AKTUALITATEA


| 2020-04-09 09:57:00

Osasun krisiak hankaz gora jarri ditu sektore asko, eta bere eragina nabarmena izaten ari da lehen sektorean ere. Nekazariak zailtasun asko izaten ari dira euren produktuak saltzeko. Are gehiago Eusko Jaurlaritzak azokak debekatu ondoren. Erabakia ulertezina izan da bai baserritarrentzat, bai kontsumitzaileentzat, baita azoka elikagaiak erosteko funtsezko gune gisa defendatzen dugun ororentzat ere. Eta ulertzekoa da baserritarren haserrea, alarma egoera amaitzen denean ere, merkataritza gune handiekin alderatuta, oso baldintza gogorrak ezarriko zaizkielako azokei.

Bretxako merkatuari dagokionez, nekazariak euren produktuak saltzeko izaten ari ziren zailtasunak ikusita, martxoaren 20ko Bozeramaileen Batzordean EH Bilduk Udal Gobernuari proposatu zion neurriak har zitzala Bretxako merkatuko baserritarren postuak irekita mantentzeko. Une hartan oraindik merkatuak irekita zeuden, baina Alarma Egoeraren ondorioz beren ohiko jarduna eten zitekeela aurreikusten ari ziren. Horregatik, baserritarrak Bretxako eraikinean edo Arrandegian berregokitzea proposatu genuen. Ez dugu erantzunik jaso. Orain, Eusko Jaurlaritzak Bretxako merkatua ixteko agindua eman du eta baserritarrak euren produktuak saltzeko alternatibarik gabe geratu dira. Ez Bretxako merkatua eta ez baserritarren jarduera ekonomikoa ez da udal gobernuaren lehentasuna izan.

Lehen sektorea, berriro ere, kaltetua aterako da, eta oraingoan Udal Gobernuak etor zitekeenari aurreratuz bestelako neurririk hartu ez duelako. Egoera honen aurrean, urgentziazkoa egiten da baserritarren salgaiak jaso eta merkaturatzeko Donostiako EH Bildutik jarraian aurkeztuko ditugun neurriak ezartzea; hala nola, baserritarren produktuak Donostiako etxeetara zuzenean iristeko ekimenak sustatu eta errazteko bitartekoak sortzea, edo tokiko dendetan baserritarren elikagaien irisgarritasuna bermatzeko bitartekoak sortzea.

  • "Donostia Km 0" proiektua krisi-egoerara egokitzea. Tokiko produktuen merkaturatzea eta banaketa sustatzeko helburuarekin, Donostiako Sustapenak tokiko ekoizleen eta horien produktuen katalogo digitala osatu du. Baina konfinamendu-egoera horretan, beharrezkoa da bertan agertzen diren produktuen etxez etxeko banaketa-zerbitzu bat martxan jartzea aztertzea. Eta katalogoa zein balizko eskaintza berria Udalaren webguneetan eta sare sozialetan argitaratzea.

  • Udalak produktuak etxera eramateko beste egitasmoak ere sustatu eta ezagutarazi behar ditu, hala nola, EtxEKO Azoka: Gipuzkoako produktu ekologikoak Donostiako etxeetara zuzenean iristeko ekimena1

  • Donostiako EH Bilduk merkataritza txikia babestu eta sustatzeko konpromiso argia du. Honenbestez, baserritarren produktuak merkaturatzeko abiatu daitezkeen edo dagoeneko martxan diren ekimenak tokiko merkataritzarekin koordinatu eta gauzatzea eskatzen dugu, eta ez saltoki handiekin. Plataforma bat sortzea proposatzen dugu, Donostia inguruko ekoizleak auzoetako saltokiekin harremanetan jar daitezen.

  • Elikadura eskubidea tokiko produktuekin bermatzea, bai larrialdi-egoera honetarako Udalak prestatutako jantoki publikoetan, bai jangela-zerbitzurik gabe geratu diren eta egunean kalitatezko janari bat bermatuta ez duten ikasleentzat.

  • Esplizituki baimentzea baserrietara eta autokontsumorako baratzeetara joan-etorriak, baita kontsumo-taldeetara joan etorriak ere.

  • COVID 19ren krisiak gure gizartearen gabezia asko utzi ditu agerian, eta horietako bat elikadura burujabetza eza da, baita Donostian ere. Horregatik, "Km 0" elikagaien ekoizpena bermatzeko, Donostiako Sustapenak Urban Lur bezalako proiektuak bultzatu behar ditu lehentasunez, zeinak nekazal produktuetan oinarritutako proiektu enpresariala martxan jarri nahi dutenei laborantzarako egokiak diren lur eta azpiegiturak, hauek lantzeko tresnak, nekazaritza eta enpresa mundurako prestakuntza teknikorako bidea proiektua egikaritzeko eta produktuak merkaturatzeko aholkularitza eta babesa eskaintzen dizkien.

  • Martxan jarriko diren laguntzei buruzko aholkularitza eta informazio zerbitzua eskaintzea baserritarrei.


 

1 Sareko.net-era sarbidea: https://sareko.net/