AKTUALITATEA


| 2024-10-03 11:05:00

Bost hilabete igaro dira EH Bilduk Bretxari merkatu tradizionalaren izaera itzultzeko egin duen apustua gauzatu zenetik, hainbat urtetako kudeaketa txarraren ostean eta frogatuta gelditu denez, porrot egin duen ereduaren ondoren. Gure aldetik, sine qua non izan den baldintza batekin aritu gara lanean hastapenetatik: bi eraikinak, Arrandegia eta Arkoak, kudeaketa publikora itzultzea, bertan martxan jarriko diren zerbitzuak eta azpiegiturak, oro har, hiriaren eta, bereziki, Parte Zaharreko auzoaren benetako beharrei erantzun ziezaien. Zorra historikoa da eta EH Bildun zorra kitatzeko prest gaude.

Harrezkero, gure ekarpenak egiten jarraitu dugu, modu diskretuan eta asmo zintzoarekin, jarrera eraikitzailean. Nolanahi ere, beti defendatu dugu, eta horrela mantenduko gara, lehentasun gisa auzorako ekipamenduak eta zerbitzuak ezartzeko beharra espazio berri horiek banatzeko garaian.

Denbora bat pasa da, halaber, EH Bilduk herritarren artean kontsulta bat sustatu eta antolatu zuela, eta lortutako emaitzek argi eta garbi adierazi zuten bi direla lehentasun nagusiak: eguneko zentroa eta gimnasio publikoa irekitzea. Halaber, babes sendoa lortu zuten agenteen eta elkarteen bileretarako leku bat eta hainbat material biltegiratzeko beste bat prestatzea. Eskaera horiekin Udal Gobernuarekin negoziatzen saiatu gara, auzotarren agindua betetzeko.

Juan Karlos Izagirre alderdi subiranistaren bozeramaileak gaur goizean egindako agerraldian adierazi duenez, «gure ustez, auzokideek adierazitako lehentasun nagusiek auzoan erantzun positiboa izan dezakete eta izan behar dute modu batera edo bestera, elkarteentzat espazioekin, eguneko zentroarekin eta Kirol Txartela bidez gimnasia egin ahal izatearekin. EH Bilduk eutsi egin dio orduan esandakoari: udal gobernuarekin elkarlanean jarraituko dugula betiere herritarren bizi-kalitatea hobetzeko borondatea lehenesten bada eta interes orokorra nagusitzen denean. Baldintza hauek ematen badira EH Bilduren eskua luzatuta egongo da».

Zentzu horretan, EH Bilduren lan diskretua fruituak ematen ari dela adierazi du Izagirrek. Hainbat adibide daude: GI-20 errepidearen eraldaketa, orain Plan Orokorraren aurrerapenean txertatua izan dena, etxebizitzaren arazo larriari aurre egiteko neurri zehatzen proposamena edo Bretxako kudeaketa publikoa. Su txikian egindakoa eta lankidetzan oinarritzen dena baldin eta interes orokorra gailentzen bada gainerako guztiaren gainetik.

Ostalaritza jarduera berrien arriskua

Gobernu taldearekin izandako elkarrizketek aurrera doaz eta baieztatu dezakegu, momentuz, mahai gainean jarri ditugun eskaera batzuk posibleak izango direla, edo, behintzat, neurri batean izango direla. Nolanahi ere, ez gara inozoak, eta oraindik definitzeke dauden espazioekin ikusten dugun arriskuaz ohartarazi behar dugu. «Badakigu Arrandegi eraikinean ostalaritza-jarduerak ezartzeko ahalegina egin zela, eta hori onartezina da auzoan. Izan ere auzo hori eremu saturatu izendatuta dago, ostalaritzak kontrolik gabeko hazkundea izan du azken urteotan bereziki eta auzoak gaur egun duen konfigurazio desorekatuan erantzukizun handia du».

Horregatik, beheko solairuan, merkatu tradizionalean, ez dugu onartuko ostalaritzarekin lotutako jarduketa berririk planteatzea ez Bretxako eraikinetan ez Parte Zaharrean oro har merkatuaren beharrei zerbitzua ematen dien eta merkatuaren ordutegia betetzen duen establezimendu txikiren batetik harago. Gogoratu dezagun solairu honen distribuzioan Baika hainkat espaziorekin gelditu zela eta hauen erabilera ez dagoela definituta.

Bai EH Bilduk, EAJk eta PSEk hasieran lortutako hiruko akordioan, bai alkatearen adierazpenetan, kudeaketa publikotik auzoan dauden beharrei erantzutea aipatzen da, eta jarduketek donostiarrei zerbitzu hobea emango dietela. Baieztapen horiek bateraezinak dira ostalaritza-jarduera batekin, merkatuari oinarrizko zerbitzu bat emateaz harago.

Lehenengo solairuari dagokionez, gogoratu behar da oraindik definitzeke dagoela solairu honen erdiaren erabilera (beste erdia Osakidetzak erabiltzen du),  Donostiako Sustapenak kudeatuko duena, hain zuzen. Udal Gobernuari edo sozietate publikoari berari eskatzen diogu argitu dezala espazio horretarako zein proiektu edo egitasmo aurreikusten dituen izan ere aurreko planteamenduetan formakuntza gastronomikoa eta antzekoak aipatu izan dira. Justuki, egungo Plan Estrategikoaren zirriborroan ‘Culinary Point’ kontzeptua jasotzen da. Espero dugu joera hau zuzentzea, adostutakoa bete eta ez dadila aitzakia bezala erabili ostalaritza jarduerarik zabaltzeko.

Interes orokorraren defentsan gune horiek Parte Zaharreko eta Donostiako saltoki txikien egoera hobetzeko baliagarri izatearen alde egiten dugu, aukera emanez administraziotik sortzen edo bultzatzen diren ekimen berriei.

Laburbilduz, positiboki baloratzen dugu kudeaketa publikoaren eredu berria, EH Bilduk bultzatutakoa, eta badirudi herritarren eskaera batzuei norabide egokia hartuz erantzungo zaiela. Baina adi egongo gara operazio honetan ostalaritza-jarduera berririk instalatzeko balizko saiakerei. Ez Arrandegi eraikineko lehen solairuan, ez beheko solairuan, finkatzaileen artean aipatutako salbuespena ezik. Auzoarekin batera eta modu eraikitzailean lan egiten jarraitzeko prest gaudela adierazi nahi dugu. Hori izango da arrakastaren gakoa.