Antondegiko eremu berdean olatu artifizialik ez dela egingo jakin denetik egun batzukigaro diren honetan, lehenik eta behin, proiektua geldiarazteko lan egin duten donostiar guztiei zoriontzeko garaia da: ekologistak, gizarte-elkarteak, surflariak, zientzilariak eta, oro har, herritarrak. Udal Gobernuak atzera egin eta sen onak irabazi du.
Agerraldia egin dute Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza zinegotziek, albistearen ostean irakurketa egiteko. «Antondegi aipatzea hiri ereduaz mintzatzea da», erantsi du Ormazabalek. EH Bilduren aburuz, klima aldaketak izan behar du gure garapen ereduak birpentsatzeko aukera, baliabide naturalen erabilerak xumeagoak izan daitezen, baita gure inguruko ekosistemekin dugun harremana berriz ere pentsatzeko. Hain zuzen ere, horretarako deklaratu ditugu Klima Larrialdiak. Eta horrek, Donostiako adierazpenak jasotzen duen bezala, hiri-ereduaren inguruko gogoeta sakona egin eta berau berregokitzea exijitzen du.
Zentzu honetan, gogoratu behar dugu, eta ohartarazi, Udal Gobernuak ez duela olatu artifizialen egitasmoa erabat baztertu. Proiektuaren balizko kokaleku berriak orain arte esandakoak aintzat hartu beharko ditu, derrigorrean. Antza, olatu artifizialaren enpresa, udalaren eskutik, eremu berrien bila jarri da aukera ezberdinak aztertu asmoz. Gauzak horrela izan edo ez, prozesua gardentasunez garatzea eskatzen dugu, alderdiekin zein eragileekin. Baldin eta proiektuak aurrera egingo balu, jarraipen zorrotza egingo diogu berau inpaktu positiboa izango lukeen eremu batean kokatu dadin eta inolaz ere berriro lur gehiago artifizializatzeko saiakera egin ez dadin.
Argudio sorta bat
Donostiako Udalak Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena onartu zuen 2020ko martxoan, eta hasieratik ohartarazi genuen Antondegiko proiektuak adierazpena lurperatzea zekarrela (bi albisteen artean apenas igaro ziren bederatzi hilabete. Zehazki, ‘Klima Larrialdiaren Adierazpenari lotutako ekintza proposamena’ dokumentuan, ‘Lurraldea’ atalean, besteak beste, ondorengoa jasotzen da: «Lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea».
EAEko plan gidaritzan jasotzen denez, hiriek ezin dute lurraren %45 baino gehiago artifizialiatu. Donostiak %43 baino gehiago zeukan artifizializatua ordurako. Antondegi natura hirira gehien barneratzen duen inguruetako bat da. 120tik gora hegazti mota ezberdin behatu dira hango gainetan. Horietako batzuk migrazioan, beste batzuk negua gure artean igarotzen dute edota ugaltzera datoz; miru beltzak, esaterako. Badira, ordea, egoiliarrak direnak eta urte osoan hemen ditugunak: belatza, hontza handia eta miru gorriak (azken hauek galtzeko arriskuan). Eta ugaztunak, beste horrenbeste: azeriak, azkonarrak, erbinudeak, lepazuriak, katajinetak, katagorriak, trikuak, muxarrak eta basakatua.
Azkenik, gerriko berdearen garrantzia eta honek gure egunerokoan zein gure bizimoduan duen inpaktu positiboa balioan jartzea komeni da. «Naturak hirian duen presentziak biztanleriaren ongizate fisikoa eta emozionala bermatzen ditu eta immunitate-defentsak areagotzen ditu. Ezin dugu naturagune gehiagorik galdu. Ez dezagun artifizializatu gelditzen zaigun landazabala. Kontserba dezagun landa eremua eta ez ditzagun berdeguneak ‘uharte berde’ bilakatu. Biodibertsitateari eutsiko badiogu, eremu natural horiek haien artean lotzen dituzten korridore berdeak behar ditugu», esan du Ormazabalek. Aldi berean, korridore agroekologiko bat, hiriaren hedapena mugatzeko, eta hiria hurbileko eta kalitatezko produktuekin hornitzeko. Antondegi landa eremua da eta bertako baserriak babestu behar dira.
Hiri ereduaren gaineko eztabaida erdigunera ekarri nahi duen deialdi baten atarian gauden honetan, EH Bildutik berretsi nahi dugu udal politikek bizitzak eta herritarrak jarri behar dituztela erdigunean, auzo bizigarriak behar eta nahi ditugula. Argazki horretatik urrundu egin gara azken urteotan eta garaia da desegin daitezkeen urratsak desegin, eta donostiarrak erdigunean jarriko dituzten bideak ibiltzen hasteko.