AKTUALITATEA


| 2020-02-13 11:26:00

Berriki, Inmobiliaria Vascongada erosi du Azora enpresak. Jakina da Azora "funts putre" bat dela eta bere jarduera espekulatiboak dagoeneko ehunka familia kalean utzi dituela Madrilen eta Bartzelonan. Horrela, Inmobiliaria Vascongada erosita, Azora Donostiara iritsi da, eta horrekin batera, bere jomugan jarri ditu Groseko eta Amarako hainbat eraikinetan bizi diren 300 familia. Kaltetutako bizilagunek atzo prentsaurrekoan salatu zutenez, "etxegabetze isilak" gertatzeko arriskua benetakoa da; izan ere, eskuratzen dituen etxebizitzekin espekulatzea Azoraren ohiko praktika da , alokairuak nabarmen garestituz edo erabilera turistikora aldatuz.

Donostia bezalako hiri batean 300 etxebizitzarekin espekulatzea bizikidetzaren aurkako benetako eraso bat da, herritarren oinarrizko eskubideetako bati zuzenean eragiten baitio: etxebizitza bat izateko eskubideari eta gure auzoetan gure bizi proiektua garatzeko eskubideari, hain zuzen ere.

Izan ere, Donostian turismoaren eta higiezinen presioa jasanezina da dagoeneko herritar gehienentzat. Alokairuaren prezioek marka historikoak hausten dituzte hiletik hilera, salmenta-prezioak higiezinen burbuilaren mailan daude jada, eta eremu jakin batzuetan ere maximo historikoak gainditzen ari dira. Auzo kaltetuenak biztanleak galtzen ari dira (10 urtetan, 1.000 biztanle gutxiago Grosen) eta donostiar askok inguruko herrietara joan behar izaten dute bizitzera, hemen ezinezkoa delako ez alokatzea ezta erostea ere.

Baina Azora ez da Donostian operatzen hasi den lehen "funts putrea”. Benta Berriko 540 familiak "Damoklesen ezpata" bat dute buru gainean, Blackstone funtsak euren etxebizitzekin espekulatzeko asmoa baitu. Era berean, Donostiak jasaten duen hotel eta pisu turistikoen gorakadak ere eragin zuzena du bai etxebizitzaren prezioetan, bai hiriko biztanleen kanporatze prozesuan.

Mehatxu hauen guztien aurrean, Eneko Goia ez dela erantzuten ari salatu dugu EH Bildutik. Behin eta berriz eskatu diogu Eneko Goiari Donostiako herritarrak defendatzeko neurriak har ditzala, eremu desberdinetan. Izan ere, borondate politikoa izango balu, Eneko Goiak hotelak eta pisu turistikoak ugaritzearen aurkako neurriak har ditzake, etxe hutsak merkatura ateratzeko eta abar.

Eta, era berean, alkate jaunari eskatzen diogu mezu argia eta zalantzarik gabea bidaltzeko hotel-enpresei, pisu turistikoen jabeei eta, orain, baita funts putreei ere. Interes pribatuek interes komunaren gainetik pasatu nahi dutenean, Donostian egiten ari diren bezala, alkate batek aukera bakarra dauka: donostiarren alde jartzea.

Hala ere, herritarrak defendatu beharrean, Eneko Goiari entzun behar izan diogu, berriz ere aste honetan bertan, 1.200 pisu turistikoen jabeak nola lasaitzen zituen publikoki, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ordenantza baliogabetzearen harira.

Gure aldetik, Azora funts putrearen iritsieraren aurrean, EH Bildutik adierazi nahi dugu, lehenik eta behin, oso zorrotzak izango garela udal gobernuarekin gai honetan. Neurri zehatzak hartu behar ditu Eneko Goiak eta, aldi berean, Donostiako 300 familien aldeko keinu publiko argi bat egin behar du.

Arlo politikoan, Eneko Goiari exijitzen diogu 300 familien interesen aldeko jarrera har dezala, eta funts putreak Donostian ez direla ongietorriak adieraztea. Alkateak mezu argia bidali behar die funts putreei: Donostiako eraikinak jendea bizitzeko dira, eta udalak eskubide hori defendatuko duela azken muturreraino.

Arlo instituzionalean, etxegabetzeen aurkako bitartekaritza-protokoloa, Donostian 2015eko irailetik indarrean dagoena, aplikatzen hasi behar da, baita ere, etxegabetze-modu berri honek eragindako kasuetan. Izan ere, funts putreak eta jabego handiak “etxegabetze isilak” sustatzen ari dira. Zentzu honetan, Goiak bitartekaritza lanak egin behar ditu Azoraren aurrean, familia bakar bat ere kalean gera ez dadin.

EH Bilduk bat egiten du kaltetuek eta Stop Desahucios-ek larunbaterako (12: 00etan Ijentea kalean) deitu duten elkarretaratzearekin.

Era berean, premiazko interpelazio bat erregistratuko dugu, Eneko Goiak asteleheneko udal batzordeetan donostiarroi azaltzeko zer egingo duen herritarrak babesteko funts putreen eraso hauen aurrean.

Funts putreak Donostiara iristea, jasaten dugun presio turistiko eta inmobiliarioarekin batera, gure hiriko bizikidetzaren aurkako eraso zuzen bat da. Guztioi eragiten digu eta ezin gara besoak gurutzatuta geratu.