AKTUALITATEA


| 2022-11-23 12:22:00

Amarako eta Beraungo anbulategietan ordutegi murrizketak iragarri ditu berriki Osakidetzak. Orain arte arratsaldeko 20:00ak arte atentzioa bermatzen zuten anbulategi horiek 17:00etan itxiko dituzte ateak eta, hemendik aurrera, bertara gerturatzen ziren pazienteak larrialdietara bideratuko dira.

Donostiako Osasun Zerbitzu Publikoak dituen gabeziak eta Eusko Jaurlaritza ezartzen ari den murrizketak salatzen ari da EH Bildu pandemia baino lehenagotik. Kalitate galera zerbitzuan etengabea da: Intxaurrondoko zentroan pediatra plaza bateko murrizketa eta hitzorduen atzerapena; osasun mentaleko zerbitzu publikoen saturazioa hirian, Gaztedi elkartearen salaketaren bidez; Amara Berri auzo elkarteko kideek salatutako auzoko anbulategian pediatra euskaldun baten falta; Ekialdean espezialitate eta larrialdi-zerbitzu falta; Bidebietan mediku bat erretiratu da, ez da ordezkatu eta, horren ondorioz, arratsaldeko hitzorduen %50 bertan behera utzi dira; Altzan hiru mediku bajan daude eta ez dira ordezkatuak izan, eta abar.

Eta zer esan hiriak behar dituen anbulatorio berriei buruz. Eneko Goia alkatetzara iritsi zenean, duela 7 urte eta erdi, karteran zituen hiru anbulatorioetako bat egin du, Aietekoa. Parte Zaharreko anbulatorio berriak hainbat urteko atzerapena pilatu du eta Txomin-Eneak proiekturik gabe jarraitzen du, nahiz eta partzela bat hutsik dagoen, zain.

Hala ere, jakina denez, EAJk ukatu egiten du osasun-zerbitzuan murrizketak egon direla eta kalitatea galtzen ari dela, nahiz eta lehen arreta gero eta kolapsatuagoa egon gure hirian. Alkateak Osasun Departamentuan konfiantza izateko eskatu die donostiarrei, eta ez du neurririk hartu egoera zuzentzen saiatzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren aurrekontuaren pisua jaitsi du 2023ko aurrekontu-proiektuan.

Nolanahi ere, Goiak eskatzen duen konfiantzak ez die soluzioa emango egunero ezinean lan egiten duten profesionalei, lehen arretan hitzordua lortu ezinik larrialdietara joan behar duten pazienteei eta zita bat hartzeko itxaron epeei. Beharrezkoa da Udal Gobernuak eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzea, hiriko anbulategietan ematen ari diren murrizketak eta arreta arazoak ekiditeko.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk mozio bat erregistratu du, biharko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dena.

 

KONTROL MOZIOA


1.- Udalbatzak eskatzen dio Udal Gobernuari premiazko bilera dei dezala Osasun Sailarekin, hiriko anbulategien murrizketen eta gabezien inguruan hitz egiteko eta haietan kalitatezko osasun arreta bermatzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aztertzeko.

2.- Udalbatzak eskatzen dio Udal Gobernuari Osasun Sailari eska diezaiola Donostian ordutegi murrizketa jasan duten anbulategietan hartutako erabakia atzera botatzeko eta zerbitzua lehengoratzeko.