AKTUALITATEA


| 2024-01-23 21:19:00

Etxebizitza bat eskuratzeko Donostian bizi ditugun zailtasun izugarriek neurriak hartzea eskatzen dute; izan ere, oso berandu goaz. 2015ean Gasteizko Legebiltzarrean onartutako Etxebizitzaren Legeak eta 2023ko maiatzean onartutakoak, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin egindako negoziazioei esker, alokairuaren prezioak mugatzeko bi marko juridiko solido ematen dizkigute, tarteko neurrien artean, politika oker eta interesatuengatik eta etxebizitza eskubidearen aurrean negozioa bultzatzeagatik elikatu den etxebizitza-krisia arintzen saiatzeko.

EH Bilduren ustez, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak lehen mailako arazoa dira hirian, eta hori oso presente daukagu politikak egiteko garaian. Legegintzaldiko 7 hilabete eskasetan, gaia Udalbatzara eraman dugu bi bider. Lehenengoa kontrol-mozioaren bidez egin zen, Donostia hiri tentsionatu izendatzeko. Bigarrena joan den urrian izan zen, hiriaren egoerari buruzko osoko bilkura berezian, ebazpen-proposamen bidez. Gogoratu behar da EH Bilduren bi ekimenak gehiengoz onartu direla, gogoratzea komeni den bezala konpromiso horiek hartu arren, Udal Gobernuak ez duela ezer egin.

Ez du eman Donostia osorik etxebizitzaz tentsionatutako hiri izendatzeko eman beharreko urrats eraginkorretako bat ere. Hala aitortu zigun Hirigintza Iraunkorreko ordezkariak joan den astelehenean, batzordean. Alkateak eta bere Gobernuak ez dute pausorik eman, horretarako (ustezko) asmoa hedabide ezberdinetan  adierazteaz haratago.

Argi hitz egin dezagun: tinta-erdiek ez digute balio, eta hiri osoa hala katalogatu beharda. Ez da nahikoa etxebizitza-eremu tentsionatu gisa bost errolda-barruti proposatzea.

Donostia osoa babestuta egon behar da aterki horren azpian. EH Bilduk iragarri zuen bezala, gobernatzen dugun udaletan hasi dugu edo hasiko dugu prozesua; gainerakoetan, behin eta berriz saiatuko gara mozioen eta beste ekimen batzuen bidez.

Hori dela eta, urtarrileko Udalbatzara kontrol mozio berri bat eramango dugu berriro, Udal Gobernu honek modu ofizialean eska dezan tentsionatutako hiria izendatzea.

Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa prestatzea eskatzen dugu: eskaeraren justifikazio-memoria, etxebizitzaren arloko egoeraren azterketa eta arazoari aurre egiteko hiru urterako Etxebizitza Plana. Halaber, alkateak eta bere gobernu-taldeak memoria, azterlan eta plan horiek gainerako udal-talde politikoekin partekatzeko eskatzen dugu, baita dokumentazio hori egiteko lehentasun osoa izan eta eskaera modu ofizialean aurkeztea ere. Prozesuaren atal honek aspaldi egon beharko luke martxan.

Lege honek aukera paregabea eskaintzen digu arazoari irtenbideak ematen hasteko. Jakina, ez da nahikoa, neurri gehiago hartu behar direlako, baina positiboa da eta norabide egokian doa. Aukera hori ez aprobetxatzea, gertatzen ari den bezala, arduragabekeria litzateke, denborak gehiago atzeratzea bezala.

Gogora dezagun Donostiak legeak horretarako ezartzen dituen bi baldintzak betetzen dituela, nahiz eta bat nahikoa dela ezarri:

1.- Azken bost urteetako etxebizitzaren prezioaren igoera KPIaren igoera baino 3 puntu handiagoa izatea (KPIaren igoera %14koa izan da azken bost urteetan, eta Donostiako etxebizitzaren igoera, oro har, %17tik gorakoa da).

2.- Etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoak familiaren edo etxeko diru-sarreren %30 gainditzea (Donostiako batez bestekoa gainetik dago).