AKTUALITATEA


| 2020-05-27 11:45:00

Lehenik eta behin, besarkada bat bidali nahi diegu Covid-19aren pandemian senide bat edo gertuko norbait galdu duten pertsona guztiei eta gaixotu diren guztiei. Udalaren datuen arabera, 49 pertsona hil dira Donostian COVID-19a dela eta. Bestetik, 800 positibo zenbatu dituzte orain arte, eta seroprebalentzia azterketako datuak estrapolatzen badira, 5.000 pertsona inguru kutsatu dira gure hirian.

Krisiaren kudeatzeari dagokionez, EH Bilduk azpimarratu nahi du Eneko Goia saiatu dela - eta saiatzen jarraitzen duela - krisia istripu iragankor bat balitz bezala kudeatzen. Izan ere, Donostiako Udal Gobernuak, gure inguruko beste hiri eta udalerri batzuekin alderatuta, denbora gehiegi behar izan zuen erreakzionatzeko (adibidez, Gasteizen baino 12 egun beranduago kendu zen TAO hemen). Eta atzerapenaren arrazoia da, neurri handi batean, Eneko Goiaren Gobernuak ez zuela pandemiaren irismenari buruzko diagnostiko egokirik egin. Eta horrelako krisi baten aurrean alkate batek eta udal-gobernu batek jokatu behar zuten paperaren inguruko kalkulu-akats horrek traba egin dio Gobernuaren jarduerari hasiera hasieratik. Eta diagnostiko oker hori islatzen ari da deseskalatze-prozesuan eta datozen hilabeteetarako hartzen ari diren erabakietan.

Pandemiaren dimentsioa ondo ulertu zutenak modu altruistan auzoetan eratutako zaintza-sareetan partu hartu duten 700 pertsonak izan dira. Alarma Egoera iragarri zen egun beretik hasi ziren taldeak eratzen, eta astebetean auzo guztietatik zabaldu ziren, hiritar zaurgarrienei laguntzeko prest. Nabarmendu behar da, halaber, hiriko hainbat gizarte-eragilek jarrera proaktiboa izan dutela konfinamendu osoan zehar, ekarpen eraikitzaileak eginez, adibidez, etxerik gabeko pertsonei laguntzeko edo mugikortasun seguru eta jasangarriaren norabidean.

Donostian, krisi sakonagoa

Osasun publikoan izan duen eraginaz gain, krisiak gogor jo du Donostiako egitura ekonomikoan.

Pandemiaren aurretik, Donostiako auzoen arteko errenta-desberdintasunak agerikoak ziren eta badirudi horrek bere ondorioak izan dituela orain: Altzan, kutsadura-tasak erdialdeko auzoetakoa bikoiztu eta hirukoiztu egiten du. Aztertu beharko litzateke ze lotura duen fenomeno honek bertan bizi diren zaintza sektorearen langileekin, euren lan-baldintzekin, etxebizitzaren prezioarekin eta abar. Dena dela, aste hauetan ikusi ahal izan dugu non zegoen orain arte indarrean egon den hiri-ereduaren sektorerik ahulena: zaintza sektorea.

Eta beste ondorio nabarmen bat da Donostian krisia gainerako euskal hirietan baino sakonagoa izango dela, neurri handi batean, nazioarteko turismoarekiko dugun mendekotasunagatik. Langile asko birkokatu egin beharko dira, edo sektorean lana banatzeko planak ezarri. Edozein kasutan, turismoan oinarritutako hiri eredu bat zein ahula den frogatuta geratu da. Baina Eneko Goiaren Gobernua ez da oraindik jabetu edo ez du jabetu nahi. Halere, etorkizunari begira, beste sektore ekonomiko sendoagoak indartzea saihestezina izango da.

Udal Gobernuak pandemiaren irismena eta ondorio sozio-ekonomikoak neurtzeko egin duen akats hori auzoetako denda txikientzako laguntzetan ere islatu da. Establezimendu bakoitzeko 680 euroko laguntzak oso urriak dira Errenterian edo Azpeitian adostutako 1.000 euro baino gehiagorekin alderatuz gero, herrialdearen bi adibide jartzeagatik. Eta Zorroaga Fundazioaren jabetzako lokalen kasuan, merkatariei alokairuak ez barkatzeko EAJk hartutako erabakiak agerian uzten du sektore horrekiko duen konpromiso maila.

Eta Donostiako udal Gobernua oso atzean geratu da mugikortasun jasangarriarekin eta bizikletaren sustapenarekin zerikusia duen erabaki guztietan. Izan ere, orain arte 800m kale baino ez dira “zona 10” bihurtu (oinezkoak + bizikleta + autoak), eta Askatasunaren Hiribideko errei bat birmoldatu dute autoek eta bizikletek partekatzeko. Hiriko erdigunera ibilgailu pribatuak iristearen aldeko apustua da oraindik ere udal gobernuaren lehentasuna.

Bestalde, arrakala digitalaren aurka ezer ez egitea justifikatzeko, Hezkuntzari buruzko eskumen falta teorikoaren atzean ezkutatu da Eneko Goia. Baina errealitatea da kultur etxeetako ekipoak, adibidez, erabiltzen ez ziren bitartean ikasle donostiar askok ezin izan dutela on line ikasi ordenagailurik edo wifirik ez zutelako. Era berean, Berra adinekoen egoitzako gertakari larriei dagokienez, Goiak bitartekari lanak ez egiteko eskumen falta ere erabili zuen argudio bezala. Halaber, etxez etxeko zerbitzuko langileek segurtasun-neurriak eskatu zituztenean, "hori enpresa esleipendunaren eskumenekoa zela" erantzun zuen hitz hitz Eneko Goiak. Eta jarrera hori mantendu zuen apirilaren 6 arte, Eudelek Udalaren ardura zela adierazi arte.

Gobernantza-eredua

Krisiaren irismena ondo ulertu ez izanaren beste ondorioetako bat da Eneko Goiak hiriko eragile sozialak eta oposizioko udal taldeak erabat baztertu dituela. Gure ustez, horrelako egoerei aurre egiteko modurik onena lidergo partekatzea da. Baina Donostian boterearen zentralizazioa izan da nagusi: Goiak ez du akordiorik bilatu eta ez du batasun irudia eman nahi izan. Terrazei buruzko araudia aldatzea auzo elkarteen iritziak mespretxatuz eta Aste Nagusia aldebakarrez bertan behera uztea adibide onak dira krisi garaian nola ez den gobernatu behar erakusteko.

Gobernantza-eredu autoritarioak zabaltzen ari dira leku guztietan, eta Donostia ez da salbuespen bat izan. Eta ezin dugu ahaztu Goiak, pandemiaren aurretik, Osoko Bilkuraren Araudia aldatu zuela oposizioko taldeen jarduna oztopatzeko. Pandemian zehar erakutsitako jarrera honen jarraipena da.

EH Bildu, proaktiboa

EH Bildu, une oro, proaktibo izaten saiatu da. Guztira, 50 proposamen zehatz baino gehiago egin ditugu osasun-krisiari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko. Herritarren eta udal langileen osasuna babesteko neurriez gain (SAD, dBus...), EH Bilduk 20 proposamen zehatz baino gehiago aurkeztu zituen auzoetako dendei eta lehen sektoreari laguntzeko; eta ikasleen artean dagoen arrakala digitala arintzeko neurri guztiz gauzagarriak proposatu zituen; Donostiako kultur sektorea suspertzeko plan bat plazaratu zuen; behin-behineko bidegorriak ezartzeko beste plan bat proposatu genuen; eta, turismoaren sektorea birzuzentzeko proposamen bat aurkeztu genuen, begi bat etorkizunean jarrita eta beste bat sektorearen gaur egun dagoen egoera larrian.

Aurkeztutako neurri horietatik batzuk Udal Gobernuak jaso ditu, hala nola, Etxegintzak zailtasun ekonomikoak dituzten familiei alokairu soziala etetea edo auzoetako dendetako produktuak banatzeko plataforma bat sortzea (1). Gainera, poztu egin gintuen prentsan irakurtzeak Udalak Donostiako adinekoei banan-banan deitu ziela. Izan ere, EH Bilduk aurretik egindako proposamena zen, Errenterian konfinamenduaren lehen egunetik egiten ari zirela ikusi bezain laster egindakoa.

Etorkizunari begira, EH Bildu talka-plan integral bat prestatzen ari da krisi honetatik, eta etorkizunean etor daitezkeen beste krisi batzuetatik, Donostia indartuta atera dadin eta herritarron bizitza politika publiko guztien erdigunean jartzeko.

1 Atzo aurkeztutako Donostia Market Plaza plataformaz ari gara, baina esan beharra dago 170.000 euroko aurrekontua oso urria dela Donostia bezalako hiri batentzat. Logroñok, adibidez, Donostiak baino 35.000 biztanle gutxiago dituen arren, 250.000 euro inbertitu ditu; eta Azpeitiak (14.000 biztanle), 50.000 euro.