AKTUALITATEA


| 2024-07-11 11:08:00

Bozeramaileen Batzordean aho batez onartu da EH Bildu udal taldetik erregistratu genuen erakunde adierazpena, Donostiako La Salle ikastetxean izandako eraso matxistak arbuiatu eta Udalak eskura dituen baliabide guztiak erasoa jasan duten emakumeen esku jartzen dituena.

Aipagai ditugun kasuak aspaldikoak diren arren, orain izan dugu Loiolako La Salle ikastetxeko irakasle baten sexu eraso jarraituen berri.

Kasuaren dimentsioa nolanahikoa ez dela kontuan hartuta, EH Bildutik erakunde adierazpena erregistratu genuen duela bi aste Donostiako Udalak esku-hartze berezia egin zezan. Arbuio publikoarekin batera, erasoa jasan duten pertsonei babesa eskaintzen die erakunde adierazpenak, salaketa berrietarako haren atea irekiz, baita erasoak jazo ziren eskolarekin elkarlana bilatuz ere.

Bozeramaile Batzordearen gaurko bileran aho batez onartu da adierazpena. Datozen asteetan adostutakoen jarraipena egiteko konpromisoa hartzen dugu EH Bildutik.