AKTUALITATEA


| 2022-10-14 15:07:00

EH Bilduk duela aste batzuk eskatu zuen, Bozeramaileen Batzordean, hiriko politika orokorrari buruzko urteko osoko bilkura berezia, urriaren 25erako programatua dagoena, Ekialdeko Barrutian egitea, zehazki Intxaurrondoko kultur etxean. Hala ere, azkenean, EH Bilduren proposamena atzera bota zuten atzoko Bozeramaileen Batzordean.

EH Bildurentzat, noizean behin osoko bilkura egitea Ijenteako egoitzatik kanpo deszentralizazio-ariketa demokratikoa izango litzateke. Udal mailako politika herritarrengana hurbiltzea funtsezkoa izan beharko litzateke edozein gobernantza-eredutan.

Hala ere, ez dute gauza bera pentsatzen EAJren eta PSEren udal gobernuan, eta horrela, ez dute aintzat hartu nahi izan politika orokorreko osoko bilkura berezia donostiarrengandik gertuago eramateko EH Bilduk egindako proposamena.

Erabaki hori, bestalde, guztiz koherentea da Eneko Goiak bere alkatetzan sustatutako hiri-ereduarekin, eredu zentralista batekin, alegia.

EH Bilduk proposamena zerbitzu juridikoekin kontrastatu ondoren egin zuen. Izan ere, Udalbatzaren Erregelamenduak ez du eragozten osoko bilkuraren egoitza aldatzea, ezohiko kasuetan. Beraz, deszentralizazio-ariketa demokratiko hori ez egiteko erabakia erabat politikoa izan da.

Nahiz eta aurten ezin izan den politika orokorreko bilkura berezia Ijentearen egoitzatik kanpo egin, etorkizunean EH Bilduk jarraituko du proposamenak egiten udal-politika herritarrengana hurbiltzeko, eta Ekialdeko Barrutian edo hiriko beste auzo batzuetan bilkura bereziak egitea proposatzen jarraituko du.