AKTUALITATEA


| 2024-06-12 13:17:00

Urtean zehar eztabaida erdigunean jartzeko konpromisoa badugun arren, are eta premiazkoagoa da udararen atarian gauden honetan turismoaz eta sektoreaz hausnartzea eta erabakigarriak izango diren udal politikak adostea eta aplikatzea. EH Bildutik ez dugu etsiko bide horretan urratsak eman eta proposamenak egiteaz.Turismoa gobernatu eta egoki kudeatzeko garaia da.

Turista eta bisitarien kopuruak Donostian gora egiten jarraitzen du. Baieztapen hau datu soil batek islatzen du: duela hamar urteko datuekin alderatuta, 2023an hiriko bidaiarien sarrerak 1,7 aldiz biderkatu dira eta dagoeneko helmuga turistiko nagusienen hazkundea gainditu dugu, Las Palmas Kanaria Handikoa kasu.

Eta berriro diogu, turismoak goia jo duenaren baieztapena ez da sentsazio bat, hori baino gehiago, egitate bat ikerketek zenbakiekin berretsi dutena. Donostiarron artean ere kontsentsu handien biltzen duen gaia da.

«EAJ-PSEren Udal Gobernuak diskurtsoan biraketa eman badu ere, esaten dutena eta egiten dutena ez datoz bat». Hala adierazi du Markel Ormazabal zinegotziak, Garbiñe Alkizarekin batera eskaini duen agerraldian. Eta horrela erantsi du: «Neurriak berandu datoz kasu gehienetan, eta, gainera, esan edo iragarritakoa (helburua) eta egindakoa (neurria) ez datoz bat, alojamendu turistikoen mugapena kasu».

Bizilagun galera

Mundu mailan joera aldatzen ari da eta turismoa erregulatzeko ahaleginak ikusten ari gara. Herritarren protestak areagotu egin dira munduan zehar, Europan nabarmen, eta gero eta hiri gehiago ari dira turismoaren eragin kaltegarrien aurkako neurriak hartzen. «Esan behar da hiriak jasaten zuen presio turistikoaren ondorioz eta, batez ere, herritarren mobilizazioari esker, Donostiako agintariek inguruko hirietan baino askoz lehenago mugitu behar izan zutela». Besteak beste, “jarduera turistikoak eragindako kutsadura akustikoa erregulatzen lehen euskal hiria” da gurea, Donostia Turismoak jaso zuzenez. Edonola, neurri hauek ez dira eraginkorrak izan lortu nahi zen helburuetarako.

Donostian atzera bueltarik gabeko aldaketa asko bizitzen ari gara azken urteetan turismo ereduari lotuta. Horietako bat, larrienetakoa, auzo jakin batzuetan ematen ari den biztanleriaren galera da. Ez da kasualitatea presio turistiko handieneko auzoetan ematea bereziki: Parte Zaharrean, Grosen eta Antiguan.

Donostiako azken azterketa demografikoaren arabera (2022), hiriak 188.743 biztanle ditu. Duela 7 urte, 2015ean alegia, 186.093 biztanle. Hau da, denbora honetan hiriak 2.650 biztanle irabazi ditu, eta, beraz, biztanleriaren galera ez da joera orokor bat Donostian, auzo zehatz batzuetan gertatzen den fenomenoa baizik. Hain zuzen ere, turistifikazioak jotako auzoetan.

Egoera ondo islatzen duen beste adibidea da mugikortasuna eta honi dagokionez hartu diren eta hartu ez diren erabakiak. Garbiñe Alkizak eman dituen datuen arabera, auto pribatuaren erabilera asko igo da Donostiara iristen diren bisitari eta turisten artean eta hori da, gaur gaurkoz, hirira heltzeko garraiobide nagusia.

Auto partikularraren erabilera izugarri igo da Donostiara iristen diren bisitari eta turisten garraiobide gisa. 2023-2027 Turismo Gida Plana idazteko egindako azterlanen arabera:
• 2019an auto partikularraren erabilera hirira sartzeko bidaia guztien %46,6 zen, eta 2021ean, %68,1 (+% 48).
• 2019an garraio publikoaren erabilera hirira sartzeko bidaia guztien %33,8 zen, eta 2021ean, % 9,7.

Hau da, bisitarien etorrera garraio publiko bidez guztizkoaren herena izatetik % 10 baino gutxiago izatera igaro zen denbora-tarte horretan. Eta garraio pribatua areagotzearekin batera, trafiko arazoak handitu eta herritarren ezinegona areagotu dira. «Proposamen zehatzak ditugu eta eskua luzatua dugusoluzioak bilatzeko. Disuasio aparkalekuak egiteko plan oso bat dugu proposamen eta neurri zehatzekin, hala nola erdigunean lur azpiko aparkalekuen erabilera eraldatzeko. Heldu diezaiogun behingoz egoerari. Irtenbidea garraio publikoaren sustapenetik eta auto pribatuaren erabilera gutxitzetik etorri da», defendatu du Alkizak.

Auzo bakoitzaren karga-ahalmena eta udako kanpaina

Abiapuntua turismo-politikaren erdigunean donostiarra jartzea dela argi izanik, EH Bildutik galdegiten dugu: nola egin daiteke? «Gure lehentasuna Donostia eta berau osatzen duten auzoak, auzo guztiak, bizigarriak izatea da. Horretarako, lehenik eta behin, hiri edo auzoa zerk egiten duen bizigarri definitu behar da: kalitatezko espazio publikoa, hurbileko zerbitzuak (osasungintza, merkataritza, ekipamenduak...), bizilekuaren eta lanaren hurbiltasuna, mugikortasun jasangarria... Definizio horrek ahalik eta kontsentsu handiena izan behar du, eta, batez ere, udal-politikak gidatu behar ditu», proposatu du Ormazabalek.

Turismo jasangarria eta orekatua lortzeko neurriak, eta, beraz, hiri eta auzo bizigarriak lortzeko neurriak karga-ahalmenarekin lotuta daude. Izan ere, “leku turistikoek” bolumenari eta intentsitateari dagozkion muga jakin batzuk dituzte, eta karga- ahalmenak, zentzu honetan, turismo-jarduera ingurune fisiko, ekonomiko eta soziala kaltetu gabe garatzeko bitartekoa eskaintzen du.

EH Bilduk urteak daramatza proposamenak egiten, baina gaur-gaurkoz Donostiak ez du horrelako tresnarik. Gauzak honela, turismoaren karga-ahalmena ezarri behar da, bai hiri osoarentzat, bai auzo bakoitzarentzat. Turismoa oso jarduera lokalizatua da eta ez du eragin bera lurralde osoan. Donostian ere errealitate desberdinak ditugu, eta beharrezkoa da auzoak jasaten duten turistifikazio-mailaren arabera bereiziko dituen berariazko analisi-tresna bat diseinatzea eta aplikatzea. Horretarako, adierazle geoerreferentziatuen indize bat sortzea proposatzen dugu: “Donostiako auzoen turistifikazio indizea”. Indize horrek auzo bakoitzaren saturazio-maila edo karga-ahalmena neurtzeko balioko du, baina, batez ere, biztanleria egoiliarren kalteberatasun edo erresilientzia-maila neurtzeko eta, beharrezkoa den aldiro, egoera hobetuko duten politikak txertatu ahal izateko bizilagunen ongizatearekin erdigunean.

Turismoaren karga-ahalmenaren inguruan hausnartzea urjentea dela deritozgu eta horretan ere aportazioa egin asmoz, udarara begira kanpaina espezifikoa jarri dugu martxan: ‘Donostiarrak erdigunean jarriko dituen turismo eredu baten alde. Donostia tiene un límite’.