AKTUALITATEA


| 2021-10-04 13:35:00

Donostiako Tokiko Gobernu Batzarrak, bihar, asteartea, “Aldakoenea hegaleko zenbait lurzoru eta Altzako eraikuntza institutua berrantolatzeko hitzarmena eraginik gabe uztea eta artxibatzea” aurreikusi du. Dirudienez, herritarrek aurkeztutako alegazioen ondorio izango litzateke erabaki hori eta, beraz, beste egitasmo berri bat aurkeztu beharko dute.

EH Bilduren iritziz, proiektua bertan behera uztea urrezko aukera bat da egitasmoa birformulatzeko eta Egia eta Altzaren benetako beharrei erantzuteko. Izan ere, orain artxibatuko den hitzarmenak gehiago erantzuten zien espekulazio-interesei herritarren benetako beharrei baino.

Guztiz beharrezkoa da Eneko Goiaren Gobernuak proiektua errotik zuzentzea. Kaltetutako auzoetako herritarrek ez lukete ulertuko aldaketa formal hutsa egitea. Egia auzoaren kasuan, hitzarmen berriak babestutako etxebizitza gehiago aurreikusi behar ditu eta, Altzaren kasuan, Eraikuntzaren Institutua erabili behar da proiektu ekonomiko indartsu bat kokatzeko, hezkuntzarekin lotutakoa, hiriaren ekialdea suspertzeko motor gisa balioko duena.

Gogoratuko denez, aurtengo urtarrilean aurkeztu zen Kutxak eta Donostiako Udal Gobernuak (EAJ-PSE) adostutako hirigintza-operazio polemiko bat Aldakoenea eremurako, Egia eta Gros auzoen arteko mugan, Altzari ere eragiten ziona. Hitzarmenaren baldintzak ikusita, auzo-elkarte eta partikular askok helegiteak erregistratu zituzten.

Operazioa polemikoa zen, batez ere, bi hirigintza eremu lotzea aurreikusten zuelako: Egiako Aldakoenea eta Altzako Eraikuntzaren Institutua. Horrela, proiektuaren sustatzaileek Aldakoenean, hiriaren erdigunean, etxebizitza babestuak eta ekipamenduak eraikitzeko legezko betebeharren zati bat gainetik kentzea lortu nahi zuten. Hala, etxebizitza librearen eraikuntza maximizatzea lortzen zuten hiriaren erdigunean, non irabazi-marjinak askoz handiagoak diren, eta hirigintza-egitasmo guztiek legez aurreikusi behar dituzten babestutako etxebizitza gehienak Altzara eramaten zituzten, Egia-Gros bezain espekulagarria ez den eremu batera.

Beraz, EH Bilduk bere garaian salatu zuen operazioak ahalik eta etekin pribatu handiena bilatzen zuela ahalik eta kosturik txikienean, hau da, espekulatzeko pentsatutako operazio bat zela, Egiaren, Altzaren eta hiriaren beharrei erantzuten ez ziena.

Hiri-plangintzari eta hiri-ereduari dagokienez, guztiz onartezina da babestutako etxebizitzak periferiara eramatea eta Erdiguneko lursailak errentarik altuenetarako erreserbatzea. Donostiako auzoen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak dira urtetik urtera, eta hirigintza-operazio honek balio behar du desoreka horiek zuzentzeko, ez norabide okerrean aurrera urrats berriak egiten jarraitzeko.