AKTUALITATEA


| 2019-03-24 12:40:00

EH Bilduk Donostiako Udal Gobernuaren ardura hartu zuenean, 2011n, hiriaren arazo oso larri bati konponbidea emateko konpromisoa hartu zuen: Martutenen eta Txominen aldiro-aldiro izaten ziren uholdeak amaitzea. Ordura arte inork egin ez zuena egin zuen EH Bilduk (1) eta, horrela, gaur egun esan dezakegu arazo hura bideratu genuela eta uholde arriskua asko mugatu dela -nahiz eta oraindik ere lan asko egin behar den-. Eta soluzio hori herritarren eskutik egin zuen EH Bilduk: haiei hitza emanez eta erabakiak haiekin batera hartuz.

“Uholderik gabeko hirian bizi ahal izatea lehentasunezkoa den bezala, orain, kosta ahala kosta, hiriaren beste arazo bati heldu behar zaiola uste dugu: Donostian dauden desorekak gainditzea. Izan ere, tamalez, azken legealdian, desoreka horiek murriztu baino biderkatzen ari dira (2). Eta, batez ere, desoreka horiek agerikoagoak dira Altza, Bidebieta eta Intxaurrondorekin alderatuta”, esan du Reyes Carrerek.

50eko eta 60ko hamarkadetan Gaztelatik, Andaluziatik, Galiziatik edo Extremaduratik milaka langile familia etorri ziren inguru honetara bizitzera; biztanle kopurua nabarmen hazi zen oso urte gutxitan, eta urbanistikoki ere zabalkunde handia gertatu zen.
Aurreikuspen eta kontrolik gabeko hazkunde haren eta geroztik egindako politika eskasen ondorio dira orain bizi ditugun desorekak. Hiriaren planifikazioan dikotomia bat planteatu zen, gaurdaino iritsi dena: zerbitzuak erdigunean, eta Ekialdean, etxebizitzak. Bertakoek askotan dioten moduan, “beste auzoetan zerbitzuak ezartzen dituzte, guk ekarri egin behar izan ditugu”. Adibide asko daude, baina segur aski ezagunena bus zerbitzua (13. linea) da, auzotarrek egindako mobilizazioen eta N1-eko bide mozketen ondorioz sortu zen eta. Edo, hain urruti joan gabe, Bidebietako institutua ez ixteko martxan jarritako “marea horia” edo Altzako behin-behineko kiroldegia eskatzeko mobilizazioak.
Udal zerbitzuk ekartzeko eta, azken batean, bertako bizi kalitatea hobetzeko egindako mobilizazio hauek dira Donostiako Ekialdeko biztanleen beste ezaugarrietariko bat: sektore eta sentsibilitate politiko eta sozial guztiek bat egin dute, betidanik, aldarrikapen hauetan. Jendeak bertan lan, bizi eta disfrutatu nahi du, eta ongi  bizi gainera.
Gaur egun, 45.000 lagun inguru bizi dira Bidebietan, Altzan eta Intxaurrondon (alegia,donostiarren laurdena); Ekialdeko populazioa Donostiako batez bestekoa baino gaztexeagoa da (gazte gehixeago, proportzioan, eta hirugarren adineko gutxixeago), errenta Donostiako batez bestekoaren azpitik dago (24.552 euro Donostian, 19.000 euro ingurukoa Bidebieta eta Intxaurrondon, eta 16.575 euro Altzan), igogailu beharra duten etxebizitzen kopuruak (Ekialdeko etxebizitzen %30,7) bikoiztu egiten du Donostiako batez bestekoa (%16,5), langabezia tasa lau puntu altuagoa da (%12koa Ekialdean, eta %8 Donostian) eta oso datu kezkagarria: bertako biztanleriaren batez besteko bizi itxaropena Aietekoarena baino lau urte baxuagoa da.

Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoren beharrak, bertako herritarrek urte luzez egindako eskaeretan islatuta, nabarmenak dira: ekonomia suspertzeko eta lan duina sortzeko elementuak, espazio publikoaren berrazterketa, inguruko auzo eta herriekiko zein barne mugikortasuna hobetzea, etxebizitzak berritzea, auzo bizitzari eusteko neurriak eta, oro har, inguru honetako herritarren bizi kalitatea hobetzea.
Azken urteotan Ekialdeko Barrutia martxan jarri da eta, Donostiako EH Bilduren ustez, tresna egokia izan daiteke hiru auzo hauekin dauden desorekak gainditzen hasteko. Baina horretarako, gaur egun dituenak baino eskumen gehiago eman behar zaizkio Barrutiko Juntari, eta honek bere erabakiak hartzeko auzotarren partaidetza areagotu behar du. Ildo honetatik, Donostiako EH Bilduk Ekialdean Bizi programa aurkeztu nahi die Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako herritarrei eta gainerako donostiarrei. Programa ireki bat da -baina neurri zehatzak jasotzen dituena-, bertako herritarrekin batera zehaztu, landu eta garatu beharrekoa (Urumea Ibarrean 2011-2015 agintaldian egin bezala, alegia).
“Donostiak Altzarekin, Bidebietarekin eta Intxaurrondorekin duen zor historikoa kitatzeko garaia da. Herritarren arazoak konpondu eta haien bizimodua hobetzea izan behar da Udalaren helburu nagusia eta ez besterik. Horregatik jarri zuen EH Bilduk lehentasuna Urumean aurreko agintaldian, eta horregatik jarriko dugu lehentasuna Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon datozen lau urteotan. Donostia orekatu batean sinesten dugulako eta Ekialdeak ere Donostiari ekarpena egin diezaiokeela uste dugulako”, adierazi du Carrerek.

 

NEURRIAK
Ekidaldean Bizi programak honako neurri hauek jasotzen ditu, EH Bilduk Donostiako Alkatetzatik sustatuko dituena:

1. Espazio publikoaren auditorioa egitea, kalitate estandarrak gure kaleetara ere ekartzeko helburuarekin. Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko haur parkeen, lorategien, mobiliario urbanoaren, espaloien eta errepideen egoeraren auditoria bat egitea eta lau urteetarako programa bat abian jartzea (udal hauteskundeen atarian obra batzuk egiteko ohitura hori amaitu eta legealdi osorako programa bat abian jartzeko). Era berean, hiru auzoetan, mugimendu feministak puntu kritikoen mapak egin ditu eta Udalak plan urbanistikoak diseinatu behar ditu haiek ahalik eta azkarren
ezabatzeko.

2. Donostiako sustapen ekonomikoaren erdigunea Ekialdera ekartzea eta eredu berriak ezartzea. Hiru ildo proposatzen ditugu: bi motor ekonomiko eta biziberritze bat.
• Lehen motorra: kooperatiba haztegia. Kooperatiben haztegia
Eraldaketa Soziala helburu duten esperientzia sozioekonomikoen bilgunea izango da, inteligentzia kolektiborako laborategia. Pertsonen arteko elkarlana ardatz, eta komunitatearen ongizatea helburu, proiektu sozioekonomikoak garatu, egonkortu eta hedatzeko baliabideak eskainiko dira bertan. Lanpostuak sortzeko eta ingurune osoa ekonomikoki suspertzeko tresna izango da kooperatiba haztegia.
• Bigarren motorra: energia berriztagarriak. Mundu osoko hiri
guztiek bezala (3) , Donostiak energia berriztagarrietan eta energia eraginkortasunean oinarritutako estrategia diseinatu eta ezarri beharko du, epe ertain batean bertan kontsumitzen den energia guztia berriztagarria izan dadin. EH Bilduren proposamena da Donostiak apustu honi Ekialdetik heltzea,
hemendik hasi eta hiri osora zabalduko den estrategia baten bidez. Estrategia honek bi zutabe izango lituzke:
1-Energia berriztagarrien Lanbide Eskola bat irekitzea. Dagoeneko garatzen ari den sektore ekonomiko berri honek teknikari kualifikatuak eskatuko ditu,eguzkiaren energiaren panelak diseinatzeko eta jartzeko, energiaren erabilera efizientea ziurtatzeko eta abarrerako.
2-Unibertsitate Publikoa La Herreran kokatzea, itsasoaren
energia berriztagarriaren teknologietan aitzindaria izango dena.
• Biziberritzea: merkataritza txikia suspertzea, auzo biziak izateko. Dendarientzako hobariak ezarriko ditugu, gure kaleak eta plazak bizirik mantentzeko. Gipuzkoako Batzar Nagusiek duten zerga eskumena baliatuko dugu horretarako, bertako dendariei hobari fiskalak emateko (OHZ...).

3. NAZARET Lanbide Eskola Eraikuntza Institutuan kokatzea. Nazaret eta Eraikuntza Institutuaren lursailak Kutxa Fundazioarenak dira. Nazaret Aldakoenean dago (Egia), baina Kutxak Infernura eraman nahi du, bertan etxebizitzak egiteko. Eraikuntza Institutuan ere etxebizitza gehiago egin nahi ditu. Nazaret-ek Lanbide eta Hobetuz-eko ikastaroak ematen ditu eta astero ehunka ikasle pasatzen dira bertatik. Horrelako azpiegitura bat Altzan kokatzea oso interesgarria izan daiteke, bertakoei kalitatezko hezkuntza emateaz gain, Donostia eta Gipuzkoako beste eremu batzuetatik jendea erakarriko lukeelako.

4. Etxebizitzak berritzea. Intxaurrondo, Altza eta Bidebietako etxebizitza parkea zaharkitzen ari da eta, horregatik, etxebizitzak berritzeko programa bat behar beharrezkoa. Ezinbestekoa da, esaterako, igogailu faltari aurre egitea. Garai batean Parte Zaharra berritzeko abian jarritako Parvisa bezalako tresna baten bidez egin daiteke berrikuntza orokor hau. EH Bilduren iritziz, hau da biderik onena etxebizitza duin bat izateko denok dugun eskubidea bermatzeko, eta ez Auditz-Akular bezalako marko-proiektu urbanistikoak. Zentzu honetan, gaur egun Donostiako Plan Orokorrean Ekialdean etxebizitzak egiteko
aurreikuspen gehiegi daude (Txingurri, Altza Gaina, Herrerako gaur egungo futbol zelaia...). Etxebizitza gehiago eraiki baino, bertan bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetzea izan behar da Udalaren helburua.
5. Bizi kalitatea hobetzeko obrak egiteko premiari erantzun. Altza,
Intxaurrondo eta Bidebietan hobeto eta osasuntsuago bizitzeko, auzotarrak aspaldi eskatzen ari diren zenbait ekimen lehenetsi behar dira: Intxaurrondoko tren lubakia estaltzea, Santa Barbarako azpiestazio elektrikoa estaltzea, Oletako eskailerak berritzea, Herreran errepideko zuloak estaltzea eta abar. Honekin batera, gune estaliak biderkatu behar dira hiru auzoetan, kaleko bizitza
suspertzeko helburuarekin.
6. Hizkuntza minorizatuen gune Ekialdean kokatzea. Intxaurrondo,
Altza eta Bidebietako nortasunaren ezaugarririk nagusietarikoa da bertan jatorri oso anitzeko jendea bizi dela. Garai batean euskara zen hizkuntza nagusia eremu honetan, baina gero bakoitzak bere hizkuntza, kultura eta ohiturak ekarri ditu, eta horrek auzoak aberastu ditu, baina euskara egoera minorizatuan geratu da. Hori dela eta, euskara eta hizkuntza minorizatu guztien aldeko gunea ezartzeko lekurik egokiena da Donostian.

7. Kultur bizitza suspertzea. Donostiako Udalak Altzan, Intxaurrondon eta Bidebietan egiten diren jaialdiak indartu behar ditu, inbertsio ekonomikoa biderkatuz. Dagoeneko arrakasta handia duten ekitaldiak indartzeari buruz ari gara: iñauteriak, rock kontzertuak... Eta festibal berri bat martxan jarriko dugu: kale artearen festibal berria, kontuan hartuta bertan duen ezarpen
maila eta dauden aukera estrukturalak.
8. Mugikortasun loturak hobetzea. Garraio publikoa da biderik onena
era eraginkor eta jasangarri batean mugitzeko, eta horregatik, dBus-eko ekialdeko lineetan ez da murrizketarik ezarriko; ez Donostiaren eta Gipuzkoa ekialdeko udalerrien arteko konexioetan, ez hiru auzoen arteko konexioetan ere. Ekialdera joateko (Irun- Errenteria), Eusko Jaurlaritzak Altza-Galtzaraborda Topoko zatiaren eraikuntza lehenetsi behar du. Honekin batera, Herrerako RENFEren apeaderoa berritzeak ezin du gehiago itxaron.

Hau dena gauzatzeko, gainerako instituzioen aliantza bilatuko du EH Bilduk Donostiako Alkatetzatik. Horrez gain, esan bezala, programa ireki bat da, altzatarren, bidebietarren eta intxaurrondotarren parte hartzea ezinbestekoa duena, eta alde horretatik, Urumea bailaran egin bezala, auzotarrek
erabakiguneetan hitza eta erabakimena izatea bermatuko du EH Bilduk, Barrutiko Juntaren jarduna eta kontuan hartuta. “Donostia orekatu bat nahi dugu,ekonomikoki, sozialki, auzoen artean, baita naturarekin ere. Herritarren bizimodu duina bermatzea eta haien bizi kalitatea hobetzea da gure programaren ardatz nagusia, eta ez gutxi batzuen interesak defendatzea. Eta
horrek esan nahi du datozen lau urteetan Donostiak Ekialdeari begiratu behar diola, arduraz, eta bertako herritarrekin batera, ingurune hau biziberritzeko programa bat abian jarri behar duela.

Hori da gure konpromisoa, Donostiako Alkatetzatik bultzatuko duguna”, esan du EH Bilduko alkategaiak. “Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta oso urrun geratzen dira Kontxako Badiatik. Asko pozten nau Reyes Carrerek Ekialdean Bizi programa aurkeztu izanak, inguru hau ahaztuta egon da-eta urte luzez”, esan du Juan Karlos Izagirrek. Foru hauteskundeetarako EH Bilduko zerrendaburuak erabakiak hartzeko modua nabarmendu du: “Reyesek eta EH Bildu osatzen dugun guztiok argi dugu nola egin behar den politika; inondik ere ez despatxo urrunetan eta herritarrei bizkarra emanda. EH Bilduk herritarrekin eta herritarrentzat egiten du politika”.


 

Oharrak

(1) Urumeako uholdeei soluzioa jarri izana beren lorpen moduan aurkeztu nahi dutenei gogorarazi behar zaie 2010eko maiatzean Donostiako Udalak bertan behera utzi zuela Urumea Ibarreko planemanedua, honako honengatik (hitzez hitz): “Urumea Ibarreko aldiriko eta abiadura handiko trenbide sareen ibilbideengatik eta haien eraginarengatik”.

(2) Auzoen arteko desorekak asko hazten ari dira Donostian. Eustatek argitaratu dituen azken datuen arabera (2016. urteari dagokiona), errenta altuena duen auzoaren (Miramon) eta errenta txikiena duenaren (Altza) arteko ratioa 2,69 puntutik 3,24ra pasatu da urtebetean, eta dagoeneko Bilbo eta Gasteizen pare gaude (historikoki bi hiri hauetan desorekak askoz handiagoak izan dira, eta Donostian auzoen arteko desberdintasunak ez ziren hain handiak).

(3) https://www.energias-renovables.com/panorama/un-centenar-de-ciudades-grandes-del-mundo-20180307