AKTUALITATEA


| 2022-01-10 14:24:00

Auzoetan bizi diren pertsonentzat beharrezkoak diren aurrekontu-partidetan ezin da horrelako murrizketarik egin eta are gehiago Donostiako erdigunean inbertitzeko partidak puzten direnean, eta gainkostuak onartzen direnean ia obra guztietan.

Añorgako bizilagunak “oso triste eta dezepzionatuta” daude 2. fase honetako emaitzarekin, eta azalpenak eskatu dizkiote Eneko Goiari. EH Bilduk gauza bera egingo du eta interpelazio bat erregistratu du alkateak udaletxean azal dezan ea uste duen obra publiko batean gutxieneko kalitateak erabili direla, eta esan dezan ea egindako akatsa zuzentzeko asmoa duen.

Añorga zeharbideko boulebarizazio-proiektua 2015. urtean sortu zen, Juan Karlos Izagirreren Udal Gobernuak onetsi egin zuenean “Añorgatik igarotzean GI-21 errepidea hirian eta ingurumenean integratzeko gauzatze proiektua”. Proiektu hori bi fasetan egin behar zen. Gauzatze proiektu horretarako administrazio klausulen eta baldintza teknikoen zerrenda 2015eko maiatzaren 22ko Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi zuen. Lehen faseak 3,18 milioi euroko aurrekontua izan zuen, eta bigarren faserako 1,5 milioi euro aurreikusi ziren.

Lanen lehen fasea 2016. uztailean amaitu ziren, baina bigarren faseari ez zioten 2021eko abuztura arte ekin, bost urte beranduago eta, gainera, aurrekontua heren batera murriztuta (478.821,22 €). 2018ko ekainean, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen atzerapena eta diru saila murriztu izana salatzeko, eta eskatzeko Eneko Goiaren Udal Gobernuari bigarren fasearen lanak esleitzeko beharrezkoak ziren urratsak eman zitzala berehala, eta egin zezala proiektuaren helburua gauzatzeko beharrezkoak ziren materialen kalitatea murriztu gabe.

Aipatu bezala, Añorga Txikitarrak Auzo Elkarteko kideek haien etsipena adierazi diote Udalari Añorgako zeharbidea bulebar bihurtzeko bigarren fasearen lanen kalitate eskasarengatik. Jakin bazekiten arren proiektua birdimentsionatu egin zuela Udal Gobernuak eta ez zela bulebarraren lehen zatia bezain txukuna izango, emaitzaren inguruko balorazio oso eskasa egin dute, Udal Gobernuak txapuza handi bat egin duela irizten baitiote. Adierazi dutenez, “Bulebarra amaitua egon arren, probisionala denaren itxura ematen du, material berrerabiliekin eta aurreko marka eta pinturak kendu gabe, argiztapenik jarri gabe eta dena zikin”, eta hasieran aurreikusita zeuden berdegune eta zuhaitzak jarri beharrean aparkalekuak jarrita. Elkarteak zeharbidean egindako lanetan antzemandako gabeziak biltzen dituen txostena osatu du. Gogorarazi beharra dago auzoaren bizi kalitatea hobetzeko, zeharbidea bulebar bihurtzea giltzarrizkotzat jo dutela añorgatarrek aspalditik.