AKTUALITATEA


| 2021-10-21 10:49:00

Maiatzean, Udalbatzak EH Bilduren mozio bat aho batez onartu zuen eskatzeko Udal Gobernuari abiatu dezala azterketa bat, aurten bertan, Bidebietan kultur etxe bat sortzeko aukerak zehazteko eta beharko diren baliabideen aurreikuspenak egiteko.

Astelehenean, batzordean galdetu genion zinegotzi ordezkariari azterketa amaitu al duten. Zinegotziak erantzun zuen Donostia Kultura erakundeko Kultur Ekintzako zuzendaria ari dela txostena prestatzen, eta urtea amaitu baino lehen izango duela prest. Gainera, adierazi zuen auzoko zenbait elkarterekin elkarrizketak egiteko asmoa duela, baina ez zuen zehaztu zeintzuekin.

EH Bilduri, ordea, nahitaezkoa iruditzen zaio, elkarrizketa solte batzuetatik harago, parte hartzeko prozesu oso bat egitea bidebietarrekin batera, kultur azpiegitura horren kokapena eta eskainiko duen zerbitzuaren nolakoa auzotarrekin batera aztertzeko, eta, oro har, kultur arloan auzotarrek dituzten kezken eta beharren inguruan galdetzeko.

Areago, ikusirik 2022ko aurrekontuak prestatzeko urratsak abiatzear direla, EH Bilduren ustez, Udalak lehenbailehen antolatu beharko zuen gogoeta hori, 2022ko aurrekontuan jada jaso ahal izateko diru sail bat bidebietarren eskari historikoari erantzuteko bidean. Zinegotziak, ordea, adierazi zuen Udal Gobernuak ez duela diru sailik aurreikusi horretarako 2022ko aurrekontuaren zirriborroan.

Horiek horrela, hil honetako Udalbatzara berriz eramango dugu gaia eskatzeko Udal Gobernuari antola dezala parte hartzeko prozesu oso bat bidebietarrekin, eta aurreikus dezala diru sail bat 2022ko aurrekontuaren egitasmoan, urrats esanguratsuak egin ahal izateko, 2022an bertan, bidebietarren eskari historikoari erantzuteko bidean.