AKTUALITATEA


| 2024-06-24 10:34:00

Donostian gaur egun bost energia komunitate daude indarrean, ordea, horietatik bik baino ezingo dute Udal Gobernuaren diru laguntzetara aurkeztu, horien artean dago Petronorren filiala den Edinor enpresari lotutakoa (Berion), kooperatiba gisa sortu diren Bera Bera, Añorga eta Igeldokoa kanpoan utziz. Udal Gobernuak datorren urteko partidari begira ‘arazoa’ konponduko duela esan arren, aurten ere diru laguntzekin ekimen guztiak babesteko eskatuko dugu kontrol mozio bidez hala iragarri zutelako eta horren baitan aurreikusi dutelako auzotarrek proiektua eta inbertsioa. Horrelako erabakiek aurrekari kezkagarria izateaz gain, ez du ziurtasuna helarazten etorkizunean martxan jarri nahiko luketen auzoetara. Osoko Bilkuran kontrol mozioa defendatuko dugu.

Larrialdi klimatikoaren testuinguru batean, energia ekoizpen eta kontsumo eredu berri batera moldatu beharrean gaude, baita ere, jakina, Donostian. Inor ez dago krisi ekologikoaren ondorioetatik salbu, horregatik, ezinbestekoa eta beharrezkoa da urratsak ematea, bideak urratu eta egoerara apropos erantzuteko gai diren ekimenak babestea. EH Bildutik uste dugu Udal erakundeen ardura ere badela haien alboan egotea.

Gizarte zibila martxan dago eta dinamika berriak aktibatzeko gaitasuna eta prestutasuna erakusten ari da autokontsumorako energia ekoizten, bai modu indibidualean, bai komunitatean. Eta hemen ere, Donostia ez da salbuespena. Zehazki, Tokiko Energia Komunitate (TEK) gisa ezagutzen diren bost talde daude gaur egun indarrean: Bera Beran, Berion, Garberan (Altza-Intxaurrondo), Añorgan eta Igeldon.

Eraldaketa honetan, administrazio publikoak bere jardun eremuan aintzindaria ez ezik, eredugarria izan behar duela kontutan hartuta, ez dugu ulertzen nola Udal Gobernuak iragarri zituen diru laguntzetatik kanpo utzi dituen Igeldo eta Añorga. «Tokiko erakundeen ardura da prozesu hauek erraztea. Izan ere, energia berriztagarrien aldeko apustuak lankidetza publiko komunitaroa eskatzen du», defendatu du Markel Ormazabal zinegotziak.

EAJ eta PSEren 2023-2027 Gobernu Programan aipamen zuzena egiten zaie TEK-ei, zehazki “Donostia Berdea Klimaren aldeko apustua” atalean, halaxe: “Energia-komunitateak: etxeetan, komunitateetan eta eraikin publikoetan energia kudeaketa eraginkorra sustatzen eta errazten duten ekimenak, proiektuak eta laguntzak aktibatzea”.

Eta, ildo horretan, Udalak “energia berriztagarrien komunitateak sortzeko eta haien instalazio fotovoltaikoetan inbertitzeko” diru laguntza lerro bat abian jarri duen arren, ez ditu denak babestu. Gure harridurarako, eskaera egiteko baldintzetan ‘sozietatea’ izatea exijitzen da, ‘kooperatiba’ren figura kanpoan utziz.

Honela, Donostiako bost TEK horietatik hiru Añorgakoa, Igeldokoa eta Bera Berakoa, bultzada ekonomikorik gabe utzi ditu. Kontrara, beste biak ekonomikoki babestu ditu, horietako batek, Beriokoak, justuki Petronorren Edinor filialarekin lan egiten du.

Erabakiaz gehiago jakin asmoz, iragan berri diren batzordeetan aurkeztu genuen interpelazioa EH Bildutik, eta ostegun honetako Osoko Bilkuran ere defendatuko dugu kontrol mozioa, ostegun honetan, hilak 27. Zinegotzi ordezkariak emandako azalpenak ez dira nahikoak, eta atzera egitea eskatzen diogu Udal Gobernuari. Ez da nahikoa esatea egoeraz jabetu direla eta datorren urterako ‘arazoa’ bideratuko dutela, izan ere, iragarri ziren diru laguntzak kontutan hartuta egin dituzte komunitate hauek inbertsioak eta plangintza. Erakundeek helarazi zietelako izango zituztela, eta orain erakunde berberek kanpoan utzi dituzte.

Arazoa zera da: klima larrialdi egoera deklaratuta, premiazkoa da energia trantsizioa azkartzea eta Donostiako Udalak ahaleginak biderkatu behar dituela uste dugu. Aipatu bi energia komunitateetako lagunek egindako inbertsioak itzulera publikorik ez badu, horrelako ekimenak abiatzeko aurrekari zinez desegokia sortuko du.

«Zein mezu helarazten zaie herritarrei halako ekimenei bizkarra eman edo erraztasunak beharrean trabak jartzen bazaizkie? Ez dago eredu aldaketa baten aldeko apusturik», erantsi du Ormazabalek.

Horregatik, kontrol mozioan Udal Gobernuari eskatzen diogu lehentasunez sustatzea auzotarren artean abiatutako energia komunitateak, horretarako beharrezko laguntza eta aholkularitza eskainiz. Eta hori bezain garrantzitsua, atzera egin eta ziurta dezala hirian abian dauden TEK guztiek aurten diru laguntza jasotzeko aukera izango dutela.