EH Bilduk hiriari beste begi batzuekin begiratzearen aldeko apustua egiten du. Eta, zentzu honetan, mahai gainean jartzen dugun Donostia hiru ardatzetan oinarritzen den Donostia da: kostaldearen ardatza, Urumearen ardatza, eta bariantearen ardatza. Izan ere, errepide zaharra etorbide atsegin batean eraldatzeak irekitzen dituen etorkizunera begira aukerak.
Ildo horretan, gogoratu behar da mende erdia igaro dela GI-20 errepidea eraiki zenetik, eta, normala denez, denbora horretan aldatu egin dira bai erabilera, bai herritarren beharrak. Beraz, errepide honek gure egunerokoan betetzen duen rolak ere horixe bera egin du, alegia, aldatu.
Eraiki zenean, azpiegitura horrek hiriko mugikortasun-arazo askori irtenbidea eman zien, ordura arte herrigunetik igarotzen ziren ibilgailu astunen trafikoa arinduz eta kaleetatik ibilgailuak murriztuz.
Hala ere, bigarren ingurabidea (AP-1) eraiki zenetik, trafikoa erdira murriztu eta hiria inguratzeko funtzio nagusia aldatu den arren, errepideak tamaina eta espazio bera izaten jarraitzen du.
Alde horretatik, eta barianteak «lubaki efektua» egiten duenez, EH Bilduk urratsak eman nahi ditu hiri-ardatz hori etorbide atsegin bihurtzeko, eta, horretarako, lurzoru publikoko 60 Ha berreskuratu nahi ditu Añorgatik Altzaraino.
Xehetasunen berri emateko, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako alkategaiak eta Garbiñe Alkiza mugikortasun zinegotziak "GI-20 ardatzaren eraldaketa" txostena aurkeztu dute gaur goizean.
Honakoa prozesu luze baten emaitza da, iazko urtarrilean abiatu zena inguruko auzo bakoitzean bilerak eginez. Aurrez aurreko elkarrizketez gain, hitzaldiak antolatu dira eta erakusketa ibiltari batek edukia azaldu du. Emaitza oso aberasgarria izan da eta ehunka ekarpen jaso dira.
Bestalde, hiri mailan lan egiten duten hamabost eragilerekin bildu gara, besteak beste, Dbus, Eguzki, Haritzalde, Emakumeen Hiria Foroa, Real Moto Club de Gipuzkoa, Kalapie, Taxi Donostia eta Taxi Vallinako sindikatuekin. Era berean, hezkuntza-komunitateekin, kirol-klubekin eta emakumeen eta gazteen kolektiboekin bildu gara, horien ahoetatik erantzun oso positiboak jasoz.
Hiri-espazio berri bat: nola eta norentzat?
EH Bilduren proposamena ez da soilik errepide zahar bat eraldatzea, hiri eremu berri bat bizitzaz betetzea baizik. Galdera da nola, norentzat eta noiz egingo den hori guztia.
Zehazki, saihesbidearen eraldaketak etorkizun berria irekiko du Intxaurrondo, Añorga, Egia, Loiolako Erriberak, Loiola, Altza, Aiete eta Amara Berrirentzat, baina baita hiri osoarentzat ere. Guztira, 60 hektarea libratuko dira, lurzoru publikoaren parte direnak.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaiak adierazi duenez, "ardatz hori birmoldatuta, hiru erronka tratatuko ditugu aldi berean: etxebizitza, klima-aldaketa eta mugikortasuna". Azpimarratu duenez, "proiektu honek, ekialdetik
mendebalderako mugikortasuna arintzeaz gain, ‘lubaki efektua’ gainditzea eta auzo bereko bi ertzak hurbiltzea ahalbidetuko du, Intxaurrondon adibidez". Ildo horretan, Carlos I.aren hiribidean egindako esku-hartzea gogorarazi du.
Gainera, EH Bilduk urtebete baino gehiagoan egin duen prozesu parte-hartzaileari balioa eman dio, eta ardatz horren eraldaketak "ekonomian eta gizartean izango duen eragina" azpimarratu du. Berreskuratuko den espazioari dagokionez, «Loiolako kuartelek okupatzen duten lursaila halako hiru da».
Herritarren arazoei erantzutea
Proiektua poliedrikoa da eta, besteak beste, 2.500 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetuko du. Azpimarratu behar da berreskuratutako lurzoru guztia publikoa denez, gure proposamena gai dela hiriak aurre egin behar dion arazo larrienetako bati erantzuteko, hots, etxebizitzari. Lurzorua publikoa denez, babestutako etxebizitzen kopurua ehuneko handienetara igo daiteke, hau da, gutxienez % 70era. Beraz, ez da lurzoru berririk okupatu beharko eraikitzeko, eta, aldi berean, beste etxebizitza-eredu batzuk probatzeko aukera zabalduko da.
Libre utzitako espazio osotik, 23 hektarea berdeguneetara bideratuko dira, natura hirian integratzearen garrantziaz jabetuta. Horrek hiria inguratzen duen gerriko berdea sendotzeko bidea irekitzen du.
Europako hiri aurreratuenek hartu duten norabidearen ildotik, mugikortasun iraunkorraren aldeko EH Bilduren apustua argia da: 11 kilometro bidegorri berri, auzo periferikoen arteko lotura zuzenei arreta berezia eskainiz. Adibidez, Antigua eta Intxaurrondo bidegorri azkar batekin lotuko ditugu, erdigunetik igaro beharrik gabe. Era berean, oinezkoentzako beste 15 kilometro bide sortuko dira.
Eztabaida-prozesuan gehien errepikatu den ekarpenetako bat disuasio-aparkalekuak sortzeko beharra izan da. Bariantea eraldatzeko prozesuan, gutxienez hiru eraiki nahi dira, betiere garraio publikoarekin lotuta (Dbus, Lurraldebus, Ekialdebus). Zehazki, Añorgan, Intxaurrondon eta Altzan izango dira. Autobusek paper garrantzitsua izango dute etorbide berriaren konfigurazioan: proiektuak trafikoa baretzea dakar eta, horrela, orain arte gelditu ezin izan diren
lekuetan gelditu ahal izango dira. Horretarako, hamar geltoki berri sortu nahi dira ardatz osoan. Halaber, linea azkar bat ezar liteke ekialde-mendebaldeko hiria zeharkatzeko, Herrera eta Añorga arteko inguruko udalerrietatik datozen autobusentzako geltoki estrategikoekin. Gainera, bizikletentzako sei aparkaleku aurreikusten dira, denak estaliak eta seguruak, egungo gabeziari erantzuteko.
Zenbaki horien guztien atzean beste inpaktu positibo batzuk daude. Bat, Txingurri bezalako industria-gune berrietan sortuko diren lanpostuak; bi, emisioak eta zaratak murriztea eta eguzki-plakak instalatzeko aukera. Ildo horretan, proiektu komunitario eta publiko-pribatuak bultza daitezke lurzoru publikoan energia biltegiratzeko instalazio berrietarako, energiaren banaketa demokratikoa aplikatuz.
Parte-hartze prozesuak agerian utzi du auzoetako bizilagunek espazio hori berreskuratzeari ematen dioten garrantzia. Auzoek beren gabeziak asetzen dituzten oinarrizko zerbitzuak bermatu nahi eta behar dituzte: anbulatorioak, kultura eta aisialdi-azpiegiturak, sozializaziorako espazioak...
Azken batean, espazio gehiago okupatu gabe eta daukaguna baliatuz, hiriak barrurantz garatzeko aukera paregabea du, auzo bizigarriagoak sortuz.