AKTUALITATEA


| 2019-07-10 12:29:00

Azken urteotan Belartzarako aurreikusi diren egitasmoen eta egindako obren inguruan polemika handiak egon dira. Bertan egin nahi duten merkataritza gune handi berriaren aurrean oso kritikoak agertu dira hiriko dendariak, añorgatarrak eta mugimendu ekologista, besteak beste.

Orain, Belartza II eremuan udal gobernuak emandako baimen bat legez kontrakoa dela adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Zehazki, Belartza II eremuan hainbat tona harri botatzeko Eneko Goiaren udal gobernuak emandako baimena legez kanpokoa izan zela adierazi du auzitegiak.

Izan ere, hasiera-hasieratik, auzokoek eta ekologistek udalak emandako baimena salatu zuten, baita EH Bilduk ere. Hala eta guztiz ere, egindako salaketak ukatu eta baztertu egin zituen udalak.

Baina, azkenean, aurreikusitakoa bete da eta EAEANk udalak emandako baimena legez kanpokoa dela adierazi du, Haritzalde elkarteak egindako helegiteari arrazoia emanez.

Are gehiago, sententziaren arabera, harriak bota baino lehen zegoen egoera berrezartzeko eskatu dio Donostiako udalari. Hau da, bertan zeuden zuhaitzak, landareak eta abar berrezarri beharko ditu udalak.

Hauek horrela, EH Bilduren udal taldeak Nekane Arzallus arloko zinegotziaren agerraldia eskatu du asteleheneko Hirigintza Batzaordean, azalpenak eman ditzan eta ardura politikoak argitu daitezen.