Bizpahiru egunetan, Gros auzoa jubilatuen etxerik gabe geratuko da 43 urtez etenik gabeko jardueraren ondoren. Udal Gobernu honek arrazoi teknikoak direla-eta Zabaleta kalean dagoen egoitza ixteko erabaki azkar eta aldebakarrekoa hartu izanak elkargune batetik askoz haratago doan zerbaiten amaiera dakar. Hitz gutxitan esanda, leku neuralgikoa da, non komunitatea egiten den, harreman sozialak indartzen diren eta nahi ez den bakardadeari aurre egiten zaion. Azken batean, gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du. Izan ere, hiriko adin-indize altuena duen auzoa da: auzotarren % 31,8k 65 urte baino gehiago ditu.
Egoerak kezkatu egiten gaitu EH Bildun, eta hala jakinarazi dugu bai batzordeetan, bai pasa den azaroko Osoko Bilkuran, non Zabalzaren erabiltzaileak saiatu baitziren, arrakastarik gabe, hitza hartzen sentitzen duten ezinegona adierazi ahal izateko.
Adierazi behar dugu, berriro ere, Insaustiren Gobernuak planteatu duen alternatiba ez dela nahikoa: Nafarroa Beherea plazako lokalak, behin-behinekoa izateaz gain, ez du bermatzen proiektuak modu integral batean irautea, eta, hain zuzen ere, horrek izan behar du helburua. Hau da, etorkizunean planteatzen den kokapen berriak iraunkorra izan behar du denboran, eta gaur egun Zabalzan eskaintzen diren zerbitzu eta jarduera guztien bideragarritasuna blindatu behar du.
Ostiral honetan Izar Hernando eta Ricardo Burutaran zinegotziek eskainitako agerraldian, EH Bildutik Gobernu talde honi eskatu diogu erantzukizunez eta konpromisoz inplika dadila lokal berri horren bilaketan. Itxieraren arrazoia teknikoa bada ere, alternatiba baten falta bai da erabakai politikoa, eta hori da kritikagarria, salagarria. «Planifikazioa falta egon da, eta aurreikuspena eza. Hau da, Insaustiren taldearen kudeaketa txar bat», esan du Burutaranek.
«Badakigu auzoan bertan, Grosen, eta Zabalzatik gertu, lokal erabilgarrien alternatiba bideragarriak daudela, eta horien inbertsioa Udal honek bere gain har dezakeela erabat. Badakigu, baita ere, aukera horiek mahai gainean jarri direla», adierazi du Hernandok. Burutaranek gaineratu duenez, «hori baieztatzea ez da zuhurtziagabekeria, koherentea baizik, are gehiago metro gutxira GOe eraikitzeko auzoan bertan ekipamendu partzela bat laga denean». Hau da, auzoaren beharrak betetzeko ekipamendu-partzela bat lagatzen da, aldi berean, EAJk eta PSEk diotenean gaur egun ez dutela alternatiba egokirik Jubilatuen Etxea instalatzeko. Diru iturriak egon badaude, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) , kasu.
Donostiako auzoek zailtasun handiak dituzte beren jarduerak garatzeko, udal lokalen gabezia errealitate bat baita. Hiri honetako elkarte-sarea eredugarria da, baina, zalantzarik gabe, arlo publikotik bultzada behar du. Sare hori blindatzeko eta indartzeko bitartekoak estrategikotzat jotzen dugu EH Bildutik, hiria auzoetatik eta auzotarrekin egiten delako.
Datorren astelehenean, hilak 22, Groseko Zabalzak ateak itxi beharko ditu, ziurgabetasun garai bat irekiz. Horri dagokionez, leku berriaren behin-behinekotasuna, hitzak berak ondo dioen moduan, behin-behinekoa izan behar da. Behin-behineko irtenbide bat ez enkistatzeko, Zabalzako erabiltzaileekin benetako konpromisoa hartu behar da. EH Bildutik hori horrela izan dadin lan egingo dugu.