Antiguako auzoak, Donostiako beste auzo askok bezala, azpiegitura eta espazio publiko falta handia du herritarren egitasmoak garatu ahal izateko, eta EH Bildurentzat premiazkoa da hau, bertan ehuntzen eta indartzen direlako komunitateak. Auzo bizigarriak defendatu eta aldarrikatzen ditugu, Donostiak auzo aktiboak behar dituelako, bizilagun inplikatuak, beren jardun eta proiektuak garatzeko gogoa eta ilusioa dituena. Horretatik asko dago, baina horri bide eman behar zaio.
Azken 34 urteetan Antiguako elizaren behealdean beren jarduna garatu duten elkarteak, askotarikoak, espazio gabe geldituko dira irailetik aurrera eta egoera kezkaz bizi dugu elizak espazioa negozio egiteko lehentsi ostean. Zentzu horretan, auzoan eta bizilagunen artean piztu den ezinegona konpartitzen dugu. Baliabideak auzoen eskura jartzea tokiko udal administrazioari dagokio, eta horregatik ez gara konformatzen Udal Gobernuak auzoari eman dion erantzunarekin. “Auzoan lokal gutxi daude eta eskaera asko dago”. Eskaera asko badago, zein irtenbide aurreikusten ditu Udal Gobernu honek? Egin al du hausnarketarik? Beharrak egon badaude, eta horiei bide ematea tokiko erakunde publikoen ardura da.
Bizilagunak lehen lerroan jartzea premiazkoa da: udal gobernuari eskatzen diogu bilatu eta eman diezaiola irtenbidea Antigua auzoko elkarteen lokal faltari, lehenbailehen, kaltetutako elkarteekin elkarlanean, eta auzo-eragileak diren heinean alternatibak auzoan bertan lekutuz.
Auzoan bizi eta jarduten duten elkarte eta eragileei auzoan bertan eman behar zaie espazioa. Azken urteotan udal politikek auzoaren merkantilizazioan arreta jarri duten bitartean, komunitatearen beharrei nekez erreparatu die.