AKTUALITATEA


| 2022-06-22 11:46:00

Eustatek atzo argitaratutako datuen arabera, Donostiara iritsitako turisten kopuruak beste errekor historiko bat markatu du: maiatzera arte % 10 igo da 2019ko aldi berarekin alderatuta (azken bi urteetan, osasun-neurriek datuak baldintzatu dituzte).

Hazkunde neurrigabe hori aurreikusi zitekeen, Eneko Goia alkatea denetik, hotelak (eta antzekoak) biderkatu baitira gure hirian. Udal Gobernuaren zifren arabera (EH Bilduk 2021eko abenduko udal batzordeetan egindako galdera baten erantzuna da), 2016. urtetik hona 45 hotel berri ireki dira Donostian. Hau da,2016an zeuden 7.652 plazatik 11.272ra igaro da (+% 47).

Eta joera da kontrolik gabeko hazkunde hori mantentzea edo areagotzea, Eneko Goiaren Gobernuak lizentziak ematen jarraitzen baitu: Garibai 23, «Student Hotel» Erriberan (325 plaza), Hilton Arte Ederren eraikinean, Mariaren Bihotza eta Pio X Grosen, Mirakontxan beste hiru...

Baina, epe laburrean, badirudi ostatu turistikoen oldeak batez ere Antigua auzoan izango duela eragina. Izan ere, bi hostel berri irekitzeak eragin handia izango du auzoko egunerokotasunean, Arriolako bizilagunek salatu dutenez, besteak beste. Izan ere, bere webguneetan uda honetarako irekiera iragartzen ari dira bai ROOM007 Premium Matia kaleko 18. zenbakian (302 plaza) eta bai Basque Urban Hostel Arriolan (220 plaza).

Pisu turistikoak eta beste ostatu-mota batzuk alde batera utzita, orain arte, Antigua auzoan 1.300 bat plaza zeuden hotelen eta hostelen artean, baina, bi irekiera berri horiekin, eskaintza hori %40 handituko da uda honetan. Hazkunde neurrigabe hori nekez jasan daiteke Antigua auzoan.

Alde horretatik, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek, Arriola pasealekuko 15. zenbakitik 21.era bitarteko bizilagunen salaketak babesteko mozioa aurkeztuko dute bihar Udalbatzan.

Zalantzarik gabe, horrelako jarduera batek auzokoen lasaitasunean izan dezakeen eragina begi-bistakoa da, eta, bestalde, auzotarrek planteatzen dute lokalak ez dituela betetzen ostatu-jarduera bihurtzeko legezko baldintzak, sestra azpiko solairu bat delako eta, beraz, ez dituelako aurreikusitako erabilera garatzeko eskatzen diren hirigintza-baldintzak betetzen.

Era berean, ikuspuntu teknikotik, suteetarako ebakuazioarekin, ke-irteerekin eta aireztapenarekin eta gainerako instalazioekin zerikusia duten ez-betetzeak daudela adierazten dute bizilagunek. Gai horiek arriskutsuak izan daitezke bizilagunentzat, eta, beraz, aurkeztutako salaketak aztertzerakoan, garrantzitsua iruditzen zaigu gai horiek kontuan hartzea. Auzotarrek adierazi dute, proiektuaren ez-betetzeei buruz planteatutako kezkak gorabehera —hainbat aditu-txosten ere aurkeztu dituzte—, Udalak lokalaren jabearen alegazioak baino ez dituela onartu, eta Udalak ez duela inolako ikuskapen- edo egiaztapen-lanik egin.

Auzotarrek administrazioarekiko auzien epaitegira eraman dute proiektua: zehazki, bi administrazioarekiko auzi-errekurtso aurkeztu dituzte Udalak emandako lizentziaren aurka. Bizilagunek aurkeztutako salaketak zein diren jakinda, oso kezkagarria iruditzen zaigu alojamendu turistiko berri honen obrekin aurrera jarraitzea.

 

Argazkia: Naiz.eus