AKTUALITATEA


| 2020-02-19 14:32:00

Pasa den irailean, SADEk eta Udal Gobernuak eraisketaren luzapena hitzartu zuten, alkatearen hitzetan, irtenbide adostu bat negoziatu ahal izateko. EH Bilduk bere garaian jada esan zuen Eneko Goiaren Gobernuaren erabaki horrek Arte Ederren etorkizuna SADEren esku uztea zekarrela, udala esku-hartzeko gaitasunik gabe geratuko zelako. Izan ere, SADEri gehien interesatzen zitzaion unea iritsita, enpresak amaitutzat eman du luzapena, epeak aktibatuz eta "isiltasun positiboa" eskatuz.

Behin isiltasun positiboa eskatuta, Udal Gobernuak atzo publiko egin zuen eraisteko ukapena keinu antzu batean geratzen da. "Isiltasun positiboak", juridikoki, ezarritako epea igarotakoan Administrazioak eskatutako baimena ematen duela esan nahi du.

Izan ere, 2019ko irailaren 16ko Udal batzordean Ricardo Burutaranek gerta zitekeenaz abisatu zion Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzi ordezkariari. EH Bilduko zinegotziaren galderei erantzunez, Arzallusek baieztatu zuen irailaren 13an SADErekin adostu zutela eraisketa etetea, udalak erantzuteko zuen legezko epea amaitzeko bi egun falta zirenean. Hau da, enpresak beretzat gordetzen zuen luzapena edozein unetan amaitutzat emateko eskumena – otsailaren 12an egin zuena, udal-erregistroaren bidez –, gero geratzen ziren bi eguneko epea pasatzen uzteko eta, horren ondoren, "Isiltasun positiboa" eskatzeko.

Negoziazio-estrategia txar baten ondorioz ala enpresarekin Udalak adostutakoaren ondorioz, nolanahi ere, emaitza berbera da: Arte Ederren etorkizuna SADEren esku dago.

Hauek horrela, Eneko Goiari azalpenak eskatuko dizkio EH Bilduk. Arte Ederren eraikina Donostiako ondare historikoaren lehen mailako ikur bat da eta guztiz beharrezkoa da kontserbatzea. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Eneko Goia alkatearen premiazko agerraldia eskatuko du, Donostiarron interesentzako kudeaketa negargarri honen nondik norakoak azal ditzan.