AKTUALITATEA


| 2019-04-11 12:27:00

Gaurkoan, Donostiako EH Bilduk maiatzaren 26ko udal hauteskundetarako eramango duen taula programatikoaren laugarren neurria aurkeztu du Reyes Carrerek. Lehendabizi, Energia enpresa publikoa aurkeztu genuen; gero Anoeta Kirol Hiria; hirugarrenik, Donostiako ekialderako programa integrala eta, orain, donostiarrok dugun arazorik larrienari irtenbidea emango dion programa bat aurkeztu dugu: DONOSTIAN BIZI programa, etxebizitzaren arazoari soluzio ausart eta berritzaile bat emango diona.

Neurri sorta hau aurkezteko Artzai Ona aukeratu dugu eremu hau espekulazio inmobiliarioaren adibide paradigmatikoa delako: pisu turistikoak nonnahi, zenbait etxebizitza eraikin osoak hotel bihurtzen ari dira eta ohiko alokairua ikaragarri garestitu da azkenaldian.

Donostiarron arazorik larriena

Reyes Carrere EH Bilduko alkategaiak adierazi duenez, “gaur egungo Donostia ehunka gazte, eta ez hain gazte, kanporatzen ari da inguruko udalerrietara, eta hori galera ikaragarria da: bertan bizi nahi eta ezin dutenentzat, baina baita hiri osoarentzat ere”.

Izan ere, Donostian etxebizitza eskuratzea inoiz baino zailagoa da gaur egun. Alokairuaren prezioaren gorakada da adibiderik mingarriena: agintaldi honetan, alokairuaren prezioa %34 garestitu da. Bestalde, milaka etxebizitza hutsik ditugu. Hiriaren erdigunean lau etxebizitzetatik batean ez dago inor erroldatuta. Eta ondorioa garbia da: ehunka pertsonak utzi behar izaten dute urtero hiria, inguruko udalerrietara bizitzera joateko: Astigarraga, Usurbil, Hernani, Pasaia...

Reyes Carrerek azaldu du “PNV-PSOEk agintaldi honetan egindako kudeaketak arazoa areagotu besterik ez duela egin”. Eta adibide moduan jarri du pisu turistikoen udal ordenantza berriarekin geratutakoa. “Goiak eta Gascok malgutu egin dituzte pisu turistikoak jartzeko irizpideak hiriko eremu gehienetan, eta horren ondorioz, hurrengo hilabete eta urteotan arazoa okertzen joango da, eta alokairuaren prezioak igotzen” nabarmendu du EH Bildu hautagaiak.

Eta beste adibide bat jarri du EH Bilduren alkategaiak: “hotelen zabalkundearen aurrean ezikusiarena egin dute eta horren ondorioz, etxebizitza eraikin osoak hotel bihurtzen ari dira, hemen inguruan [Erdigunea] bertan ikusten den bezala”.

Gainera, Etxebizitza Legeak horretarako aukera ematen duen arren, PNV-PSOEk ez dutela inongo pausorik eman hutsik dauden milaka etxebizitzak merkatura ateratzeko salatu du Carrerek. Areago -jarraitu du- sustatzen ari diren Etxebizitza Planak ez du hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko inongo neurririk aurreikusten.

Eta beste akats larri ba azaldu nahi izan du Carrerek: “Hutsik dauden etxebizitzei IBI-an ezartzen zaien errekargoa %50etik %25era jaitsi dute, merkeagoa izan dadin Donostian etxebizitza bat hutsik izatea.”

Hauek horrela, Reyes Carrere oso argia izan da: “Berriro diot: Goia eta Gascoren politikek etxebizitzaren arazoa areagotu besterik ez dute egiten”.

Donostian Bizi programa

Carrereren hitzetan, “bada garaia norabidea zuzentzeko eta Donostian bizitzeko donostiarren eskubidea erdigunean jartzeko, gutxi batzuen espekulazioen nahien gainetik.” Helburu horrekin, hain zuzen ere, Donostiako EH Bilduk Donostian Bizi programa osatu du.

Programa honetan, etxebizitza eskubidea bermatzeko neurri zehatzak jasotzen dira, batzuk epe motzean ezartzeko modukoak dira, gaur egungo egoera leuntzeko pentsatuta daudenak, eta beste neurri batzuk arazoari konponbide estrukturala emateko diseinatu ditugu.

Premiazko neurrien artean, etxebizitza politikan erabat berria den ildo bat aurkeztu du gaur Reyes Carrerek: alokairuaren prezioak mugatzeko eta jaisteko txokezko plan bat martxan jarriko du EH Bilduk.

Zehazki, alokairuaren prezioaren hazkunde etengabeari aurre egiteko, Gipuzkoak fiskalitatean dituen eskumenez baliatzea proposatu du. Eta txokezko lau neurri fiskal indarrean jartzeko konpromisoa hartu ditu EH Bilduren alkategaiak:

  • Bat: Alokairuaren Prezioaren Erreferenzia Indizea ezartzea Donostian, eremu bakoitzaren errentaren araberakoa. Indizea errespetatzen ez duen jabeak, Ogasunari gehiago ordaindu beharko dio.

  • Bi: IRPFan progresibitate irizpideak ezartzea, pisuak alokatzen ari diren jabe handiek gehiago ordain dezaten.

  • Hiru: Etxebizitza hutsei Etxebizitza Legean ezartzen diren neurri fiskalak aplikatzen hasten den lehen hiriburua izatea.

  • Eta lau: Gaur egun alokairuan bizi direnen egoera leuntzeko, orain jasotzen dituzten kenkariak %20tik %35ra igotzea. Era berean, alokairua ordaintzera inork bere errentaren %30 baino gehiago ez bideratzea bermatzeko laguntza ildo bat sortuko dugu (errentaren %15 egoera zaurgarrian daudenen kasuan).

Hortaz gain, Donostian Bizi programak epe motzean ezarri beharreko beste neurri bat jasotzen du: Pisu turistikoen Ordenantza berri bat ezartzea, hiru neurri jasoko dituena:

    • Lehenik, Parte Zahar osoa -Ekialdeko Zabalgunea barne-, Erdialdea eta Gros saturazio gune izendatuko ditugu.

    • Bigarrenik, lehen solairuaren araua berreskuratuko dugu hiri osoan: lehen solairutik gora ezin izango da inon pisu turistikorik jarri.

    • Eta hirugarrenik, hotelen eta ostatuen baldintza berberak eskatuko zaizkie: soinua, irisgarritasuna, segurtasuna...

Eta epe motzean ezarri beharreko neurri hauetaz gain, egiturazko zenbait neurri ere ezarriko ditugu:

  • Europako beste hiriburuetan egiten duten bezala,Vienan edo Berlinen adibidez, Donostia mailako alokairuzko parke publiko handi bat ezartzeko helburuarekin, urtez urte, aurrekontu bat gordeko dugu.

  • Etxebizitza eredu kooperatiboa sustatuko dugu.

  • Etxebizitzaren Udal Behatokia sortuko dugu: prezioak, eskaintza, eskaria eta abar aztertzeko.

  • Eraikuntza berriari dagokionez, babes ofizialeko etxebizitzak alokairu sozialekoak izango dira.

  • Eta azkenik, etxe kaleratzerik gabeko Donostia izango gara berriz ere. EH Bilduren eskutik 2011-2015 agintaldian izan ginen bezala.

Tamainako irtenbideak

Azken finean, Donostian Bizi programa berritzaile, ausart eta guztiz egingarria da. Etxebizitzaren arazoa konpontzen hasteko falta den gauza bakarra borondate politikoa da. Hori dela eta, EH Bildu datorren lau urtetan ahalik eta erabakigarriena izatea funtsezkoa izango da, baita Donostiako udalean ere.

Reyes Carrereren hitzetan, “egoera larria bada, tamainako erantzunak behar ditugu. Zentzu honetan, alkatetza iristerakoan hartuko dudan lehen erabakia Donostian Bizi programan jasotzen diren neurriak martxan jartzen hastea izango da. Hitza ematen dut”.