Astearte honetan, otsailaren 20an, Udal Gobernuak erabaki garrantzitsua hartu du Bretxari buruz eta EH Bilduk adierazpen batzuk egin nahi ditu erabakiaren inguruan, Bretxako egoerari buruz eta Gobernuarekin azken hilabeteotan izan ditugun harremanei buruz.
Eneko Goia alkateak gaurko erabakia (emakida-kontratua eteteko espedientea hastea) hartzeko arrazoiak azaldu ditu. Eta honako arrazoi hauengatik justifikatzen da: obrak etengabe etetea arrazoi justifikaturik gabe, zerbitzua behar bezala ez kudeatzea, lokalak eta instalazioak kontserbazio-egoera onean ez mantentzea, kapitalizatutako kanona ordaindu gabe egotea…
Hala ere, EH Bildutik garrantzitsua deritzogu egoera honetara nola iritsi den argitzeko errepaso historiko labur bat egitea.
1.- 1995eko apirilean, Udal Gobernuak pribatizatu egin zuen Bretxaren kudeaketa, eta 2048ra arteko emakida-kontratua sinatu zuen (geroago 2049ra arte luzatu zen, pandemian jarduerarik izan ez zelako).
Gure ustez, akats larria izan zen hura, San Martin azokarekin egin zen bezala, merkatu tradizionalak merkataritza-gune handi bihurtzea ahalbidetu baitzuen, eta, gainera, kudeaketa interes pribatuen esku utziz.
2.- 2008an krisi ekonomiko berri bat hasi zen eta ondorioz arazoak sortu ziren emakidadunaren aldetik ordainketak egiteko. Urte batzuk geroago, 2011-15 legealdian, Bildu Udal Gobernuaren buru zela, arazo hau aukera bihurtu genuen.
3.- Eta zergatik? 2015ean, Bilduren gobernuak emakidunarekin kontratuaren aldaketa adosten zuen, Arrandegi eraikinaren kudeaketa publikoa berreskuratuz eta auzorako ekipamendu eta zerbitzuetara bideratuz. Eta horrela egin genuen auzokideekin eta hainbat gizarte-eragileen eskutik. Orduan, arlo publikoaren lidergoaren aldeko apustua egin genuen, eta orain egiten jarraitzen dugu, auzoaren beharrei erantzungo dien kudeaketa publikoa eginez.
Parte Zaharrean anbulatorio berria ireki eta eskola orduetan kirol kantxa Orixeri uztea iragarri den egun hauetan, gogoratu dezagun hori posible dela 2015ean Bilduren gobernuak eraikinaren kudeaketa publikoaren aldeko apustua egin zuelako.
4.- Ondoren, 2015-2019 legealdian, Udal Gobernuak emakidadunaren esku utzi zuen berriro eraikinaren zati handi baten kudeaketa, bai eta eraikinak osotasunean eta Bretxako plazak behar zituzten obrak egitea ere. Neurri batean, 1995ean egindakoa errepikatu zen. Eta pribatizazio berri honen ondorioak antzekoak edo okerragoak dira: gaur egungo egoera ikusi besterik ez dago.
5.- 2023ko ekainean abiatu genuen legealdi honen hasieratik bertatik, EH Bildutik kontratuaren egoerari buruzko informazioa eskatu dugu, eta ebidentzia bat berretsi dugu: kontratuan jasotakoaren ez-betetzeak betikotzen ari direla emakidadunaren aldetik. EH Bildutik beti izan dugu argi arazo baten aurrean irtenbide egokiak bilatu behar direla. Hala, egoera honen aurrean, beste behin ere, Bretxari konponbide onena elkarrekin bilatzeko prest ginela adierazi genion Udal Gobernu honi.
6.- Eta helburu horrekin, EH Bilduk hainbat bilera egin ditu iazko urte amaieratik gaur arte Udal Gobernuarekin. «Eta hemendik eskertu nahi dut izandako jarrera eta lankidetza», adierazi du Juan Karlos Izagirre EH Bildu udal taldeko bozermaileak. Elkarlan eta partekatze honen ondorioa da, halaber, Udal Gobernuak gaur hartu duen erabakia. EH Bildu gaur iragarri den erabaki honen parte izan da hasieratik.
7.- Eta hartutako erabakia positiboa iruditzen zaigu, EH Bilduk kontratua eteteko behin eta berriz egindako proposamenari erantzuten baitio. Kontratua eteteko espedientearen hasiera hau lehen urrats gisa balioesten dugu, dagoen arazoari irtenbiderik onena aurkitzeko norabide egokian doalakoan.
8.- Datozen aste eta hilabeteetan elkarlan honekin jarraitu beharko da eta EH Bildutik Udal Gobernuarekin harremanetan eta lanean jarraitzeko asmoa dugu orain arte egin dugun bezala.
EH Bildutik apustu garbia egin genuen 2011-15eko agintaldian: jarraitu beharreko bidea markatu genuen eta eutsi egiten diogu, ziur baikaude Bretxarentzat irtenbiderik onena kudeaketa publikora itzultzea dela. Era berean, defendatzen dugu bi eraikin hauen helburu nagusia hiritarren, oro har, eta bereziki auzoaren eta bizilagunen beharrak asetzea dela.
Aukera paregabea da Parte Zaharrarentzat eta, oro har, Donostiarentzat, eta bide horretan eragiten jarraitzeko gure konpromisoa erakutsi nahi dugu, lidergo publikoa defendatuz.