AKTUALITATEA


| 2019-07-18 13:29:00

Bizikletentzako aparkaleku faltaren arazoari dagokionez, esan dezakegu urtero errepikatzen ari den arazo baten aurrean gaudela. Bizikleta erabilera Donostian gora doan bitartean, batez ere uda partean, udalak azken hiru urtetan udako behin-behineko aparkaleku kopuru bera aurreikusi du (180 plaza). Aurten, gainera, udarako aurreikusitako 180tik soilik 135 jarri ditu, gaur gaurkoz.

Hau da, alde batetik, teorian, herritarroi bizikleta gehiago erabiltzea eskatzen zaigu eta, bestetik, gure hirian bizikleta aparkatzea gero eta zailagoa da.

Klima-aldaketaren kontrako helburuekin bat egingo duen mugikortasun eredua sustatu beharrean, eta herritarren artean bizikleta erabiltzeko pedagogian eta bitartekoetan gehiago inbertitu beharrean, udal gobernuak neurri hertsatzaileen bidea hartu du berriz ere. Izan ere, pasa den urteko udaran 234 isun jarri zituen udalak, 10.000€ eta 20.000€ arteko diru sarrera berriak lortuz.

Gure iritziz, gure hirian badaude leku aproposak doako bizikleta aparkalekuak ezartzeko, baita zentroan eta itsasertzean ere: lur azpiko aparkaleku publikoak. Jakin badakigu honek parkingen emakidadunei konpentsazio ekonomikoak eman beharra suposatzen duela, baina guk uste dugu bizikletaren aldeko sustapena ezin dela inongo kosturik gabe egin, Pilar Arana zinegotziak egin nahi duen moduan. Hau da, bizikletaren aldeko politika publikoak iragartzen direnean tamainako inbertsioa egin behar da.

Beste aldetik, Kontxan isunak jartzen ari zen bitartean, egun berdinean, Usandizaga kalean bizikleta aparkaleku finko berriak jarri zituen Udalak. Guretzat, aparkaleku finko berriak ezartzea da bidea. 2015-2019 legealdian 900 bat aparkaleku berri finko ezarri ziren, 2011-2015 legealdian bezain beste.

Halere, ez gaude ados bizikleta aparkaleku berriak Bertakoentzako autoen aparkalekuetan jartzearekin. Gure iritziz, eta mugikortasun eredu jasangarri baten mesedetan, errotaziozko TAO plazetan ezarri beharko lirateke; eta kale horretan errotaziozko TAOko lekurik ez badago, Bertakoentzako plaza berriak ezarri beharko lirateke ahalik eta gertuen. Izan ere, bizikletentzako aparkaleku berriak Bertakoentzako autoen aparkalekuetan ezarri izanak logika berdinari erantzuten dio: TAOren emakidadunari konpentsazio ekonomikorik eman behar ez izatea.

Gero eta jende gehiago ikusi dezakegu bizikletaz Donostian gora eta behera, gero eta familia gehiago bidegorrietan. Bizikletaren sustapena, bere erabiltzaileen interes eta segurtasuna bermatu nahi badira eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin, inbertitu egin behar da.