AKTUALITATEA


| 2019-11-26 10:49:00

Zarautz Etorbideko etxeetan bizi diren familia horien guztien arazoak ez ziren joan den astearte goizaldean hasi, hilaren 19an, goizeko ordu batean. Auzokideek esan duten moduan, horrelako zerbait gertatu zitekeela aurreikusten zuten. Metroaren pasantearen lanak hasi zirenetik, etxe horien azpitik, hain zuzen, bizilagunek bibrazioak eta zaratak jasan behar izan dituzte eta hormetan pitzadurak agertu dira eta, bereziki asteartean behera etorri zen magalean isurtzen den ur kopurua areagotu egin dela eta hormaren azpiko ubideak gainezka egiten duela ikusi ahal izan dute.

Bizilagunek egoera salatu zuten bai udaletxean, bai ETSren (Eusko Jaurlaritzaren) bulegoetan, baina inork ez zien, ez die orain arte, kasurik egin.

Astearteko gertaerari dagokionez bizilagunak, udal-taldeak eta donostiar askok harritu egin gintuen lehenengo gauza izan zen goizean goizetik, bai udaletxetik, bai ETStik, lur-jausiak metroaren pasantearen obrekin zerikusirik ez zutela zioen mezuak zabaltzen saiatu zirela. Ez ikerketa iragarpenik, ez lan-hipotesirik, ez ezer: ez da metroa izan, eta kitto. Zalantzan jartzen dugu horrela jokatuko ote zuten ekuazio honetan obra faraoniko eztabaidagarri hau presente egon izan ez balitz. Izan ere, lur-jausi horrek, eta horren ondorioz egin behar izan diren etxebizitzen uzteek ez dute alkatearen twit ziztrin bat ere merezi izan.

Gainera, lur-jausia gertatu eta 24 ordu baino gehiago behar izan ziren Udal Gobernuko lehen ordezkari politikoak Antiguan agertzeko. Orduan, lehen aldiz, udal gobernuak ikerketa egingo zuela iragarri zuen. Pentsatu nahi dugu bihar Goia alkateak ikerketa horien berri emango duela, nahiz eta ulertzen dugun atariko ikerketa bat izango dela, eta espero dugu aurrerago bibrazioen, zaraten, hormen pitzaduren eta magalean bestelako neurketak egingo dituztela.

Asteburuan, harri batzuk erortzen jarraitu dute, eta arazoren bat izan da isurtzen den urarekin. Hori dela eta, bizilagunek adierazi digute beldur direla oraindik ere mendi-magalaren egoeragatik, eta, batez ere, ez dakitela beren etxeetan seguru egongo diren ala ez.

Horregatik guztiagatik, biharko agerraldiari begira, EH Bildutik, funtsean, bi gauza espero ditugu:

  1. Lehenik, bizilagunei hitz egiten uztea eta, batez ere, entzutea (biharko Batzordean izango direla baieztatu baitute). Uste dugu udal gobernuak aukera ezin hobea duela pasa den osteguneko osoko bilkuran egindako akatsa zuzentzeko eta kaltetuen hitzak entzuteko. Eta gainera, edozein azalpen erdipurdikoa izango da ez bada gutxienez, kaltetuen bizipena jasotzen.

  2. Eta, bigarrenik, uste dugu Eneko Goiaren Gobernuak konpromiso esplizitua hartu behar duela auzotarren segurtasunarekin. Udalak ETSrekiko duen erabateko mendekotasun horrekin amaitu egin behar du. Metro-pasantearen obrei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren aurrean ahots propioarekin jokatzen hasi behar du, udal-gobernu batek egin behar duena eginez: beste erakunde bateko obrek kaltetutako bizilagunak defendatzea, alegia. ETS zuzentzen duen arduradunaren kolore politikoa bata edo bestea izan, udal-gobernua gauzak ondo egiten hasi behar du, metro-pasantearen obrek sortutako ondorioen aurrean udal-gobernua jarrera bera erakusten ari delako behin eta berriro (San Martin, Amara,...): hau da, ETSri men egitea.