Anoetako Antonio Elorza belodromoa aldi baterako itxiko du Donostiako Udalak astelehenetik aurrera, hilak 9, estalkia modu integralean eraberritzeko lanak direla eta. Zehazki, atletismo eta txirrindularitza pistak itxiko dituzte, eta gimnasioa eta jarduera aretoak irekita egongo dira. Donostia Kirola udal erakundeak eman du itxieraren berri, baina ez du argitu noiz arte luzatuko den.
Estalkiaren lanak egin behar diren arren, Belodromoaren itxiera honek denboraldiaren gorenean hartu ditu Gipuzkoako atletismo eta txirrindularitza federazioak, aurretik ere egoera zailean eta prekarioan aritzen diren bi modalitate. Abendua da Gipuzkoako atletismoarentzat txapelketa gehien dituen garaia, eta txirrindularitzaren kasuan, indoor denboraldia hasi berri du. Belodromoa itxita egongo den epealdian kirolariek alternatibarik ez dute ez entrenatzeko ez lehiatzeko azpiegitura honek ematen dituen baldintzekin.
EH Bildutik jakin badakigu lanen epeak ez direla adostuak izan atletismo zein txirrindularitza federazioekin eta hori bada, gure iritziz, egin beharreko gutxiengoa, izan ere, haien kirol-egutegian eragin dituen ondorioak begi bistakoak dira: gaur gaurkoz ezin da bermatu programatutako txapelketak bere horretan mantenduko direnik. Hain justu, entrenamendu eta txapelketa gehien dauden hilabeteetan lanak egitea saihestu aldera, udaberria eta udara dira momentu aproposenak, federazioek azken hilabeteotan adierazi duten bezala.
Horrelako lanen aurrean, inplikatuta diren agenteekiko gardentasuna eta komunikazio zuzena eskatzen ditugu EH Bildutik, eta aurreikuspenak behar diren epeetan egitea alternatiba egingarri bat antolatu eta eskaini ahal izateko, baldintza duinetan kirola egin eta zalegoak ere kirolaz gozatzeko. Programatuak diren txapelketak eta kirol hitzorduak bertan behera uzteak ezin du irtenbidea izan berez zailtasun handiak dituzten kirolari eta diziplinentzat, kasu honetan atletismoarentzat eta txirrindularitzarentzat.
Gure aldetik, federazioak entzun eta gure esku dauden ekimenak martxan jarriko ditugu Donostiako Udalaren baitan, besteak beste, lanen iraupenaz eta garapenaz interesatuz eta federazioekin komunikazioa nahikoa aurreikuspenarekin egitea eskatuz. Ez da posible erabakien berri egun batetik bestera ematea asko direlako inplikatutako klubak eta kirolariak.