AKTUALITATEA


| 2022-12-02 13:32:00

EH Bilduk bere elkartasuna eta babesa erakutsi die Azorak mehatxatu dituen Groseko familia guztiei. Funts putre hori Donostian gehiegizko igoerak ezartzen ari da sistematikoki. Azkeneko asteetan, gutxienez 8 familiei esan die, abenduaren 1erako euren etxeak utzi behar dituztela. Baina kaltetuak gehiago dira, dozenaka familia.

EH Bilduk agerraldia egin du gaur Groseko Galtzada Nagusitik. Bertan Izar Hernando EH Bilduko kideak, zenbait militante eta zinegotziekin lagunduta, nabarmendu du «beste 8 familia Grosetik kanporatuak izateko zorian» daudela, non eta «dagoeneko espekulazioak gehiegi zigortu duen auzo batean».

Izan ere, Donostia osoan etxebizitza larrialdian bagaude ere, Groseko egoera are okerragoa da:

Grosek bere biztanleriaren %7 galdu du azken hamarkadan, Donostiak biztanleria irabazten zuen bitartean. Mirakruz eta Zurriola artean, kale askotan 5 biztanletatik batek utzi behar izan du auzoa. 2021ean, 100 auzotar baino gehiagok utzi behar izan zuten auzoa. Eta, bistan denez, aurten gehiago izango dira.

Gros da babes ofizialeko etxebizitzarik ez duen auzo bakarra.

Grosen pisu turistikoen masifikazio handia dago, 300 baino gehiago, eta horietako asko lehenengo solairuaren gainetik daude. Lehen, etxebizitza horietako asko jendearen bizileku ziren.

Grosen tamaina handiko hainbat hotel daude aurreikusita: Mariaren Bihotza eta Inmaculada Eskola, adibidez.

Hauek horrela, Izar Hernandok adierazi du «’Donostia beti garestia’ izan dela eta gure auzoetan bizi nahi dugulako oso ‘exkisitoak’ garela diotenen aurrean, alternatiba badagoela».

Hauek dira, besteak beste, premiaz hartu beharreko erabakiak:

Alokairuaren prezioa legez mugatu behar da. Funts putre batek ezin du etxe bat erosi; biharamunean, %33 prezioa igo, Grosen Azora egiten ari den bezala; eta gero etxetik bota maizterrak ezin duelako ordaindu. Inmorala izateaz gain, legez kanpokoa ere izan behar du.

Etxebizitza sozial gehiago, batez ere espekulazioak gehien kaltetutako auzoetan.

Alojamendu turistikoen hazkundea mugatu egin behar da lehenbailehen. Gros eremu saturatua izendatu behar da, atzerapen gehiagorik gabe. Donostiak ezin du gehiago itxaron.