AKTUALITATEA


| 2022-01-29 12:17:00

GI-20 bariantea 70eko hamarkadan eraiki zen, hiria kanpoaldetik inguratuz. Une hartan, arazo guztien irtenbidea zela zirudien, ordura arte hirigunetik pasatzen ziren kamioien zirkulazioa hartuz eta autoz beteta zeuden kale asko lasaituz.

Bigarren gerrikoa eraiki zenetik, zirkulazioa erdira murriztu da, bere funtzio nagusia aldatu egin da eta, hala ere, barianteak espazio bera okupatzen jarraitzen du.

Horrela, eraiki eta ia 50 urtera, GI-20 bariantea eraldaketa berri baten atarian dago. Sozialki aurreratuen dauden hiri guztietan horrelako eraldatze prozesuetan murgilduta daude dagoeneko; Donostia ezin da atzean gelditu.

Izan ere, Donostia beti izan da hiri modernoa, beti egon da Europatik zetozen eraldaketen abangoardian. Baina, azkenaldian, gure hirian ezarri den garapen-ereduak Europako hiri aurreratuenetatik urrundu gaitu, pausuz pausu. Bariantearen eraldaketak aukera ezin hobea ematen digu Donostia modernitatearen trenera berriro igotzeko eta bere biztanleen bizi-baldintzen hobekuntza ardatz izango duen garapen eredu berri bat, denon artean, eraikitzeko.

Bariantea hiribide bihurtuko balitz, orain okupatzen duen espazioaren bi herenak libre geratuko lirateke. Gaur egungo hiru erreietatik bira pasatuz eta erdibitzailea kenduz, 60 bat hektarea libre geratuko lirateke beste erabilera batzuetarako.

GI-20 Bariantearen eraldaketa denbora kontua da, eta EH Bilduren asmoa da prozesu honetan libre geratuko liratekeen espazioen erabilera berriei buruzko eztabaida irekitzea, betiere epe ertain-luzerako hiri eredu berri baten eraikuntzaren barruan.

Beraz, kontua ez da soilik errepide zahar bat eraldatzea eta egungo beharretara egokitzea, baizik eta Donostian sortuko dugun hiri-espazio berri bat bizitzaz eta etorkizunaz betetzea, eta guztion artean birpentsatzea eta erabakitzea.


 

Prozesu parte hartzailea

Gaur egun, bariante honek ez du Donostia inguratzen: lubaki batek bezala banatzen du. “Lubaki” horrek ordura arte fisikoki eta sozialki oso lotuta zeuden hiriko zenbait eremu banandu eta lehendik bizitzaz betetako espazioak okupatu zituen. “Hiriko zauri” horiek sendatzeko eta XXI. mendean donostiarrok ditugun beharrekin bat datozen erabilera berriak emateko unea da.

Helburu horrekin, EH Bilduk prozesu parte-hartzaile bat jarriko du martxan 2022an, barianteak zeharkatzen dituen eremuetako bizilagunen nahiak eta beharrak ezagutzeko xedearekin.

Esan gabe doa EH Bilduren asmoa ez dela bariantea eraldatzeko "proiektu itxi" bat aurkeztea, baina ezta "orrialde huts" bat ere. Sozialki aurreratuen dauden hirien esperientzia arrakastatsuetatik eta egitasmoaren izaera eraldatzailetik abiatzen gara:

  • “15 Minutuko Hiria” lortzeko pausuak ematea eta logela-auzoekin bukatzea

  • Donostiaren eredu zentralista gainditzea

  • Mugikortasun jasangarriaren eta CO2 emisioen murrizketaren aldeko apustua

  • Etxebizitza eskubidea bermatzea, donostiarron arazo nagusia den heinean.

  • Berdeguneak artifizializatzeari uztea

Era berean, hiriko eragile sozialen parte-hartzea sine qua non baldintza da bariantearen eraldaketaren arrakastarako: mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egiten duten taldeak, etxebizitza eskubidearen aldeko elkarteak, mugimendu feminista, antolakunde ekologistak, hezkuntza komunitatea, merkatariak, kultura arloko taldeak, kirol taldeak... Azken batean, donostiar guztiei irekita dagoen parte hartze prozesu bat da.

Donostiarrak izango dira iritzia emango dutenak, pentsatuko, proposatuko eta eztabaidatuko dutenak, baina, batez ere, erabakiko dutenak.

Partaidetza prozesu honen bidez, EH Bilduk bere erantzukizuna hartu nahi du bere gain, eta konpromisoa hartzen dugu 2023aren hasieran proposamen integrala aurkezteko, Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Herria gobernatu nahi dituen indar politiko eraldatzaile baten neurrian egongo dena.