AKTUALITATEA


| 2021-12-14 13:40:00

Tokiko Gobernu Batzordeak argi berdea eman du gaur Zubieta kaleko 3. zenbakiko eraikinean apartamentu turistikoak ezartzeko. 2018az geroztik hotela jartzeko lizentzia zuen eraikinak, 2019an jabetza eskuz aldatu zen (orain Mita Korporatibo SL da eraikinaren jabea) eta gaur Udal Gobernuak erabaki du lizentzia aldatzea, hau da, hirugarren sektoreko erabilera hoteletik apartamentu turistikoetara pasatzea.

Udal Gobernuak hartutako erabaki horrekin joera berri bat berresten ari da gure hirian: gero eta eraikin gehiago bihurtzen ari dira apartamentu turistikoen bloke. EAEko Turismoaren legearen arabera, apartamentu turistikoak “ustiapen-unitate enpresarialaren printzipioaren pean kudeatutako multzo independente gisa eskaintzen diren” eraikinak dira; eta 24 orduz irekita badaude, “aparthotel” esaten zaie. Mediterraneoko kostan nahiko zabalduta dauden figurak dira, baina Donostian apartamentu turistikoen blokeak eta aparthotelak ia ez dira ikusi orain arte. Hemen historikoki hotel tradizionalak eta pentsioak ezarri dira eta, 2015etik aurrera, pisu turistikoak eta hostalak.

Horrela, azken asteetan Udal Gobernuak 127 apartamentu turistiko berri ezartzeko baimena eman du hirian: Zubieta 3 (15), Arte Ederrak (84), Garibai 23 (11) eta Record (17). Eustaten arabera, azkenaldian turismo-ostatuaren modalitate horrek gorakada handia izan du Gipuzkoan: 2016an 148 apartamentu turistiko bakarrik egotetik 2021eko irailean 618 apartamentu egotera igaro da (deigarria da 2020ko urritik azarora bitarteko jauzia, hilabete bakar batean 267tik 536ra igo baitzen kopurua).

Gogoratu behar da, halaber, duela gutxi Udal Gobernuak baimena ukatu duela Telefónicak Grosen zuen eraikin bat apartamentu turistikoen bloke bihurtzeko. Hori, ezbairik gabe, berri ona da, etenik ez duen lizentzia berrien uholde handi baten erdian. Izan ere, iragarpen hori hirigintzako zinegotziak egin zuen joan den osteguneko udal-batzordean, baina, aldi berean, baimena ematen ari zitzaien Garibai 23ko jabeei eraikina apartamentu turistikoen bloke bihurtzeko. Gobernuak ez du argitzen zergatik ematen zaien lizentzia batzuei eta beste batzuei ez.

Eneko Goia alkatea denetik, hotelak (eta antzekoak) biderkatu dira hirian. Udal Gobernuaren zifren arabera, 2016. urtetik hona 45 hotel berri ireki dira Donostian. Hau da, 2016an zeuden 7.652 plazatik 11.272ra igaro da (+% 47).

Datuek erakusten dutenez, azkenaldian turistifikazio prozesua areagotzen ari da Donostian. Eta Eneko Goiak sustatutako hiri-garapenaren ereduaren ondorioak ezagunak dira: ehunka donostiar haien jatorrizko auzoetatik periferiara kaleratuak izaten ari dira. Fenomeno horren arrazoi nagusia etxebizitzaren prezioaren gorakada da, eta horretan turistifikazio prozesuak eragin zuzena du, ezbairik gabe.

Idealista.com-en arabera, alokairuaren prezioak beste errekor historiko bat markatu du hil honetan Donostian: 15,8 €/m2 (+% 7,8 azken hiruhilekoan). Horrenbestez, Eneko Goiaren agintaldian, alokairuaren prezioa %39 garestitu da. Etxebizitza-salmentaren prezioari dagokionez, atari digital beraren arabera, burbuila inmobiliarioaren prezioen gainetik dago, eta aurtengo irailean 4.978 €/m2-ko errekor historikoa markatu du. Hau da, Donostian etxebizitza beti garestia izan bada, orain benetako luxua da.

EH Bilduren ustez, muga jarri behar zaio hotelen hedapenari, hartzen duten forma juridikoa edozein dela ere. Zehazki, EH Bilduk formalki eskatu dio Udal Gobernuari HAPOren araudia aldatzeko, eraikin baten bizitegi-erabilera hirugarren sektoreko erabilera bihurtu ahal izango bada, HAPOren aldaketa puntual bat izapidetu eta onartu behar izan dadin, eta ez Plan Berezia bakarrik. Era berean, eskatu diogu Udal Gobernuari turismo-jardueren kontzentrazio-mailari buruzko azterlan bat egin dezan (horren barruan sartuta hotelak, aterpetxeak, apartamentu turistikoak, ostatuak, apartahotelak, erabilera turistikoko pisuak eta erabilera turistikoko logelak), hirigintza-eremu horietako bakoitzean guztira baimendutako ohe kopurua adierazita, datu horretatik abiatuta, hirigintza-eremu jakin batzuk jarduera aldetik saturatuta direla formalki adierazi ahal izateko.

Hotelen uholdea geldiarazteko borondate politikoa egongo balitz, horixe da modu bakarra bizitegi-eraikin gehiago hotel edo bestelako turismo-ostatu bihurtuko ez direla ziurtatzeko. EAJk eta PSEk, ordea, ez dituzte bi erabaki horiek hartu nahi, azkeneko politika orokorreko osoko bilkuran ikusi genuen bezala.

Hotelen hedapenari frenoa jartzea premiazkoa da. Hotelen (eta antzekoen) uholdeak ez du etenik: aste honetan Zubieta 3ko baimena izan da, duela 15 egun Garibai 23rena izan zen eta datozen asteetan hotel-ostatu gehiago baimenduko dituzte Donostian: Pio X, Mariaren Bihotza, Martutene-Sarroeta (tramite berrien zain), Santa Teresa....