AKTUALITATEA


| 2021-09-27 12:10:00

Kiroldegia egiteko lanak hasi zirenetik bi urte eta hiru hilabete igarota, asko atzeratzeaz gain (urte eta erdian egitekoak ziren) eraikitze lanak 3,5 milioi euroan garestitu dira (+ % 28). Hiru kolpetan egindako aldaketekin, 15.918.070,70 €ra iritsi da kostua eta ia berdindu egin du esleipeneko lehiaketako lehen prezioa. Garestitzea gertatu da Udal Gobernuak onartu egin dituelako kiroldegiaren hasierako egitasmoa diseinatu zuten proiektugileek beraiek egindako aldaketa proposamenak. Horietako aldaketa batzuk garestiak eta esanguratsuak izan dira, hala nola estalkiaren egitura merkatuan erostea, orubean bertan egin beharrean; hormei akabera estetiko ezberdin bat ematea; edo hasiera batean kontratatutakoei hornidura berriak gehitzea.

Udal Gobernuari galdetu diogu okerra al zen kiroldegiaren lehen egitasmoa. Ezetz erantzun digu, proiektua hobetzeko asmoz egin dituela aldaketak; beraz, ez ziren nahitaezkoak. Orduan,

Zilegia al da 600.000 €ko lehen garestitze bat onartzea, jakinik eraikuntza enpresa horiek hainbat hilabetetako soldatak eta dietak zor zizkietela, garai berean, kiroldegia eraikitzen ari ziren langileei (bi langile taldek ez zuten dirurik jaso)?

Areago, zilegia al da 1,6 milioiko garestitzea onartzea bigarren aldaketan, jakinik, garai berean, Covid19aren testuinguruan, Udal Gobernuak erabaki zuela Ekialde Barrutiaren 2,5 milioi euroko aurrekontua blokeatzea (Larratxoko parkea estaltzea, Txaparreneko bidegorria hobetzea, Bidebietako bidegorria egitea…) eta beste hainbat murrizketa egitea hirian?

Eta bidezkoa al da, pasa den ekainean, aski baliabiderik ez duelako, DBusen 31 linea (Altza-ospitaleak) murriztuko duela edo 38 linea ez dela Bidebietako osasun etxean geldituko jakinarazi zuen garai berean, beste 1,3 milioi euro garestitzea eraikitze lanak?

Horiek horrela, argi diogu, Udal Gobernuak arinegi hartu dituela Altzako kiroldegia eraikitzeko lanak aldatzeko, garestitzeko eta atzeratzeko erabakiak, besteren artean, ez dituelako partekatu erabiltzaileekin eta, oro har, altzatarrekin; ez dielako udal taldeei, ezta Ekialdeko Barrutiari ere, erabaki horien zuzeneko jarraipenik egiteko aukera eman; kiroldegi berriaren egitasmoa onartuta eta indarrean egonik, ez delako aski justifikatu aldaketa horien beharra, areago pairatzen ari garen pandemiaren testuingurua kontuan izanik.

Jakinik ere gertatu ohi direla aldaketak azpiegitura publikoak eraikitzeko lanetan, harrigarria iruditzen zaigu Altzako kiroldegiko eraikitzaileek ia osorik berreskuratu izana esleipeneko lehiaketan beraiek eskainitako beherapena. Horregatik, ulergarria iruditzen zaigu herritarren artean susmoak eta kezkak piztea.

Kiroldegiko obraren sustatzailea Donostiako Udala da, eta diru sail esanguratsu bat aurreikusi zuen azpiegitura honen eraikuntzarako. Horregatik, ez diogu bidezkoa irizten altxor publikoarekin horrela jarduteari. Herri ordezkarioi eskatzen zaigu arduratsu jokatzeko herriaren interesen defentsan, eta ez aritzeko beste interes batzuen mende.

Horiek horrela, datorren osteguneko plenoari begira, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du eskatzeko Udal Gobernuari dei dezala bilera publiko bat Altzan, kiroldegiko erabiltzaileei eta, oro har, altzatarrei azalpenak emateko, batez ere kiroldegiko estalkiaren egitura aldatzearen inguran. Era berean, eskatuko diogu Udal Gobernuari txerta dezala tresna juridiko-administratibo bat obra publikoen lizitazioetan, lanak gauzatzeko epeak % 20ko atzerapena edo handiagoa izango duten kasuetan, eragindako herritarren aurrean azalpenak eman behar izateko.

Azken finean, Eneko Goiaren Gobernuan obra handien kudeaketan dagoen iluntasunarekin amaitzeko eskatuko dugu, eta kontratazio publikoetan gardentasun handiagoz jarduten hasteko.