AKTUALITATEA


| 2020-06-23 12:55:00

Joan den iraileko udalbatzarrean, EH Bilduren ekimenez, aho batez onartu zen Euskotreneko obren jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkorra eratzea. Nahiz eta azken 9 hilabeteetan metro-pasantearen lanak gorabehera ugari eragin dituen; bizilagunen bizitza eta segurtasuna arriskuan jarritako akatsak barne, baita lan-irregulartasun larriak ere (atzo bertan, EAEANk azpikontrata bat kondenatu zuen langile bat arriskuan jartzeagatik), eta nahiz eta herritarrengan eragin handia sortu (saltoki txikiak, trafikoa), Eneko Goiak oraindik ez du batzordea deitu. Are gehiago, alkateak herritarrei helarazten dien mezu nagusia da, bai adierazpen publikoetan, bai ekainaren 15ean egindako agerraldian, dena ondo dagoela eta ez dagoela ez bizilagunen segurtasunaz, ez langileen lan-baldintzez kezkatu beharrik.

EH Bilduk Udal Gobernuari eskatzen dio dei dezala batzorde ez-iraunkorraren bilera, eta bertan lehentasunez azter ditzala Zubieta kaleko zuloaren arrazoiak eta ondorioak. Zehazki, ETSko Eraikuntzen zuzendari den Antonio López deitu nahi dugu batzordera; izan ere, alkateak ez bezala, ekainaren 9an prentsan aitortu zuen obretan "akatsak" egon direla eta, horien ondorioz, zuloa sortu zela. Jakin nahi dugu zer akatsi buruz ari zen López jauna, noren erantzukizuna diren, zer gainkostu eragingo dituzten eta zer egiten ari den ETS horrelakorik berriro gerta ez dadin, ez Zubieta kalean, ez beste inon.

2019ko azaroaren 14an, legegintzaldi honetako batzorde ez-iraunkorraren bilera bakarra ospatu zen. Bilera horrek 5 minutu iraun zituen, eta bere zeregin bakarra batzordea bera eratzea eta Pilar Arana presidente izendatzea izan zen. Harrezkero, ez da berriro elkartu. Antza denez, apirilerako deitu nahi zuten, baina alarma egoera dela eta, bertan behera utzi zuten. Hala ere, aste batzuk badira dinamika instituzionalari heldu zaiola, baina oraindik ez da deialdi berririk egin.

Batzordearen helburua da Euskotren Donostian egiten ari den obren eta intzidentzien jarraipena egitea, plantea litezkeen kexak edo aldaketak aztertzea, bai eta horren eraginak eta horiek gutxitzeko erabakiak hartzea ere. Udal-talde bakoitzeko kide batek osatzen du, eta udalbatzan aho batez hartutako konpromisoa, gutxienez, bi hilean behin egitea da.

Batzorde ez-iraunkor hau eratzen den hirugarren legegintzaldia da hau. 2012ko azaroan sortu zen, Bildu udal taldeak proposatuta, eta Udaleko talde guztien babesa izan zuen. Era berean, 2015-2019 legegintzaldian batzorde ez-iraunkor horren beharra berretsi zen, eta, beraz, batzorde hori berriro sortzea erabaki zen. Esan bezala, legegintzaldiaren lehen urtea bete denean, eta metro pasantearen obren une gorenean, intzidentzia larriak tartean, batzorde hau oraindik ez da bildu.

Nolanahi ere, EH Bildutik, berriz ere, metro-pasantearen obrak zati guztietan gelditzeko gure eskaera berretsi nahi dugu, bizilagunen eta langileen segurtasunagatik.