AKTUALITATEA


| 2020-03-24 11:38:00

Dakigunez, ERTEak eta EREak ugaritzen ari dira, eta, gainera, autonomo askok ezin dute lan egin "alarma egoera" dela eta. Horiek horrela, Donostiako Udalak, bere eskumenen barruan, abian jar ditzake krisi berri honen ondorio ekonomikoak arintzeko neurriak. Eta, zentzu honetan, argi dago Donostiako herritarren arazo nagusietako bat etxebizitzaren arazoa dela.

Zehazki, Donostiako Etxegintza sozietateak kudeatzen dituen alokairu sozialeko etxebizitzei dagokienez, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatu dio errentak bertan behera uzteko, krisi honen ondorioz diru-sarrerak murriztu edo desagertu diren kasuetan (itxiera, ERTE, ERE,...).

Neurri hori martxan jarri ahal izateko, Donostiako Etxegintzan kontseilua egitea eskatu du EH Bilduk. Gai horretaz gain, osasun neurriak eta Osakidetzako langileen lana errazteko neurriak ere proposatuko ditu EH Bilduk. Batetik, Etxegintzak kudeatzen dituen etxebizitzetako edo apartamentuetako elementu komunak garbitzeko protokolo bat proposatuko dugu, adinekoentzako apartamentuei arreta berezia eskainiz. Gainera, Etxegintzak kudeatzen duen etxebizitza-parkean koronabirus kasu positiboek izan dezaketen eraginaren jarraipena egiteko eskatuko dugu, beharrezko izango balitz, behar diren neurriak hartzeko. Eta, bestetik, ospitale, egoitza eta abarretan lan egiten duten langileentzat etxebizitzak edo apartamentu libreak uzteko eskatuko dugu.

Bestalde, alokairuen gaiarekin jarraituz, EH Bilduk proposatu du Udalaren menpe dagoen Zorroaga Fundazioak kudeatzen dituen lokal komertzialen alokairuaren ordainketa bertan behera uztea. Hiriko merkataritza txikiak bizi duen egoera larria arintzera bideratutako neurria da.

EH Bilduk lanean jarraitzen du krisiaren ondorioei aurre egiten, gainerako udal taldeekin elkarlanean. Kolektibo sozialek helarazten dizkiguten kexa eta eskaerekin eta EH Bilduk berak egindako proposamenekin, lanerako eskema bat osatu dugu, aldiro eguneratzen ari garena, eta Bozeramaileen Batzordearen bilera bakoitzean – telematikoki – mahai gainean jartzen duguna.

EH Bilduren erabateko lehentasuna herritarren osasuna da eta horregatik eskatzen ari gara Donostian ezinbestekoak ez diren aurrez aurreko lan guztiak berehala gelditzeko. Gainera, alkateari ere eskatu diogu Osakidetzarekin harremanetan jar dadila, koronabirusaren testa ahalik eta donostiar gehienei egin diezaien eskatzeko. Eta, osasun-neurri horrekin batera, neurri sozioekonomikoak gehiago ez atzeratzeko ere eskatzen ari gara, krisi hau dagoeneko biztanleriaren sektore handietan izaten ari den ondorioak arintzeko.