AKTUALITATEA


| 2023-05-14 19:06:00

Izagirrek balioan jarri du, gaur eguerdian Amara Berriko Ferrerias plazan, auzoek «eta egunero bizia ematen dieten pertsonek» hiriaren eraikuntzan duten garrantzia. «Esaten dugunean maite dugula Donostia, ulertu behar dugu maite dugula Donostia eta maite ditugula bere auzoak; maite ditugula bertan bizi zaretenak eta egunero egunero auzo hauei bizitza ematen dietenak».

Izan ere, Amara Berrin ere bete-betean pairatzen ari dira hiriak hartu duen joeraren ondorioak: «etxebizitza bat erostea edo alokatzea ezinezkoa da gehienentzat, gazteak ezin dira emantzipatu, tokiko dendak desagertzen ari dira, donostiar gehienak desplazatuta sentitzen dira turismoaren saturazioagatik kaltetutako eremuetan, eta mugikortasun-aldaketa ulergaitzak egin dira».

Horren ondorioz, «Donostia bere izaera galtzen ari da, donostiar asko ez dira protagonista sentitzen bere auzoan, hartzen diren erabakiak beraien beharrak kontutan hartu gabe hartzen direla diote» adierazi du Izagirrek. Eta hau zergatik gertatzen den galdetu dio bere buruari: «Jendea aldendu da bere kabuz, ala eraikitzen ari den hiri eredua da jendea urrundu duena?».

Izagirrek herritarrak animatu ditu hiriaren norabidea aldatzera: «Garaia da donostiarrek beren bizi proiektuak Donostian egin ahal izateko aukerak eskaintzeko, eta auzoak bizigarriago bihurtzeko».

«Hau hiri osoan eta auzo bakoitzean aplika daiteke. Amara Berriri ere bai, noski», azpimarratu du. Alkatetzarako hautagaiaren hitzetan: «Amara Berri ere berreskuratu behar delako eta berreskuratuko dugulako. Amaratarrek sentitu behar dute Amara Berri beren eskuetan dagoela berriro, dituzten arazoei erantzun egokiak eta konpartituak ematen direla. Amara Berri berriro auzo bizi eta bizigarria izango dela eta auzoan disfrutatu eta zuen bizi-proiektuak garatu ahal izango direla, auzoak behar dituen zerbitzu eta ekipamenduak bermatuak izango dituelako».

Amaitzeko, Izagirrek maiatzaren 28an jokoan dagoenari buruz hitz egin du: «Hiri gisa, helburua da herritarrei bermatzea Donostian eta Amara Berrin bizi ahal izango direla, Donostian eta Amara Berrin emantzipatu eta duintasunez zahartu ahal izango direla». Baina hori guztia gerta dadin, «ezinbestekoa da gobernua aldatzea, Goiak lekua utzi behar dio gobernu berri bati, egoera honen ardura duenak ezin baitu izan egoerari konponbidea emango diona» nabarmendu du Izagirrek.