiko kontratuetarako, 1,1 eta 1,9 milioi euro artean. Dirulaguntza ezin bada, interesik gabeko 3 milioi euroko laguntza kreditua eskaintzea Aldundiak Donostiako Udalari, hurrengo lau urteetan itzuli beharrekoa.

Egitasmo batzuk bertan behera uztea edo atzeratzea: 11,5 milioi euro

Udal-inbertsioen birplanteamendu orokor baten barruan, atzeratu daitezkeen beste proiektu batzuk alde batera utzita, proposatzen dugu hiru proiektu hauei zuzendutako partidak behar gehien duten pertsonei gizarte-laguntzak emateko erabiltzea:

  • Santa Klara Uharteko itsasargiaren proiektua: 4 milioi euro
  • Turismo Bulegoa udaletxean: 1,7 milioi euro
  • Iztueta pasabidea: 5,8 milioi euro

Udal zerga bidezko diru iturriak

UDAL COVID TASA. Ezinbestekoa da zerga neurri gehigarriak eta salbuespenezkoak aplikatzea premiaz behar ditugun politika publikoak ezartzeko behar adina baliabide bermatzeko. COVID Tasa delakoa ezartzea proposatu EH Bilduk, errekargu gisa hainbat zuzeneko zergatan, ekarriko duena gaitasun ekonomiko handiena duten pertsona eta enpresen zergak handitzea, aldi baterako eta hein batean.

Asmo berari jarraiki, Donostiako EH Bilduk proposatzen du udal zerbitzuengatiko tasak % 5 handitzea merkataritza kate handiei Covid-19 osasun krisiaren garaian % 10etik gorako etekinak izan badituzte, enpresa horiek ekarpen solidarioa egin dezaten gizartearentzako zerbitzuak diruztatzen laguntzeko. Saltoki handiei zuzendutako zerga hau gutxienez hurrengo bi urteetan izango litzateke indarrean, honako tasa hauetan:

  • Udal jabari publikoa erabiltzeari dagozkion tasak
  • Udal zerbitzu eta jarduerei dagozkien tasak
  • Udalaren bide publikoen azpia, gaina eta airea inoren probetxu berezirako erabiltzeari dagokion tasa, interes orokorreko edo bizilagun guztientzako edo askorentzako hornidura zerbitzuak ustiatzeko enpresei dagokiena.
  • Lokaletako jarduerei dagozkien tasak
  • Hirigintzako Lizentzia tasak
  • Hirigintzako Zerbitzu tasak
  • Urez Hornitzeko zerbitzu tasak
  • Estolderia Zerbitzuari dagokion tasa
  • Hiri Hondakin solidoak Biltzeko Zerbitzu tasak
  • Telefonia mugikorreko enpresek jabari publikoa okupatzeari dagokion tasa

Etxebizitza eskubidea bermatzeko tasak

  • OHZren errekargua etxebizitza hutsei. Proposatzen dugu OHZ igotzea gure hirian erabiltzen ez diren ehunka etxebizitzei, alokairu arruntaren merkatura atera daitezen. Horrela, Donostian bizi ahal izateko beste aukera bat eskainiko diegu Donostiako etxebizitzen prezio handiagatik beren auzoak utzi behar izan duten donostiarrei.
  • Pisu turistikoei tasak igotzea: zientifikoki frogatuta dago etxebizitza turistikoek alokairuaren prezioa garestitu dutela Donostian. Krisi sozioekonomiko larria bizi dugun honetan, lehentasuna eman behar zaio etxebizitza izateko eskubideari. Zehazki, etxebizitza turistikoei ura, saneamendua eta hondakinen gaineko tasa igotzea proposatzen dugu.

Ikuskaritza indartu. Zerga saihestearen eta iruzurraren kontrako borroka areagotu behar dugu. Horretarako:

Hainbat zergatan egon daitezkeen saihesterako bideak itxi behar dira. Horretarako, hobariak eta kenkariak murriztu behar dira.

Iruzurra zorrotz zaindu behar da. Horretarako, protokoloak zorroztu behar dira eta aski bitarteko teknikoz hornitu behar da ogasuneko saila, baita langileak ugaritu, horrela behar izanez gero.

Gizarte-larrialdietarako laguntzetarako urteko zuzkidura handitzea (+ milioi 1 euro)

Igaro den martxoaren 24an, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak erabaki zuen 16 milioi eurotan gehitzea laguntza honetarako aurreikusita zuen urteko zuzkidura. Horrela, aurreikusi baino milioi bat euro gehiago jasoko du Donostiako Udalak, 2020. urtean.

Gizarte Eskubideen Ministerioaren Aparteko Gizarte Funtsa

Apirilaren 29an, Eusko Jaurlaritzak 13.395.064 euro jaso zituen Gizarte Eskubideen Ministerioaren Aparteko Gizarte Funtsetik. Funts horren helburuen artean daude mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuak eta baliabideak indartzea, kalean dauden pertsonentzako baliabideak areagotzea eta zaintza-sistema publikoa indartzea. Diru hori udaletan banatzeko eta, batez ere, hiri handietara bideratzeko eskatu du EH Bilduk. EAJk oraindik ez du erantzun eta dirua geldirik dago.

Beste administrazio batzuen proiektuak Donostian: 80,4 milioi euro

Antza denez, uda honetan hasiko dira Donostiako AHT geltokiko lanak. Nahiz eta partida hori ez dagoen soilik Donostiako Udalaren esku (bai ordea, Udal Gobernuan dauden alderdien esku), uste dugu krisi honen erdian ez dela diru xahutze honekin aurrera egiteko garaia, donostiarrentzat ez baitu inolako onurarik ekarriko epe laburrean edo ertainean (eta gero eta zalantza gehiago dago epe luzera izango duen). 80,4 milioi hauek euskal osasun-sistema publikoa, gizarte-zerbitzuak eta garraio publikoa (dBus) hobetzeko erabiltzea proposatzen dugu.


2. Zaintza-sistema berrirantz

10 milioi euro

Une honetan, ehunka pertsonei beren diru-sarrerak errotik murriztu zaizkie edo horiek gabe geratu dira, egun batetik bestera zailtasun handiak dituzte oinarrizko premiei eta gastuei aurre egiteko. COVID-19k erakutsi digu uste genuena baino askoz ahulagoak garela Donostian.

COVID-19ri eusteko hartutako neurriek zailtasun handiak eragin dizkiete pertsona askori: negozioak aldi baterako ixtea, lanaldi-murrizketak, kaleratzeak, ez ordaintzea edo nominen ordainketa atzeratzea, ERTEak, etab. Esan behar da, era berean, Donostian langabezi-tasa beste hiriburuetan baino gehiago igo dela, turismo sektorearekiko dugun dependentzia ekonomikoagatik. Eta honi guztiari gehitu behar zaio Donostian azken urteotan areagotzen ari zirela auzoen arteko errenta desberdintasunak eta desberdintasun berriak sortzen ari zirela.

Hori dela eta, gure zaintza sistema indartzeko garaia dela uste dugu, ez bakarrik orain sortu diren beharrei aurre egiteko, baizik eta aurrera begira zaintza sistema sendo bat eraikitzeko, datozen urteei begira hiri bezala ditugun erronkei aurre egiteko.

Gainera, ezin dugu ahaztu zaintzaren sektoreak lanpostu asko sortzen dituela, eta orain arte oso lan prekarioa sortzen ari bazen ere, hiriaren apustua, sektore honetan ere, lan duina sortzea izan behar da. Eta uste dugu Udalak egin beharreko inbertsioetan beste baldintza bat bete behar dela: dirulaguntzak tokiko baliabideei lotzea, batez ere tokiko merkataritza indarberritzeari.

Hona hemen, Donostiako zaintza sistema sendotzeko EH Bilduk proposatzen dituen neurri nagusiak:

Diru sarreren bermea eta etxeko ekonomia: gizarte larrialdietarako laguntzen (Eusko Jaurlaritzarekin batera) eta udal diru laguntzen (kontziliaziorako laguntzak, adibidez) aurrekontuak, gutxienez, %25a handitzea. Laguntza hauek eskuratzeko baldintzak malgutzea eta azkartzea, diru sarrerarik gabe gelditu diren norbanako zein familiak babesteko.

Etxe kaleratzeak ekiditeko neurriak: Jakina da funts putreek Donostian jarri dutela begirada, eta hurrengo hilabetean etxe kaleratzeak biderkatuko direla aurreikusten da. Horrek erantzun sozial eta instituzional irmoa eskatzen du. Udalaren aldetik, etxe kaleratzeei aurre egiteko Etxegintzako parke publikoan dauden etxebizitzak erabiltzea proposatzen dugu eta, era berean, alokairu soziala prezioaren baremazioa aldatzea eta familien diru sarreren arabera izatea.

Kale egoeran inor ez uzteko konpromisoa: konfinamendurako sortu diren 172 plazak mantentzea eta hiriko eragileek hautu honen parte bihurtzea. Adibidez, kolektibo zaurgarrien elikadura beharrak bertako komertzioen bidez asetzea, udalak kudeatutako bono espezifiko batzuen bidez.

Etxez etxeko laguntza udal zerbitzua familien kontziliaziorako ere erabiltzea. Pandemia honetan azaleratu diren arazo sozialen artean, lan-bizitza eta familia bateragarri egitea nabarmendu behar dugu. Administrazioak eta, kasu honetan, Donostiako Udalak kontziliazioan laguntzeko tresnak eskaini behar ditu eta, horregatik, etxez etxeko zerbitzuaren funtzioa egokitzea proposatzen dugu. Bide batez, auxiliarrek konfinamenduaren garaian galdu dituzten lan orduak konpentsatzeko balioko du neurri honek. Hau egin ahal izateko zerbitzuaren araudiaren aldaketa egin behar da.

Elikadura beharrak ikuspegi komunitario batetik asetzeko neurriak. Elikaduraz hitz egiten dugunean ez gara ari elikatzeko ekintzaz bere horretan, baizik eta ekintza horren inguruan dagoen guztiaz: janari osasuntsua erosteko ahalmena, janaria prestatzeko espazio egoki bat izatea, taldean bazkaltzeak duen garrantzia sozial eta emozionala... Badaude hau egiteko baliabiderik ez duten familia zein norbanakoak eta eskoletako jangela zerbitzurik gabe eguneko bazkari garrantzitsuena galdu duten haurrak. Proposamena: udalak menu banaketa egitea auzo guztietan. Horretarako udal baliabideak erabiltzea (jubilatuen etxeetako sukaldeak eta kultur etxeak), eta hirian sortutako zaintza sareekin aztertzea nola egin daitekeen banaketa. Edozein kasutan, produktuak hiriko komertzio txikian erosiko dira.

Merkataritzan bono-sozialak. Orain arte udalek dirua banatu dute familien beharrak asetzeko (dentista, arropa, etxetresna elektrikoak...) familiek legean jasota dauden baldintzak betetzen zituztenean. Proposamena: merkataritza bonoak banatzea behar hauek hiriko komertzioaren bidez asetzeko.

Hezkuntza eskubide unibertsala: Koronabirusak agerian utzi du Donostian dagoen arrakala digitala eta, horregatik, Interneterako sarbidea unibertsalizatzea proposatzen dugu, Donostia Wifi sare irekiko nodoak biderkatuz, ahalik eta etxe gehienetara iristeko., edo Interneteko konexioa bermatuz. Era berean, ordenagailurik ez duten ikasleen zerrenda osatu behar du Udalak, ikastetxeekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera (oso aurreratua dute lan hau ikastetxeetan). Jakina da datorren ikasturtea ere oso berezia izango dela eta Donostiak prest ego behar du datorrenari aurre egiteko, eta ez geratzeko martxotik aurrera gertatu dena, ikasle askok ezin izan dutela on line ikasketak jarraitu.

Mendekotasuna duten pertsonen zaintza:

  • Eguneko zentroen itxierak kaltetutako familien zerrenda egitea eta ofizioz familia-ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoa aitortzea (Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera).
  • Mendekotasuna duten pertsonen etxeetako irisgarritasuna hobetzea hiriko gremioen bidez (ikusi 3. atala).
  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzeko ordu muga bertan behera uztea.
  • Etxeko langileen sarea sortzea hirugarren sektoreko kolektiboekin batera (alde batetik, langileak babesteko eta, bestetik, zaintzaileen demanda asetzeko “lan poltsa” moduko bat izateko).


3. Obra publikoa sustatzea

20 milioi euro

Proposatzen dugu erakundeek dituzten baliabideak baliatzea ekonomia eragiteko, dinamizatzeko eta indartzeko. Horretarako, beharrezkoa da obra publikoa sustatzeko programa oso bat abian jartzea, inbertsio publikoaren bidez, donostiarrei beraiei mesede egingo dieten egitasmoak bultzaraziko dituena, eta dinamismo horren ondorioz, Udalaren diru sarrerak ere indartuko dituena (zenbait iturriren arabera, itzulkin fiskala % 49koa izatera irits daiteke).

Hori bai, argi diogu ez garela ari egungo eredu neurrigabeari mesede egingo dioten azpiegiturak eraikitzeaz, edota gure lurraldea pasabide bilakatu duten makro azpiegiturak egiteaz. Donostiarren bizi kalitatea hobetzeko hirigintza egitasmoak garatzea proposatzen dugu, bizigarritasun oreka lortzeko auzoen artean. Gainera, herritarrentzako zuzeneko mesedea ekartzeaz batera, inbertsio publiko horrek eragin biderkatzailea izango duelako hiriko eta lurraldeko ehun ekonomikoan, eta baita eraikuntza eta obrengatiko eta bestelako zergengatiko udal sarreretan ere. Honakoak adibidez:

Azpiegitura publikoak berritzeko lanak: kiroldegiak, kultur etxeak, udal bulegoak eta antzekoak. Udalaren 2020ko aurrekontuan jasota dagoenari eustea: Matigoxotegi futbol zelaia berritzea (330.000 €), EH Bilduk eta Udal Gobernuak adostua. Horri eusteaz gain, proposatzen ditugu Larrotxene kultur etxea berritzea (600.000 €), Bidebieta institutuan auzorako kultur etxea moldatzea (225.000 €), Bidebietako kiroldegia berritzea (600.000 €)...

Auzoak Birgaitzeko Hirigintza Plan Bereziak: irisgarritasuna, segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa. Udalaren 2020ko aurrekontuan jasota dago, EH Bilduren udal taldeak Udal Gobernuarekin adostuta, Oleta-Pikabea auzunea birgaitzeko Plan Berezi bat idaztea (70.000 €). Hurrengo urteetan garatu beharko dira plan horrek aurreikusitako obrak (500.000 €). Horri eusteaz batera, proposatzen dugu auzo aldapatsuen hirigintza auditoria bat egitea, bakoitzaren premiak zehazteko, eta behar handiena duten auzuneen hurrenkera zehaztea. Urtero, hirigintza plan berezi bat idatziko litzateke auzune bat birgaitzeko, eta hurrengo urtean lanei ekin.

Mendekotasuna duten pertsonen etxeetako irisgarritasuna hobetzea hiriko gremioen bidez. Ildo horretan, Eneko Goiaren Gobernuaren akats politikotzat jotzen dugu 2020rako bizitegi-eraikinen eta etxebizitzen irisgarritasunerako eta birgaikuntzarako diru-laguntzen etetea, ekainaren 4an dekretatu zena. Tokiko ekonomia suspertu behar denean, ezin da trakzio-jardueretan murrizketarik egin.

4. Tokiko ekonomia suspertzeko neurriak

10 milioi euro

Ekonomia berrantolatzea tokatzen da orain. Ekonomia bizitzarako antolatzea. Ekonomia bizitzaren zerbitzura jartzea. Larrialdi plan honen helburua da krisiaren berehalako ondorioak arintzea eta klabe eraldatzailean bideratzea aktibazio ekonomikoa.

Krisiaren ondorioak bereziki nabarmenak dira Donostiako ekonomian. Azken urteotan zerbitzu sektorearen alde egindako apustuak ondorio larriak ekarri ditu. Turismoaren zerbitzura dauden aktibitate ekonomiko berriek hiriko egitura produktiboa eraldatu dute, eta lehen eta bigarren sektoreak ahulduta edo desagertzear daude. Ondorioz, Donostiako langabezia-tasaren igoera oizko altuena da.

Krisiari erantzuteko ahalegin hau baliatu behar da jarduera ekonomikoak birkokatu eta Donostiak merkatu globalen gorabeheren aurrean duen zaurgarritasuna gutxitzeko.

Donostiako ekonomia birtokiratu behar dugu, lurraldearen eta herritarren beharrekin lotu, eta horretarako beharrezkoa da orekak berreskuratzea. Hau da, ekonomia dibertsifikatu behar da, modu orekatuan, eta betiere eredu iraunkor baten baitan.

Zentzu honetan, ondorengo proposamen eta neurriek defendatzen dituzten balioak dira:

  • Hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna.
  • Kontsumo lokala, ekoizpen lokala eta banaketa lokala.
  • Kalitatezkoa eta iraunkorra izango den enplegua sortzea.

Jardun-arloak:

Manufaktura-industria. Donostiarren asebetetzea eta ongizatea ziurtatzeko ezinbestekoa den industria-ekoizpena identifikatu eta garatu behar da (Donostiako industriaren balio-kateen azterketa orokorra, eta ibilbide laburragoak eta seguruagoak lehenetsi). Aldi berean, Donostiako industriak balizko krisien aurrean (osasun krisiak, ekologikoak...) dituen gaitasunak aztertu behar dira. Hau da, Donostiako enpresek larrialdi-egoeran birmoldatzeko dituzten aukerak aztertu behar dira, horiei erantzuteko beharrezkoak diren ekipamenduak ekoizteko.

Ikerkuntza + Garapena + Berrikuntza. Teknologia zentroen ezagutza eta esperientzia interes orokorraren mesedetan jartzeko bitartekoak indartu behar dira. I+G+B eta industriaren, nekazaritzaren, merkataritzaren eta sektore publikoaren arteko elkarlan aktiboa bultzatu behar da. Baita Smart teknologiaren bidez sortu daitezkeen aukera ekonomikoen kudeaketa publikoa sustatu ere.

Trantsizio ekologikorako sektore ekonomikoak. Trantsizio ekologikoarekin (energia, ingurumena, ekonomia zirkularra, klima aldaketaren kontrako borroka...) lotutako sektoreak garatu eta indartu behar dira.

Ekonomia Sozial Eraldatzailea. Kooperatibagintza sustatzeko bulegoa: ekintzailetza kooperatiboa, enpresen kooperatibizazioa eta enpresa transmisioak laguntzeko zerbitzua sortu behar da Donostiako Sustapena udal sozietatean. Eta dirulaguntza lerroetan sistema kooperatiboan nahiz ekonomia sozialean oinarritutako enpresak lehenetsi behar dira.

Pertsonen zaintzaren sektorea (Ikusi 2. Atala). Pertsonen zaintza zerbitzuen sektore ekonomikoa indartzea garapen iraunkor baterako oinarria da. Horretarako, profesionalizazioa indartzeko, lan baldintzak nahiz prestakuntza hobetzeko, eta eremuko ikerkuntza sustatzeko dirulaguntzak behar dira.

Turismoa. Gaurko krisiak erakutsi du zenbaterainoko dependentzia garatu duen gure ekonomiak erabat lurrunkorra den industria turistikoarekiko. Zentzu honetan, beharrezkoa da ekonomia turismoan gutxiago ardazteko aukera emango duten sektore anitzetako alternatiba gisa enpresa berriak sustatzea.

Lana banatzea: sektorean enplegu galera handia aurreikusten da eta enplegu-galera txikitzeko, gainerako lanpostuen banaketa sustatu behar da, lanorduen murrizketa orokorrago baten zati gisa (orduko ordainaren igoerarekin batera).

Tokiko merkataritza. Kontsumo lokala sustatzeaz gain, tokiko merkataritza edo merkataritza txikizkaria euskarri garrantzitsua da ekoizpen eta banaketa lokala indartzeko. Zentzu honetan, merkataritzari zuzendutako laguntza eta neurriak lekutzea ezinbestekoa da, auzo-eskalak eskaintzen dituen aukerak eta erraztasunak baliatze aldera.

Egoera eta behar berrietara egokitzeko laguntzak (zerbitzuen digitalizazioa, online plataformak...); lanpostuak sortzeko zerbitzu berriak (etxez etxeko zerbitzua eskaintzeko kudeaketa publikoko banaketa plataformak); kontsumo ohiturak lekutzen laguntzeko bitartekoak (merkataritza bonoak, tokiko txanpona...); lehia desleialaren aurkako defentsa (jaiegunetan saltoki handiak irekitzeko debekua, merkataritza-gune handien proiektuak geldiarazi eta baimen berririk ez eman...)

Kultura. Euskal kulturgintzaren prekaritatea egiturazko arazoa da, baina Covid-19ak eragindako pandemiak arazoa izugarri larriagotu du. Uneari erantzuteko premiazko neurriak behar dira, baina horiekin batera, sektorea eta kultur bizitza bera ere indartuko dituzten egiturazko neurriak behar dira. EH Bilduk proposatzen du Udalak antolatzen, parte den edo laguntzen dituen emanaldi eta jaialdietan, bereziki, handienetan (Jazzaldia, Hamabostaldia, zinemaldiak, Gazteszena...), bertako sortzaileen sorkuntzak eta emanaldiak lehenestea. Areago, euskarazko sorkuntza bultzatu eta lehenetsiko da, kultur sorkuntzaren kanala mintzatua edo idatzizkoa denean.

Lehen sektorea. Lanpostuak sortu eta lan-baldintza duinak bermatu behar dira: nekazaritza sektorea hirian finkatzen lagundu; baserrietan ordezkapen zerbitzua indartzeko laguntzak eta bitartekoak eskaini; arrantza sektorearen jarduna berreskuratzeko neurriak hartu; tokiko elikagaien eraldaketarako gune publikoak garatu...

Aldi berean, sektoreko ekoizleen salgaiak jaso eta merkaturatzea erraztu behar da: hiri-merkatuetan (Bretxa, San Martin) lehentasunezko kokagunea eta baldintza duinak ziurtatu; azoka berriak antolatzeko bitartekoak eta laguntzak indartu; jantoki publikoak (eskolak, adinekoen egoitzak...) edo lizitazio publikoz egotzitakoak tokiko ekoizleen salgaiekin hornitu; tokiko dendetan baserritarren elikagaien irisgarritasuna bermatzeko bitartekoak sortu; kontsumo taldeen jarduna errazteko eta sustatzeko laguntzak eskaini; etxez etxeko zerbitzuak sustatzeko ekimenak berrikusi eta indartu...

Kontratazio publikoa. Kontratazio publikoa duintzeko plana adostu behar da, enplegua egonkortzeko eta kontratazio publikoan obrak baldintza duinetan garatzeko. Zentzu honetan, udalak dituen ikuskaritza propioak aktibatu behar dira, udal zerbitzuetan osasun eta segurtasun baldintzak ematen direla bermatzeko (batez ere, azpikontrata eta zerbitzu auxiliarretan).

5. Mugikortasuna Talka-Plana

6,5 milioi euro

Covid-19 pandemiak hasieratik ekarri zuen mugikortasun murriztapena geure bizitzetara. Gerora mugikortasuna berreskuratzen hasi gara poliki-poliki eta osasun larrialdi honek aldaketa bortitzak ekarri dizkigu mugikortasunaren alorrean.

Autoen eta garraio publikoaren erabilera gutxitu da konfinamendu garaian, eta bizikletaren eta oinez egitearen aldeko apustua egin du gero eta herritar gehiagok.

Alarma-egoeraren ondoriozko konfinamendu garaian, kutsadura eta zarata asko jaitsi da, neurri handi batean, garraio pribatuaren murrizketa eman delako. Ondorioz, motordun ibilgailu ezaren onurak bizi ahal izan ditugu gure hirian.

Bizikletaren erabilera eta oinezko joan-etorriak ere handitu egin dira, neurri batean transmisio-arrisku txikiaren ondorioz, eta hurbileko mugikortasunek ibilbidearen luzera murriztu dutelako.

Mugikortasunaren eta osasunaren arteko erlazioa zuzena dela erakutsi digu pandemia honek. Bizikleta mugitzeko modu segurua dela argi geratu da, kutsatzeko arriskurik ez duelako eta distantzia soziala errazten duen garraiobidea delako. Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) ere gomendio bera egin zuen, mugitzeko beharra izanez gero oinez edo bizikletaz egitea.

Covid-19 osteko garaia, aukera paregabea da mugikortasuna berrantolatzeko. Aukera hau baliatzen ez badugu, autoaren aurreko mendekotasun-egoerara itzultzeko arriskua dago. Hiri osoko eremu publikoa berreskuratzea beharrezkoa da, aire zabaleko jarduerak edo oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriak egiteko behar den distantzia soziala ahalbidetzeko.

Orain arte autoa ardatz izan duen hiri-plangintzak, espazio publiko gehiena errepideei eta aparkalekuei eman die. Horregatik, ezinbestekoa da neurri ausartak eta berehalakoak abian jartzea, eta gure hirirako eta ingurumenerako mugikortasun-sistema eraginkorrago eta jasangarri baten diseinuan aurrera egitea.

Besterik gabe, aurreko egoerara itzultzen saiatzea (baina autoa maizago erabiliz) bideraezina da, eta ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-porrota ekarriko luke.

EH Bildutik uste dugu pandemia osteko agertoki honek hiru helburu lortzeko balio behar duela mugikortasunaren arloan:

  • Garraio publikoaren konfiantza berreskuratzeko, auto pribatuaren erabilera indibidualaren aurrean.
  • Behar ez diren joan-etorriak saihesteko. Zeregin batzuk egiteko autoz mugitu behar ez dela ikusi ahal izan dugu.
  • Galtzadari espazioa berreskuratzeko bizikleten eta oinezkoen alde, mugikortasun seguruagoa eta jasangarriagoa lortzeko.

Horiek horrela, hauek dira EH Bildutik mugikortasunaren berrantolaketa eta espazio publikoaren birjabetzearen alde proposatzen ditugun neurriak:

dBus garraio publikoaren zerbitzua indartzea: Hirietan automobil pribatuaren eta motozikleten erabilera murriztea mundu mailako erronka da. Ezinbestekoa da errealitatera egokitutako garraio publikoko sare eraginkorra, ez-kutsatzailea antolatzea eta zerbitzu erakargarri bat ezartzea.

Donostia “Hiria 30” bihurtzea eta zirkulazio-abiaduraren mugak murriztea, herritarren segurtasuna eta bizi-kalitate bermatzeko. Hiria osoan 30 km/orduko gehieneko abiadura ezartzea, eta 20 km/orduko gehieneko abiadura jarduera-dentsitate handiko guneetan.

Poligonoetarako garraio publikoa eta bidegorriak hobetzea, auto pribatuaren erabilera mugatzeko. Donostiako 27 poligonora, Zuatzu, Igara eta Miramoneko parke teknologikora garraio publikoko zerbitzu on bat jarri eta bizikletaz joan ahal izateko bidegorriak sortzea.

Hiriko bizikleta-sarea handitzea eta inguruko udalerriekiko loturen hedapen taktikoa, zirkulazio-espazio seguruak lortzeko, garraio publikoetan pilaketak arintzeko eta herritarren mugikortasun aktiboa sustatzeko. Egungo osasun krisiak ezartzen dituen neurri fisikoak mantentzeko beharrezkoa da bidegorri egoki eta seguruak ezartzea. Une honetan ezar daitezkeen bidegorri berriak Miracruz-Ategorrieta-Jose Elosegi etorbideetakoa eta Amara ospitaleekin lotzen dituen errepidean egitekoak izan daitezke.

Bizikletentzako aparkaleku seguruak jartzea, udal lokaletan eta sarbide errazeko beste espazio batzuetan (udal-aparkalekuak, ekipamenduak). Bizikletentzako aparkalekuak sortzea osasun-zentroetan, trenbide-geltokietan eta mugikortasuneko beste kontzentrazio-espazio batzuetan, oinezkoen espazioan eraginik egin gabe.

Bizikleta-logistikako zerbitzuak bultzatzea, etxez etxeko eskaeretarako, hurbileko erosketetarako eta udal-zerbitzuetarako. Motordun garraioa murriztuko litzateke neurri honekin hiriko gune batzuetan.

Dbizi bizikleta publikoko zerbitzua lehenbailehen irekitzea, eskaintza aurreikusitako eskaerari egokituz, eta egun behar diren segurtasun- eta higiene-neurri guztiak beteaz. Donostiarrei bizikleta publikoen zerbitzu on bat eskaintzea auzoetan hiritik bizikletaz mugitu ahal izateko.

Koordinazio semaforikoa ezartzea, oinezkoen lehentasuna eta segurtasuna bultzatzeko. Egun dagoen koordinazio semaforikoa autoen mesederako egina dago kasu askotan, horiek berrikustea eta oinezkoen eta bizikleten lehentasunera egokitzea beharrezkoa da mugikortasun eredu berria sustatu nahi bada.

Mugi sistemaren estaldura modu berezian langabezian dauden pertsonei zabaltzea, osasun krisi honetan langabezian geratuko den pertsonak babesteko. Konfinamenduko bi hilabeteetan Donostiak 1.639 langabetu gehiago izan ditu (martxotik apirilera +% 24,8 ). Kontuan izan behar dugu krisiaren hastapenetan gaudela eta langabetu-kopuruak gora egiteko joera izan dezakeela. Beraz, egungo Mugi Sozialaz gain, langabezi egoeran dauden bitartean, langabetuei mugi sistemaren estaldura modu berezian zabaltzea eskatzen dugu.

Bulebarizazioak eta oinezkoentzako kaleak egitea, aldi baterako neurriak ezartzea osasun neurriek ezarritako distantzia fisikoa mantentzeko (2 metro). Baina behin behineko neurrien ondoren, hirigunea pixkanaka oinezkoentzat bihurtzea. Behar den lekuetan kale horiek garraio publikoaren zirkulaziorako, merkantzien banaketatarako, larrialdietako garraiorako, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako garraio pribaturako edota egoiliarren zirkulaziorako bakarrik gordeaz. Azken finean, oinezkoentzako espazio berri horiek jarduera desberdinak egiteko aukera eman behar dute, eta ez bakarrik fluxuen zirkulaziorako espazio gisa erabili.