Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) da etorkizuneko hiria irudikatu eta antolatzeko tresna gorena. Uneotan, Donostia dokumentuaren aurrerakinaren lanketan murgilduta dago, etorkizuneko Donostia nolakoa izango den definitzeko. Ordea, Udal Gobernuak egin duen parte hartze prozesua ez da nahikoa anbiziotsua izan. EH Bildutik, prozesuari parez pare begiratu nahi diogu eta hiritarrekin zein eragileekin bat egin: prestatu dituzten alegazioak ezagutu eta dituzten beharrak eta kezkak entzun.
Norabide horretan, hasi berri den urtea batzar irekiak egiteko baliatuko dugu datorren azarora arte luzatuko den prozesu aberasgarrian. Helburua eragileak eta auzoak gonbidatu eta egin dituzten ekarpenei bide ematen saiatzea da eskura ditugun baliabideekin.
Hitzorduok ere probestuko ditugu EH Bildutik ditugun proposamenak eta hiri ereduaz dugun begirada konpartitzeko. Eragileentzat prozesu nekeza dela badakigu, lan handia eta denbora eskatzen diena. Gainera, tamalez, maiz badago sensazioa egindako lanak ez duela itzulerarik. Horri ere irtenbidea eman nahi diogu eta iragarri dezakegu 2025. urtea edukiak jasotzeko urtea izango den bitartean, 2026a lanketen emaitzen berri emateko urtea izango dela “jaso eta itzuli” formulan oinarrituz.
Dagoeneko baditugu iragarri daitezkeen datak eta lekuak eta aurrerago baieztatuko ditugu urte amaiera arte egingo ditugunak.
Hiritarrak eta eragileak parte hartzera gonbidatzen ditugu EH Bildutik, prozesua elikatu eta ahalik eta aberasgarriena eta anitzena izan dadin. Denon artean adostu ditzagun, bada, etorkizuneko Donostia eta auzoen beharrak.