AKTUALITATEA


| 2020-04-03 16:25:00

Krisi garaietatik onena ateratzen dela esan ohi da, eta krisia ondo kudeatzen asmatzen duena indartuta ateratzen dela. Izan ere, egunotan ikusten ari gara elkartasuna eta lan komunitarioa –auzolana– derrigorrezko berrogeialdi honen protagonista bihurtzen ari direla. Donostiar askok erabaki dute elkartzea eta zaintza sareak sortzea euren auzoetan, behar gehien dutenei laguntzeko (bakarrik bizi diren adinekoak, behar ekonomiko desberdinak dituzten familiak eta abar). Merkatari eta ostalari txikiak ere eredugarri izan dira, eta eguneroko menuak prestatzea erabaki dute, orain arte elikagai bankuaren laguntza jasotzen zuten familia eta pertsonen artean banatzeko –Pandora eta Gandarias jatetxeak, adibidez-. Gainera, oraingoz 123 donostiarrek erabaki dute diru kopuru bat jartzea «etxean geratu» leloa jarraitu ezin duten pertsona horiei guztiei laguntzeko, hau da, etxerik ez dutenei, eta 7.000 euro baino gehiago bildu dira egun batzuetan, Donostiako Harrera Sare Herritarra kudeatuko dituenak.

Esan ohi da, halaber, krisi egoeretan jabetzen garela benetan zer axola duen eta zer ez. Eta krisi berrien prebentzioari begira hobetu beharreko esparruak detektatzeko ere balio dute. Martxoaren 15ean alarma egoera ezarri zenetik gure hirian gertatutakoa ikusita, eta hiriko kolektibo, erakunde eta bizilagun askoren eskaerak lehen pertsonan entzun ondoren, uste dut hiru lehentasun urgenteren edota etorkizuneko erronken aurrean kokatzen garela.

Lehenik eta behin, merkataritza txikiaren papera gure auzoetan. Udalak makro-merkataritza-guneak bultzatu ditu urteetan zehar (Garbera zabaltzea, Belartza proposatzea …), baina egunotako beharrek erakutsi digute gertukoaren balioa, etxe ondoko dendarena, garraiorik behar ez duena, arreta pertsonalizatua duena, Whatsapp enkarguak ere eskaintzen dizkiguna, eta erosketaren bila jaisten garenean dena prest duena ahalik eta seguruen egon gaitezen.

Eta, era berean, berrogeialdiak etorkizunerako bidaia oparitu digu: zer gertatuko da gure kaleetan azken urteotako denda txikiak ixteko joerak bere horretan jarraitzen badu? Gogoratu behar da hiriko denden %10 itxi dituztela azken 4 urteetan, eta bereziki kezkagarria da Grosen kasua, itxiera horien %40 biltzen baititu. Etorkizunerako bidaia horretan ikusten ditugu bizitzarik gabeko kaleak, produktuak lortu ahal izateko garraiobide baten erabateko menpekotasuna, dendetan lan egiten zutenak langabezian… Eta hori ikusita, erakundeetatik premiazko konpromisoa hartu behar dugu merkataritza txikiaren aldeko benetako apustu eraginkorra egiteko, eta merkataritza gune handien moratoria betearazteko.

Bigarrenik, aspalditik mugimendu feministarekin batera iragartzen genuen beste krisi bat jarri du mahai gainean osasun krisi honek: mendekotasuna duten pertsonen zaintzaren krisia. Eta datu positibo gisa esango dut COVID-19k, gutxienez, gure adinekoak egunero artatzen dituzten etxez etxeko 400 laguntzaileri merezi duten aitorpena ematen lagundu duela. Orain, aitorpen sozial hori aitorpen ekonomiko eta laboral bihurtzea falta da, langile horiek gaur egun bizi duten prekarietate-egoeratik atera daitezen, bai etxebizitzetan lan egiten dutenak (Donostiako etxeetan lan egiten duten emakume migratzaile guztiak ahaztu gabe), bai adinekoen egoitzetan lan egiten dutenak ia urtebete daramate greban, erakundeen erantzunaren zain).

Eta hirugarrenik, etxebizitza duin bat izateak duen garrantziaz konturatu gara egunotan. Teorian hori jada bagenekiela esan daiteke, Etxebizitzaren Euskal Legeak etxebizitza eskubide subjektibo gisa aitortzen duelako. Baina, praktikan, plan estrategiko, zirriborro, txosten eta proiektuen artean pertsonak galdu dira bidean. Eta martxoaren 15tik «geratu etxean» leloak gogorarazten digu hirian 200 pertsona baino gehiagok ez dutela non geratu. Hirugarren sektoreko erakundeen presioak lortu du Donostiako Udalak 180 bat pertsona hartzeko lekuak egokitzea, baina oraindik egunero 70 inguru lo egiteko leku baten zain geratzen dira aterpe horien atarian. Eta nire galdera da: zer gertatuko da jende honekin guztiarekin alarma egoera amaitzen denean? Aterpe horietako ateak itxi eta kale gorrian utziko ditugu? Pentsatu nahi dut horrek guztiak balioko digula konturatzeko gizarte osasuntsu eta kohesionatu bat izateko modu bakarra ongizate-sistema indartsu bat eraikitzea dela, inor atzean utziko ez duena.

Donostiako Herritarren Harrera Sareak egunotan argitaratutako komunikatuaren hitz batzuk hartuko ditut: «Ez da onargarria egiten ari diren ekintza positiboen atzean ezkutatzea, gero benetan larriak diren egoeren aurrean gizatasun faltaz jokatzen badugu, ekintza positibo horiek guztiak antzu bihurtzen direlako».
Espero dezagun derrigorrezko geldialdi honek, elkartasunerako eta hausnarketarako aukera honek, nahi dugun hiriari forma ematen eta indartuta ateratzen lagunduko digula.