Donostia

Albisteak

Altzako kiroldegiko obretan salatu diren lan irregulartasunekin amaitzeko eskatu dio EH Bilduk Eneko Goiari


Datorren asteleheneko Udal batzordeetan Udal Gobernuak hartuko dituen neurriak azaltzeko eskatu dio EH Bilduk alkateari

| 2020-02-12 12:26:00

Duela egun gutxi, Altzako kiroldegia eraikitzeko obretako langileak jasaten ari diren egoera larriaren berri eman da. Argitaratutako informazioen arabera, Donostiako Udalak sustatutako obra honetan langilek salatu dute hainbat hilabete daramatzatela kobratu gabe.

Gainera, horri gehitu behar zaio, ELA sindikatuak salatu duenez, Gipuzkoako eraikuntzako lan-hitzarmenak eskatzen dituenak baino %33 eta %40 arteko kotizazio-oinarri txikiagoak aplikatzen ari direla.

Deskribatutako egoera tamalgarrian dauden langileen egoeran eragina izateaz gain, honek eragina du baita bertako establezimenduetan ere. Izan ere, aipatutako informazioaren arabera, langileen egoera ekonomiko kaskarra dela eta, bazkaltzera eta afaltzera joaten diren tabernari edo aste barruan gaua igarotzen ari diren ostatuari ezin diete ordaindu.

Hori guztia ikusita, EH Bilduk urgentziazko eskaera bat erregistratu du, Eneko Goiak astelehen honetako Udal batzordeetan Donostiako herritarrei azal diezaien ea Udal Gobernuak egoera larri hori zuzentzeko neurriren bat hartzeko asmorik duen. Zehazki, galdera hauei erantzun beharko die alkateak:

  • Zergatik gertatzen ari da deskribatutako egoera? Alkateak jarduera edo esku-hartzeren bat egiteko asmorik al du udal obra batean langileei ez ordaintzea eragozteko?

  • Langileen egoeraz interesatzeko zerbait egin al du Eneko Goiak? Hitz egin al du obraren esleipendunarekin? Interesatu al da alkatea auzoan sortzen ari den egoeraz?