AKTUALITATEA


| 2019-09-11 12:46:00

Jakina da Donostian etxebizitza bat eskuratzeko dagoen arazo larria, eta EH Bilduk askotan salatu duen moduen, Udal Gobernuaren etxebizitza politikak ez du batere laguntzen arazoaren konponbidean. Horren adibidea da, adibidez, babestutako alokairuzko etxebizitzak eskuratu ahal izateko baremazio irizpideen ezarpenean dauden atzerapenak eta blokeoak.

Etxebizitza Legea 2015ean onartu arren, Donostiako udalak laur urte behar izan zituen Lege berriak agintzen zituen baremazio irizpideak ezartzeko. Izan ere, oposizioaren presioaren eraginez, pasa den legealdiaren azken minutuan onartu ziren baremazioa egiteko irizpideak. Baina legealdi berria bide berdinetik doa eta onartu zirenetik lau hilabete igaro ondoren irizpideak ezarri gabe jarraitzen du Eneko Goiak.

Honen ondorioz, milaka donostiar alokairuzko etxebizitza sozial bat eskuratu ezinean daude. Dagoeneko funtzionamenduan dauden etxebizitzak eta apartamenduak libre geratzen direnean, oso zaharkitua geratu diren zerrenden arabera okupatzen dira. Izan ere, azken urteotan alokairuzko etxebizitza bat eskuratzeko izena eman duten donostiarrek ez daude, gaur gaurkoz, inongo itxaron zerrendetan.

Eta etxebizitza berriei dagokienez, Txomin-Enean Donostiako Etxegintzaren bidez eraiki diren alokairu sozialeko 162 etxe berriak baremazioaren arabera banatu behar direla gogoratu behar da. Halere, nahiz eta etxebizitzak ia-ia bukatuak egon (dagoeneko ez badaude bukatuta), 2-3 hilabetez luzatuko den banaketa prozesua hasi gabe dago.

Honen aurrean, EH Bilduk Eneko Goiaren gobernuak azalpenak eman ditzan ekimen bat erregistratu du, datorren asteleheneko batzordean jorratuko dena. Zehazki, atzerapenaren arrazoiengatik galdetuko diogu Nekane Arzallus hirigintza zinegotziari, baita alokairu sozialeko zerrendetan izena emateko prozesua desblokeatzeko hartu behar dituzten neurriei buruz ere. Era berean, Txomin-Eneako 162 etxebizitzak donostiarren eskura uzteko aldez aurretik zehaztutako epea ea errespetatzen ari den ere jakin nahi dugu.

Jakina denez, Ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, Etxebizitzari buruzkoak, amaiera eman zion etxe babestuak edo zuzkidura bizitokiak esleitzeko zozketa sistemari. Beraz, legea onartu zenean, errotik aldatu ziren ordura arte etxebizitza edo apartamentu babestuak esleitzeko erabili ziren sistemak. Horrek eskatzen zuen udal mailan baremazio irizpide batzuk onartzea, izena ematen duten pertsonen eskaerak baloratzeko. Horrela, eskaerak barematzean, hainbat irizpide hartu behar dira kontuan: hala nola errenta, eskatzailearen antzinatasuna, larrialdietako egoerak, etab. Legea betetzeko, ezinbestekoa da baremazio irizpideak onartzea.