AKTUALITATEA


| 2020-04-07 10:25:00

Donostian duintasunez bizi ahal izateko eskubidea bermatzea premiazko erronka bilakatu da, eta are premiazkoa izango da Covid-19aren osteko testuinguruan. Hala bada, eta donostiarron ongizatea bermatzeko, besteak beste, bizitzaren zerbitzura egongo den ekonomia bat behar dugu. Lurraldearen eta komunitatearen beharretara doitutako ekonomia bat, gertukoa, auzo edo herriak dituen baliabideak ahalik eta egokien aprobetxatuko dituena. Horretarako, ezinbestekoa da kontsumo lokala, ekoizpen lokala eta banaketa lokala lehenetsi eta sustatzea. Eta zentzu honetan, lehen sektoreak edo tokiko merkataritzak berebiziko papera jokatzen dute.

Jarraian aurkezten diren neurriek, tokiko merkataritzak dituen urgentziazko beharrak arintzea dute helburu behinena (lehen sektoreari buruzko neurriak datozen egunetan aurkeztuko ditugu). Hala ere, Donostiako EH Bilduk argi du gaurko erabakiak biharko ongarri direla eta, beraz, begirada luzeagoarekin egindako proposamena izan nahi du.

Udal-aplikazioko tasa eta zergen etena

Alarma Egoeraren ondorioz ezarritako prebentzio neurriak ez dira modu homogeneoan aplikatu merkataritzaren eremuan, eta beraz, hauen eragina ezberdina izan da. Nahiz eta produktu edota zerbitzuaren arabera egoera aldatu, oro har galerak dira nagusi, eta diru-sarrerarik gabe merkataritza txikiak ezin ditu udal zergak eta tasak ordaindu. Horien ordainketa atzeratzea ez da bidezko neurria, eta ez du arinduko krisi honen aurretik sektoreak dagoeneko bizi zuen egoera ekonomiko delikatua. Hori dela eta, Donostiako EH Bilduk bat egiten du hiriko merkataritza elkarte ezberdinek Udalari egin dioten eskaerarekin:

  • IBIaren ordainketa kentzea: urte honetakoa, jarduera erabat etenda dutenentzat

  • Uraren eta zaborren tasaren ordainketa kentzea: establezimendu guzitie. 

  • Merkataritzako elementuak bide publikoa okupatzeagatiko ordainketa kentzea: urte honetakoa, jarduera erabat etenda dutenentzat

Zentzu honetan, azpimarra berezia egin nahi dugu Udalaren eskumen zuzena den gertakari batean. Zenbait komertziantek adierazi digutenez, Zorroaga Fundazioak kudeatzen dituen merkataritza-lokalen alokairuak bere horretan jarraitu dute osasun larrialdia eta konfinamendua ezarri ondoren. Euskadiko Fundazioen 12/1994 Legeak azpimarratzen du, fundazioak zuzenbide pribatuko erakunde juridikoak izanik ere, interes orokor edo publikoa lortzeko sortuak direla. Honela, Zorroaga Fundazioaren kasuan, Patronatua da Fundazioaren gobernu-organoa, baita Fundazioaren jarduera bere xedeen araberakoa dela bermatzen duen organoa ere, eta Donostiako Udalak izendatzen ditu organo horretako kideak.

Donostiako EH Bilduk martxoaren 19an proposatu zuen lehen aldiz gaiari heltzea, horretarako bi aukera aurkeztuz: negozioak jarduera etenda duten denboran alokairua ez kobratzea, edo bestela, alokairuak % 50 murriztea. Erantzuna apirilaren 3an jaso dugu, eta kezka handia eragin digu; izan ere, Zorroaga Fundazioaren proposamena alokairuak atzeratzea izan da. Honen aurrean, eta egunetik egunera egoera zailtzen ari dela ikusita, jardueraren etenak irauten duen bitartean erabakirik egokiena zuzenean komertzio-lokal horien alokairua etetea dela deritzogu. Komertzioak jarduera zabalik baldin badu, alokairua % 50 murriztea proposatzen dugu.

Berariazko diru-laguntza lerroa

Honez gain, komertzio txikiko establezimenduen itxieraren ondorioz sorrarazitako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko berariazko diru-laguntza lerroa bideratzea ezinbestekoa dela uste dugu. Besteak beste:

  • Merkataritza-lokaletako alokairuen kostuari aurre egiteko laguntza ekonomikoa, konfinamendua indarrean dagoen bitartean.

Laguntza ekonomiko hauek beste erakundeetatik etor daitezkeen diru laguntzekin bateragarriak eta osagarriak izango dira.

Tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko ekimenak

Auzo bakoitzean zabalik dauden saltoki eta zerbitzuen zerrendak eta kontaktuak jaso eta Udaleko webgune eta sare sozialetan plazaratu.

Kontsumitzaileari geolokalizatzeko aukera eskainiko dioten plataformak sortu, bere auzoan diren zerbitzu eta elikagai salmenten berri izan dezan.

Etxez etxeko zerbitzua laguntzeko ekimena

Gipuzkoako Bazkundeak martxan jarritako ekimenaren ildotik, Donostian ere herritarrak bertako saltokietan erostera animatzeko online erosketa eta etxez etxeko zerbitzuak sortu edo egokitu, eta zabaltzea proposatzen dugu.

Horretarako, lehenik eta behin, halako zerbitzuak eskaintzeko gaitasunik ez duten saltokiei aukera hori eman edo erraztu behar zaie. Hau da, baliabide publikoak eskaini behar dira. Abiapuntua izan daiteke, hiriko ekonomia bultzatzeko Donostia UP! 2019 Planaren baitan, saltokietan, ostalaritzan eta hiriko zerbitzuetan IKT-ak inplementatzeko Dendatics laguntza programa.

Honekin batera, etxez etxeko zerbitzua gauzatzeko baliabideak eskaini behar dira; hala nola, langile berriak kontratatzea erraztuz, edo jarduna eten behar izan duten negozioetako langileak behar hauetara egokitzeko programak sortuz. Izan ere, gauza jakina da jardunean dauden negozio askotan lan-karga biderkatu egin dela. Zenbait kasutan lan-baldintzek okerrera egin dute, adibidez, lanaldiak luzatu edo lan-txandak bikoiztu egin direlako.

Zentzu honetan, produktuen banaketa egiteko, etorkizunari begira, Udalak bitartekoak eskaini beharko ditu, plataforma publiko bat sortzeko edota sektoreko langileek propio egindako zerbitzu bat sustatzeko. Edozein kasutan, jakina da banaketaren sektorean dagoen lan-prekarietatea eta horretarako kontrol publikoa areagotzeko eskatzen dugu.

Ekimen hauek auzoka diseinatu eta gauzatzea proposatzen dugu. Auzo-eskalak horretarako aukerak eta erraztasunak ematen dituela uste baitugu.

Gipuzkoako Bazkundeak egin bezala, auzoz auzo Merkataritza Enpresen Direktorio bat sortzea proposatzen dugu, bertanagertuko direla etxez etxeko zerbitzuaren bidez salmenta-jarduera eskaintzen duten auzoko establezimenduak.

Eskaerak etxetik egiteko ekimena:

Covid-19aren ondorioz ezarri den alarma egoera honetan erosketak egiteko kalean sortzen diren ilarak murrizteko, edo behintzat kalean igarotzen den denbora gutxitzeko asmoz, Hernaniko Udalak eta herriko komertzianteek eskaera etxetik egiteko ekimena abiatu dute. Donostiako auzoetan ere antzeko egitasmoak gauzatzea proposatzen dugu:

  • Erosketaren eskaera etxetik (telefonoz, whatsapp-ez edo posta elektronikoz) egiteko aukera emango duten establezimenduen zerrenda osatu.

  • Ekimen honetan parte hartuko duten saltokiek horretarako espreski sortutako kartela izango dute modu errazean identifikatu daitezen.

  • Kartel horietan bezeroek ikus ahal izango dute saltoki horretan eskaera egiteko modua eta kontaktua (telefono edota whatsapp zenbakia, helbide elektronikoa).

  • Gainera, saltokien izena eta kontaktua ekimenean parte hartuko duten elkarteetako nahiz Udaleko webgune eta sare sozialetan ere argitaratuko dira.

Modu honetan, bezeroak eskaera bere etxetik egingo luke eta establezimendura jasotzera eta ordaintzera soilik joango litzateke. Bezero horrek ilaran lehentasuna izango luke.

Alarma Egoera osteko agertokia

Beharrezkoa da Udal Gobernutik osasun larrialdia eta konfinamendu egoeraren osteko agertokia lantzen hastea. Horretarako, merkataritza txikia suspertu eta sektorea berreraikitzeko plan bat prestatzen joatea proposatzen dugu. Eta planaren eraginkortasuna bermatzeko, berau osatzeko prozesuan ezinbestekoa izango da sektoreko eragile eta protagonisten parte hartzea.

Zentzu honetan, batez ere, ezinbestekoa izango da Alarma Egoeraren osteko agertokiaren balorazioa egitean, sektoreko ordezkari zaurgarrienak kanpoan ez uztea; horretarako, merkataritza elkarte txikienarekin ez ezik, auzo bakoitzeko ordezkaritza batekin ere kontatu beharko da.

Aldi berean, konfinamendu egoerak irauten duen denboran nahiz ondorengo agertokian ezarriko diren neurriak eraginkorrak izan daitezen, beste instituzioekin koordinatu eta elkarlanean aritu beharko da. Zentzu honetan, Aldundiaren ekonomia sustapeneko gaietan tokiko merkataritza laguntzeko neurrien jarraipena egin beharko da.