AKTUALITATEA


| 2021-04-14 11:47:00

Aurten, 2021, maiatzaren 27an beteko dira 90. urte Ategorrietan Guardia Zibilak sei langile tiroz hil zituela. Guztiak gizonezkoak, zaharrenak 34 urte zituen, gazteenak 19. Zaurituak 33 baino gehiago izan ziren. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “Queremos pan para nuestros hijos” eta “Libertad para nuestros compañeros” leloekin: Apiriletik irauten zuen Pasaiako arrantzaleen eta armadoreen arteko gatazka zela eta, greban zeuden eta Donostiako zentrora joan nahi zuten haien egoeraren larritasunaz jakinarazteko gizarteari.

II. Errepublikak hilabete eskasa zuen. Espainiar estatuko Gobernua hainbat alderdiek osatzen zuten, tartean Derecha Liberal Republicana (Alcalá-Zamora presidentea eta barne ministerioa, Maura) eta PSOE. Gatazka eta arazo ugari sortu ziren nonahi, eta langileen protesta hau Errepublikaren aurkakoa bezala hartu zuen Ramon Aldasoro Gipuzkoako Gobernadore Zibilak, Partido Republicano Radical Socialista-koa. Langileen aurkako erantzuna neurriz kanpokoa izan zen zeharo.

Donostian izan den langileen sarraski larrienak ez du inongo oroigarririk gure hirian, bere memoriaren inongo aztarna ofizialik ez dago, eta Donostiako hiritarren gehienak ez du ideiarik ere ez hau gertatu zenik.

Zergatik gogoratu urteurren hau?

  • Donostiako Herri Memoria eraikitzeko. Langileen aurkako sarraski oso latza izan zen (1976ko martxoaren 3an hildako kopurua Gasteizen gainditzen du), eta hala eta guztiz ere, ez du inongo aztarnarik utzi gure hirian, ezta Euskal Herrian ere.

  • Askotan, memoria deserosoa da, baina aurre egin behar zaio: Hilketa hauek Guardia Zibilak egin zituen, baina Errepublikaren agintaritzaren aginduz. Garaian kontraesan asko sortu ziren, bereziki PSOE eta alderdi errepublikazaleen artean.

  • Langileen mugimenduari errekonozimendua egiteko, eta bidenabar, Pasaia eta Donostiaren langile nortasunari. Izan ere, gaurko Donostiako eta Donostialdeko egoera den bezalakoa bada, langile-mugimenduak hainbat hamarkadatan, eta gaur egun, egin dituen borrokei esker izan da.

  • Guardia Zibilak Donostian marko juridiko oso desberdinetan izan duen paper errepresiboari buruzko gogoeta sakona egiteko eta salatzeko.

Dossier honetan, informazio hau aurkituko duzue:

Garaiko testuinguruaren azalpen bat

  • Pasaiako lan-gatazkaren azalpena

  • Ategorrietako sarraskiaren azalpena (Hildako eta zaurituen zerrendekin)

  • Sarraskiaren ondorioak

  • Donostiako EH Bilduk egindako aitortza instituzionalerako proposamena

1931: ERREPUBLIKAREN ETORRERA

Apirilaren 12an ospatu ziren udal hauteskundeak eta bi egunen ostean, Errepublika aldarrikatu zen ofizialki. Kontutan hartu behar dugu, Errepublikaren hasiera 1929ko krisi ekonomikoaren testuinguruan aldarrikatu zela eta eragin handia izan zuela: produkzio industriala eta esportazioak gutxitu ziren, eta langabezia handia zen.

Eta horretaz gain, Errepublikaren etorrerak langile eta herritarrentzako eskubide eta askatasunen berme gisara irudikatzen zela kontutan hartzeko faktore garrantzitsu bat da, izan ere, eskubide horiek gauzatu eta bermatzeko aldarrikapenak Errepublika osoan zehar egin baitzituzten hamaika modutara langileek.

Lehenengo garaian, errepublikazalek eta sozialistek zentro-ezkerreko gobernua osatu zuten. Bertan erronka eta erreforma entzutetsu ugari ezarri zituzten helburu gisa: lan erreforma, nekazaritza-erreforma, eliza eta estatuaren banaketa, emakumeen bozka unibertsala, estutu autonomikoen prozesuak garatzen hastea, banantzeko eskubidea eta erreforma militarra aurrera eramatea, besteak beste.

Ilusio eta itxaropenak gainezka egiten bazuen ere, langileen egunerokotasuna ziren, esan bezala, langabezia, lan baldintza txarrak, prekarietatea eta abar. Izan ere, helburu ziren erreformak egiterako garaian ere, oposizio eta presio handia sartu zuten lurjabeek, enpresariek, elizak, iritzi publiko katolikoak, iritzi publiko monarkikoak, militarren sektore batzuek, eta beste hainbat sektorek.

Testuinguru gorabeheratsu eta gatazkatsu honek Euskal Herrian ere eragina izan zuen. Aintzat hartu behar dugu Euskal Herrian autonomia Estatua lortzea bertako politikagintzan zeresan handia izan zuela, eta ekinbide propioa garatu zutela udaletxeek hori lortzeko asmoz. Izan ere, Errepublika ezarri eta berehala mahai-gaineratu zen euskal auzia,. 1931ko maiatzaren 17an, EAJk Bizkaiko alkate eta zinegotziak Gernikan batzartzera deitu zituen, baina, Gobernuak debekatu egin zuen, EAJk “Espainiako erregimena aldatzen lagundu ez zuelako”, hau da, Itunean parte hartu ez zuelako.

PASAIAKO GATAZKA ETA ATEGORRIETAKO SARRASKIA

Pasaiako gatazkaren hasiera ez da oso argia. 1931ko apirilaren 19an El Día egunkari nazionalistan argitaratutako oharraren bitartez dugu lehen aldiz gatazka honen berri. Bertan, lanaren oinarriak zehazten zituen aldarrikapenak biltzen zituzten arrantzaleek. Arrantzaleen aldarrikapenak hauek ziren: deskantsurako egunak, soldatak eta portuko langileen baldintzak hobetzea.

Maiatzean, oraindik, gatazkak bere horretan zirauen eta beste fase batean sartu zen. Maiatzaren 1ean, arrantzaleek greba deitu zuten eta 3000 langilek babestu zuten. Gatazka eta greba bideratu eta kontrolatzeko asmoz, negoziaketak jarraian hasi ziren. Aldasorok, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak, bere partetik, negoziaketek iraun bitartean greba bertan behera gelditzeko eskatu zuen, baina, langileek baldintza hori ez zuten onartu eta bere horretan jarraitu zuen grebak. Bitartean, langileek ordezkarien batzorde bat eratu zuten Sanchez Albornoz Sustapen Ministroarekin negoziatzeko.

Gatazka bera eta honek eduki zuen luzapena, sindikatu bakoitzak momentu honetan negoziaketekiko eta grebarekiko zuten ikuspuntuak baldintzatu zuen, erabat. UGTk eta STVk kontziliazioan eta moderazioan oinarritzen ziren lan harremanak bultzatzen zituzten bitartean, Komunisten eta Anarkisten helburuak lortzeko tresna greba zen.

Greba eta gatazka bera fase erabakigarrian sartu ziren maiatzaren 21ean. Pasaiako portuko arrantzaleen sindikatu nagusiak, La Unión, asanblada burutu zuen egun honetan, eta ohar batean bertan “komunistarik” onartzen ez zutela adierazi eta Juan Astigarribia kanporatu zuten. Horretaz gain, egun honetan, Gobernu Zibilak publikatutako ohar baten arabera, sindikatuak Gobernu Zibilaren bitartekaritzarik onartzen ez zela publiko egin zen.

Gauzak honela, maiatzaren 23an, armadoreek Sustapen Ministroaren arbitrajea eskatu zuten, gatazka konpon zedin. Eta, maiatzaren 24an, beste batzorde batek (Gestora Probintzialen Batzordeak, Merkataritza Batzordeak, Gipuzkoako Produktoreen Ligak, Pasaiako eta Donostiako alkateek osatutako batzordeak) armadoreen eskaera babestu eta negoziaketen bitartekaritza egin zedin eskatu zioten Sanchez Albornoz Ministroari.

Bitartean, La Unión sindikatuaren barne egoera erabat aldatu zen. Maiatzaren 24ean beste asanblada burutu eta bertan, Juan Astigarribiari babesa adierazi zioten. Izan ere, ordura arte UGTren parte ez baldin bazen ere, bere orbitaren inguruan zegoen sindikatua zen honakoa. Hala ere, maiatzaren 24ko asanbladatik, La Unión inspirazio komunistako sindikatu bihurtu zen, eta Gipuzkoan eragin handia izaten hasi zen.

Hori guztia ondorengo egunetan islatu zen, izan ere, ekintzaz eta tentsioz beteriko egunak izan ziren, lan baldintzen eskaerek eta negoziaketek ez aurrera-ez atzera jarraitzen zutelako, eta arrantzaleen grebak aurrera zirauelako.

Maiatzak 25ean, Getariako portura “Payuelo y Compañía” enpresako bi bapore iritsi ziren generoz beterik (1800 legatz eta 700 merlenka kaxa). Berria Pasaiara iritsi zen eta jarraian, pikete batek Getaria eta Zarautz artean zihoan enpresa horretako kamioi bat erre zuen. Gertaera hauen harira, gauez, Juan Mendez eta Francisco Cabezón, Avance Marino Trintxerpeko sindikatu anarkistako buruak atxilotu zituzten, arrantzarako tresnak eta portuko aparailuak erretzea egotzita.

Gertakari bat bestearen atzetik hasi zen gauzatzen. Atxiloketen biharamunean, Gobernazio Ministroak, Miguel Maurak, gobernuaren asmoen berri ematen zuen telegrama bat plazaratu zuen. Bertan, gatazka konpontzeko gobernuak bitartekaritza eskaini zuen berriro ere eta bide batez, asmoen berri ere eman zuen: bitartekaritza onartzen ez zutenei “se les considerará como rebeldes a la República y serán sometidos al máximo rigor de la ley.”

Gauzak honela, langileak atxilotuen askatasuna eskatzeko greba orokor bat deitzea pentsatzen hasi ziren. Hurrengo egunean, hortaz, Donostiara zihoan manifestazio bat antolatu zuten San Pedro eta Trintxerpeko arrantzaleek. 1500 pertsonak hartu zuten parte, baina, asmoetan gelditu zen dena, manifestazioa Azkuene ingurura iritsi zenean bertan behera uztea erabaki zuten, Donostiako Gobernadoreak hartutako segurtasun neurriengatik.

1931/05/27 ATEGORRIETAKO SARRASKIA

Maiatzaren 27rako Greba Orokorrerako deialdia egin zuten. Greba Orokorra deitzeak, alderdi eta sindikatu bakoitzean erreakzio ezberdin bat eragin zuen. Esan bezala, gatazkak bideratzeko modu moderatu eta erradikalen artean iritzi talka nabarmena baitzegoen.

Donostiako FLSOk (Federación Local de Sociedades Obreras) Pasaiako arrantzaleen greba elkartasunagatik jarraitzea eztabaidatu zuenean, ezezkoa nagusitu zen. Tranbiako gidariek ere ezezkoa eman zioten. Hauek UGT sindikatuaren inguruan zebiltzan (1931ko uztailaren 27an UGTren parte izendatu zuten beren burua). Solidaridad de Obreros Vascos-ek, ere greba ez jarraitzeko deia egin zuen. Eta azkenik, Gobernadore Zibilak SOVek, Sozialistek eta errepublikazaleek ordena mantentzeko beren lankidetza eskaini ziotela adierazi zuen.

Tentsioak tentsio, Pasaiako arrantzaleek Greba Orokorraren deialdia aurrera eramateko intentzio osoa zuten.

Egunean bertan, Gobernadorearen aginduei jarraiki, indar publikoek eraikin publikoak zaintzen egon ziren, segurtasun indarrek tropak zabaldu zituzten Donostian zehar eta soldaduek, zerbitzu publikoak (tranbia eta autobusak) gainbegiratu zituzten. Goizean goiz, La Unión sindikatuaren ordezkaritza bat, Astigarrabia buru zuena, Gobernu Zibilean agertu zen atxilotuen askatasuna eskatuz. Hori horrela ez bada, indarrera jo beharko zutelako abixua eman zioten. Aldasoro Gobernadoreak, hori hala balitz, energia osoz erantzuteko ordena duela erantzun zien.

Goizeko 10:00etan Donostiara 4000 pertsona inguruko manifestazioa irten zen Trintxerpetik. Patronalarekin akordiorik lortzen ez zutela salatu eta donostiarrek ikus zezaten arrantzaleen egoera zein zen. Leloak honakoak ziren: “Queremos pan para nuestros hijos” eta “Libertad para nuestros compañeros”. Aldasoro Gobernadore Zibil errepublikazaleak ez zuen manifestazioa baimendu eta hura gelditzeko asmoz Armada eta segurtasun indarrak deitu zituen.

Mirakruz Gainan, Armadaren destakamentu bat topatu zuten manifestariek; soldaduek bi lerro osatzen zituzten. Manifestariek jakinarazi zieten modu baketsuan zetozela. Soldaduek pasatzen utzi baina, ohartarazi zieten Guardia Zibila aurrerago zegoela. Ategorrietara iristean, Guardia Zibilak pare bat abisu eman zituen, baina, manifestazioak jarraitzeko asmo osoa zuen.

Erantzuna, tirokatzen hastea izan zen. Sarraskia itzela izan zen eta inguruko bizilagun guztiak zaurituak artatzen hasi ziren etxeetako atarietan eta kotxe partikularretan zein gerora iritsitako anbulantzietan eraman zituzten ospitalera, sorospen etxeetara, eta abar. Mediku ugari mugitu zituzten tamainako erantzuna eman ahal izateko.

Honakoak izan ziren Guardia Zibilaren erasoak eragindako hildako eta zaurituak:

Hildakoak:

1. José Carnes, 32 urte.

2. Manuel Pérez, 34 urte.

3. José Novo Martínez, 25 urte.

4. Antonio Barro, 31 urte.

5. Julián Zurro Pérez, 19 urte.

6. Jesús Camposoto, 23 urte.

7. Manuel López Díaz, 26 urte. Egun batzuen ostean, zaurien larritasunagatik hil zen.

Zaurituak: Vicente Saleta, Providencia Ageita (21), Julio Fernandez (25), Manuel Doldán Pérez (18), Pedro Basterretxea (31), Lisardo Zapata (32), Manuel Alfonso, Antonio Barro (26), Valentin Ochoa (21), Carmen Candanal (27), José Suarez (25), Luis Centeno (29), Herminio Gonzalez, José Saletas, Emilio Ruiz, Eugenio Korta, Bruno San Jose, Juan Nieves Damapier, Manuel Alfamabrar (24), José Orleca (27), Vicente Sainz (17), Celestino La Rosa, Herminio González, Vicente Caterín (33), Julio Fernández (25), José Pardavilla (34), José Mariño (23), eta abar.

Egoeraren larritasuna zela eta, 11:00etan agintarien batzordea Gobernu Zibilean batu zen. Hainbat ohar kaleratu zituzten. Batetik, José Fernández de Villa Arbille Gipuzkoako Gobernadore Militarrak, gerra egoera ezarri zuen Gipuzkoan. Ramón María Aldasoro y Galarza Gipuzkoako Gobernadore Zibilak, bere partetik, gatazkaren bi parteei (armadore eta arrantzaleei) gobernuaren bitartekaritza berriro eskaini zien. Baina mehatxu argi batekin: lau egun zituen gatazkaren parte bakoitzak arbitrajea onartzeko, eta ez egitekotan, pare bat egun lehenagoko ohar batean aipatu bezala, “serán considerados como rebeldes a la República y sometidos al máximo rigor de la Ley.”

Neurriak neurri, erailketen berria zabaldu zenean, greba orokorra deitu zuten Donostian eta Pasaian. Goizeko 10:30ean, talde batek Askatasunaren hiribidearen eta Garibai kalearen arteko izkinan tranbia bat irauli zen. Mikelete talde bat agertu zen bertara, eta orduz geroztik, tranbiak zaintzen egon ziren Mikelete eta soldatuak. Izan ere, segurtasun indarren patruilak nonahi zeuden honezkero.

Eguerdian, lagun talde bat Askatasunaren Hiribidean zegoen Merino arma denda erasotzen saiatu zen, baina, Guardia Zibilak erasoa eten zuen. Arratsaldean manifestazio bat burutu zuten. Lehenago aipatu bezala, sindikatu bakoitzak bere posizionamendua zuen greba orokorra jarraitu eta bultzatzearen inguruan momentu honetan. Izan ere, manifestazioa, Groseko San Francisco Kalea 50.ean (kalearen amaiera aldera, Saguesetik hurbil), Guillermo Torrijos sozialistaren tailerraren paretik pasa zenean, manifestari batzuek piketea egin eta grebara biltzera deitu zituzten bertako langileak. Orduan gertatutakoa larria izan zen: tailer barrutik, ordea, norbaitek eskopetaz tiro batzuk egin zituen, hainbat pertsona zaurituz. Emilio Ruiz (20 urte), larri zauritu zuten. Besteak zaurituak, Felix Echezarreta, Antonio Sanz, Eugenio Alcorta, Justo Aláiz, Celestino Darrosa, Emilio Aranda, Ignacio Villar ziren. Berehala Sizilia erregimentuko soldaduak bertaratu ziren.

Horretaz gain, Centro de Unión Republicanan bilera bat ospatu zuten hainbat afiliatuk. Guardia zibiko bat osatzea erabaki zuten. Besoko gorriak banatu zituzten haien artean, identifikatzeko eta beren egitekoa saltokietako jabeei beren lokalak irekitzera animatu zituzten, Donostiaren “normaltasuna” errekuperatu zedin.

Villa Arbille Gobernadore Militarrak gertakariekin zerikusia izan zezaketenen aurkako atxiloketa agindua eman zuen. Egun horretan bertan lehenengo atxiloketak gauzatu ziren.

Arratsaldean, Martutenen bildurik zeuden Greba Batzordeko kideak, 11 guztira, atxilotu eta Ondarretan espetxeratu zituzten. Beste batzuek ihes egitea lortu zuten. Bestalde, Isabel La Católica Kalean (gaur egungo Errege Katolikoen kalean) zegoen Sindicato Únicoren egoitzan poliziak sartu eta bertan zeuden komunistak atxilotzen saiatu zen polizia “istilu berriak prestatzen” ari zirelako. Patiotik ihes egitea lortu zuten eta poliziak egoitza itxi zuen.

Iluntzean, poliziak Casa del Pueblora joan ziren, bertan zeuden sozialistak bilera batean zeudenean. Bildutakoek hauetako askok ere patiotik egin zuten ihes, ihesean kristalekin zauri asko egin zituztelarik.

Zaurituak Sorospen Etxera iristen joan ziren egun osoan zehar. Bertan ere jendea bildu zen, animoak emateko asmoz. Baina, Segurtasun Goardiek jende multzoa disolbatu zuten.

Ategorrietako gertakari lazgarrien hurrengo egunean, maiatzaren 28an Polloen lurperatu egin zituzten hildakoak, autopsia egin ondoren. Jende andana bertaratu eta bildu zen azken agurra emateko asmoz.

Arratsaldez, Pasaia eta Donostiako arrantzontzietako armadoreen batzorde batek (hau da, arrantzontzien enpresen batzorde batek) Gobernadore Zibilari jakinarazi zion, gobernuak proposatutako bere arbitrajea onartzen zutela, gatazkari irtenbidea emateko. Jarraian, arrantzaleen ordezkaritza bat (baina ez sindikatua) Gobernadore Zibilarekin elkarrizketatu zen, gatazka konpontze bidean jarri asmoz.

Gauez, Esteban Goñi, Gregorio Acedo eta Manuel Prieto atxilotu zituzten Pasaian. 27an gertatutakoak jakin ostean, Luzuriagako langileak lana uztera behartu zituztela egotzirik. Hauek ez ziren ordea, atxilotuak izan ziren bakarrak. Villa Arbilleren aginduz honako guzti hauek atxilotu zituzten, besteak beste: Teodoro Ruiz Expósito, Jesús Larrañaga Txurruka, Sandalio Rubiera Mora, Salvador Ramos Lino, Gabriel Sayar Arellano, Jesús Tuero Álvarez, José Castro San Martín, Felix Otaduy Sañudo, Sebastián Zapirain Aguiñaga, Luis Zapirain Aguiñaga, Saturnino Pascual Díez, Juan Martínez Vergara, Justo Salvador Durango, Fidel Larrañaga Cuesta, Martin Martínez Mendizabal, Martin Tello Isla, José Bueno Risque, Nestor Rodríguez Cid eta Esteban Sánchez Guillermo.

SARRASKIAREN ONDORIOAK

Sarraskiaren ondorengo egunean, hasierako arazoa konpondu gabe zegoen oraindik. Hala, maiatzaren 30ean, La Unión arrantzaleen sindikatuaren egoitzan, 800 grebalarik batzarra egin zuten, gobernuaren arbitrajeaz hitz egiteko. Proposatutako laudoari men egitea erabaki zuten eta gatazkaren fase berrirako ordezkari berriak hautatu zituzten. Ondoren, armadoreen ordezkaritzarekin bildu ziren Merkataritza Elkartean, egoera aztertu eta elkarrizketa eta negoziazioak hasteko. Arratsaldean, Gipuzkoako gerra egoera altxa zen, Donostia, Pasaia, Lezo eta Errenterian izan ezik.

Jarraian atxiloketa gehiago egin zituzten: Lucio Andiano Martinez, Romualdo Lacalle Zamora, Apolinar Otxoa Orradre, Santiago San Martin Dominguez, Jose Maria Lizaso Urruti, Antonio Robles de Paco (6 guztira). Denak espetxeratu zituzten. Madrilen, Juan Miranda Aldunain, Diego Zarco Espiridion eta Pedro Alonso Martinez aske utzi zituzten.

Egun hauetako nahasmena itzela zen. Gatazka artean konpondu gabe, eragin eta aztarna utzi zuen Ategorrietan gertatutakoak. Gainera, arrantzaleen egoerak berdin jarraitzen zuen. Horrela, ekainaren 3an Pasai San Pedroko irakasleek harpidetza publiko bat egitea proposatu zuten eskolan jangela bat sortzeko eta marinelen seme-alabei egunean otordu bat eskaintzeko. Harrera ona eduki zuen proposamenak herrian. Egun batzuk beranduago, Sociedad Recreativa Sampedrotarrak emanaldi bat eskaini zuen Moderno Zineman, sarrerekin grebak sortutako ondorioak leuntzeko.

Une honetan, Ategorrietako gertaeren ondorio garrantzitsu bat aipatu behar da: Errepublikaren laguntzaile izan zena ordura arte, Ricardo Baroja margolari donostiarrak, Pioren anaiak, Arte Ederretako Erakusketen Idazkari kargua utzi zuen, hain zuzen ere sarraski horrengatik. Ekainaren 6an, dimisio-gutuna argitaratu zuen Solidaridad Obrera egunkarian. Han, hitzez hitz, “krimen” gisa kalifikatu zituen gertatutakoak, “botereaz jabetu den oligarkia” salatuz. Halaber, Errepublikaren fase honetan bere iritziz zegoen “erreformak egiteko moteltasuna, entxufismoa eta ordenako indarren metodo errepresiboen jarraipena” kritikatzen zituen gutun berdinean.

Ekainak 9an La Gacetak publikatu zuen Gobernuak erabakitako laudoa. Hori ikusita, arrantzaleek biharamunean, ekainaren 10ean, ontzietara igotzea eta lanera itzultzea erabaki zuten. 12an itsasoratu ziren.

Oro har, Errepublikaren etorrera justizia sozial eta itxaropenezko helmuga gorpuztu bezala ikusten zuten herritarrek. Nolabait, baldintza kaskarrak alboratzera iritsiko ziren geltoki bezala. Baina, Errepublikan, lehenagotik sortzen joan ziren tentsio askok eztanda egin zuten.

Horren adibide dugu Pasaiako gatazka. Testuinguru ekonomiko zail batean kokatutako gatazka izan zen honakoa, gero eta langabezia handiagoa eta lan baldintza kaskarrak nagusitzen ziren momentu batean.

Pasaiakoa ez zen zuzenki Errepublikaren aurkako greba bat izan. Aitzitik, esan genezake, nola edo hala Errepublika estutasunean jarri zuen gaietako bat izan zela, bertan garatu zen mugimendua kontrolaezina egin zitzaiolako, eta baita bere alderdi errepresorea atera behar izan zutelako, benetako sarraski bat gauzatuz eta Pasaian, Donostian eta bere inguruan ahaztu ezin den aztarna bat betiko utziz.

Hitz batean esanda, Pasaian, hots, Errepublikaren hasiera-hasieran, jada islatzen hasi zen, Errepublikaren arazoetako bat izan zena. Hau da, herri eta langile klaseek Errepublikari atxikitu zizkioten balore eta berdintasun itxaropenak, antsietatez hartu zituztela, berehalako konponbideak aldarrikatu eta exijitu zituztela. Konpondu beharreko arazoak, baina, hamarkada luzeetan zehar enkistaturik zeramatzaten auziak ziren. Aldaketa mantsoa aurreikusten zuten boteretik, baina, langile eta herritarrek berehalako emaitzak behar zituzten.

EH BILDUREN PROPOSAMENA

IRADOKIZUNA

Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrena dela eta, bertan gertatutakoa oroitzeko eta egun hartan hildako eta zauritutako langileak errekonozitzeko proposamena.

JUSTIFIKAZIOA

Aurten, 2021eko maiatzaren 27an, beteko dira 90 urte Ategorrietan Guardia Zibilak 7 langile hil eta beste 30 baino gehiago zauritu zituela.

Pasaiako gatazkaren hasiera ez da oso argia, baina jada 1931ko apirilaren 19an “El Día” egunkari nazionalistan, arrantzaleek haien aldarrikapenak zehazten zituzten: deskantsurako egunak, soldatak eta portuko langileen baldintzak hobetzea.

Maiatzean zehar hainbat greba deialdi eta gatazka izan ziren. Ekintzaz eta tentsioz beteriko egunak izan ziren, lan baldintzen eskaerek eta negoziaketek ez aurrera ez atzera jarraitzen zutelako, eta arrantzaleen grebak aurrera ziraun.

Gertakariak bata bestearen atzetik gauzatzen hasi eta lehen atxiloketak ere ematen hasi ziren. Hortaz, San Pedro eta Trintxerpeko arrantzaleak greba orokorrerako deialdia egin eta manifestazio bat antolatu zuten Donostiara 1931ko maiatzaren 27rako.

Egunean bertan, Gipuzkoako Gobernadore zibilaren aginduei jarraituz, indar polizialek eraikin publikoak zaintzen egon ziren, segurtasun indarrek tropak zabaldu zituzten Donostian zehar eta soldaduek, zerbitzu publikoak gainbegiratu zituzten.

10:00etan abiatu zen Trintxerpetik Donostiara 4000 pertsona inguruko manifestazioa. Leloak honakoak ziren: “Queremos pan para nuestros hijos” eta “Libertad para nuestros compañeros”. Aldasoro Gobernadore zibilak ez zuen manifestazioa baimendu eta hura gelditzeko asmoz armada eta segurtasun indarrak deitu zituen.

Mirakruz Gainan, armadaren destakamentu bat topatu zuten eta manifestariek jakinarazi zieten modu baketsuan zetozela. Soldaduek pasatzen utzi baina, ohartarazi zieten Guardia Zibila aurrerago zegoela. Ategorrietara iristean, Guardia Zibilak pare bat abisu eman zituen, baina, manifestazioak jarraitzeko asmo osoa zuen.

Erantzuna, tirokatzen hastea izan zen. Sarraskia itzela izan zen eta inguruko bizilagun guztiak zaurituak artatzen hasi ziren etxeetako atarietan eta kotxe partikularretan zein gerora iritsitako anbulantzietan eraman zituzten ospitalera, sorospen etxeetara, eta abar.

Hildako eta zaurituen zenbaketa ez da zehatza oraindik, baina jasotako datuen arabera egun hartako erasoan, Guardia Zibilak 7 langile hil eta 30 baino gehiago zauritu zituen.

Erailketen ondorioz mobilizazioak burutu ziren Donostian. Mobilizazio hauetan ere segurtasun indarrek langile gehiago zauritu eta beste asko atxilotu zituzten. Egunean zehar etengabe izan zen zaurituen joan-etorria Sorospen Etxean.

Sarraskiaren egunetara oraindik ere, atxiloketak eman ziren arrantzaleen artean. Gatazka konpondu gabe, aztarna utzi zuen Ategorrietako sarraskiak.

Ategorrietakoa, Donostian izan den langileen sarraski larriena izanda, deigarria da oraindik ere biktima horiei aitormen instituzionalik egin ez izana. Horregatik, EH Bilduko udal taldeak uste du sarraski horren 90. urteurrena une egokia izan daitekeela hiri honek haiekin eta gure historian zehar bizi kalitate duinaren eta lan eskubideen alde borrokatu diren pertsona guztiekin duen zorra kitatzeko.

Horiek horrela, hau da IRADOKIZUNA:

Donostiako Udalak, Ategorrietako Sarraskiaren 90. urteurrena dela eta, errekonozimendu instituzionala sustatu eta adostu dezala sindikatuekin eta gainerako eragileekin.

Donostian, 2021ko apirilaren 9an