AKTUALITATEA


| 2021-10-07 11:43:00

Sare sozialetan zabaltzen ari den bideo batean ikus daitekeenez, dagoeneko hasi dira Arte Ederrak eraisteko lanak. Zehazki, zenbait langile dagoeneko lanean ari dira eraikinaren barruan, altzariak pilatzen eta abar, baina kanpoaldean oraindik ez dago edukiontzirik hondakinak botatzeko eta inguruan ez da hesirik jarri.

EH Bilduk jakin ahal izan duenez, Áncora elkarteak salaketa jarri du, bere ustez hirigintzako arau-hauste larria egiten ari direlako.

EH Bilduk, berriz, zuzenean interpelatuko dio Eneko Goia alkateari obretan araudia betetzen ari den ala ez jakiteko, eta betetzen ari ez badira, dagozkion neurriak ezartzeko eskatuko diogu.

Nolanahi ere, EH Bilduren ustez, obrak kautelaz geldiarazi behar ditu Udal Gobernuak. Ezin dugu ahaztu PEPPUCn babestutako eraikin bat dela eta berme guztiekin jardun behar dela.

Gainera, donostiar askok ez dute begi onez ikusi Udal Gobernuak lizentzia hori eman izana, joan den osteguneko manifestazio jendetsuan ikusi ahal izan zen bezala. Hori dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa da eraikinaren jabe den enpresa pribatuak eta inplikatutako administrazio publiko guztiek gardentasun osoz jardutea.

Izan ere, Arte Ederrekin gertatzen ari denak, eraikinaren ezaugarriengatik, gure hiria gainditzen du. Alde horretatik, gogoratu behar da ICOMOSen XX. mendeko Ondarearen Nazioarteko Batzorde Zientifikoak, lizentzia eman zela jakin orduko, gutun bat bidali ziola Eneko Goiari, ondare-galeragatik bere kezka azalduz eta hartutako erabakia atzera botatzeko eskatuz.

Aitzitik, joan den irailaren 22an, Udal Gobernuak baimena eman zuen eraikina barrutik eraisteko, fatxadak aldatzeko, goiko partean beste bi solairu eraikitzeko, eta 38 estudio, 36 apartamentu eta 4 suite eraikitzeko, guztiak erabilera turistikokorako. Horrez gain, hiru solairuko aparkaleku robotizatu bat eta “zehaztu gabeko” hirugarren sektoreko erabilera bat jarriko lirateke eraikinaren lehen hiru solairuetan.