AKTUALITATEA


| 2022-11-17 11:07:00

Legealdi honetan Donostian bizikletaren erabilera % 30 handitu den arren eta Eneko Goiaren Gobernu Programak hainbat ekimen aurreikusten zituen arren, oso gutxi egin da bidegorrien sarea mantentzeko eta handitzeko. Adibidez, Altzako edo Mirakruzeko bidegorriak kaxoi batean daude, eta zer esanik ez industrialdeetara lanera joateko bidegorri berriei buruz, EAJren eta PSEren agendatik erabat kanpo baitaude. Nahiz eta funtsezkoa izan ibilgailu pribatuaren erabilera aldatzeko eta emisioak murrizteko.

Hori dela eta, datorren asteko Udalbatzari begira, mozio bat aurkeztuko du EH Bilduk, bidegorrien sarea osatzeko aurreikusitako zatiak egin daitezela eskatzeko, lehentasuna emanez gobernu-programan jasotako zati berriei eta industrialdeetara (27. industrialdea, Zuatzu eta Igara) bizikletaz joan ahal izateko zatiei. Era berean, Udal Gobernuari eskatuko diogu egungo bidegorrien mantentze-lanak planifika dezala, errepideekin egiten den bezala.

Argi dago, gure hirian bizikleta gero eta gehiago erabiltzen dela. Cristina Enea Fundazioaren arabera, bizikleta % 4,2ko erabilera kuota izatera iritsi dela eta egunero, Donostian, batez beste, 28.274 joan-etorri izan dira 2021ean. Hau da, erabilerak % 30 egin du gora 2019tik. Eta aipatu behar da ere dBizi lortzen ari den datu onak.

Igoera honek bizikletentzako azpiegiturak handitzea eta mantentzea ekarri beharko luke; hala nola, bidegorri-sarea handitzea eta dagoenaren mantentze egokia egitea eta hiriko aparkalekuen sarea handitzea. Baina Udal Gobernuak ez du lehentasunez hartu eta adibidez, EAJ-PSEren 2019-2023 gobernu programan jasotako hainbat bidegorri ez dira egin (Altza, Mirakruz, Zurriolako bigarren zatia...). Hiru urte luze hauetan soilik Aietekoa eta Kontxa-San Martinekoa egin dira. Bidebieta-Txintxerpe zatiari dagokionez, atzerapen handiarekin dator eta ez dago argi ea legealdi amaierako egingo den edo ez.


 


 

Horrez gain, jakina da gero eta jende gehiago joaten dela bere lantokira bizikletaz, eta industrialdeetan gero eta bizikleta gehiago ikus ditzakegula. Baina egia da, era berean, lantoki guneetara bizikletaz iristeko gaur egun ez dagoela bidegorri egokirik eta Udal Gobernuak ez duela horretarako ez plangintzarik, ez ekintzarik aurreikusi. Hori, behintzat, bermatu beharko litzateke 27. industrialdean, Igaran eta Zuatzun, lantokira bizikletaz joatea sustatu nahi badugu. Horretarako bidegorri-sarea bertaraino luzatzeko proposatu du EH Bilduk, bertan bizikletentzako aparkalekuak jarriz langileentzako.

Bidegorrien mantentzeari dagokionez, Udal Gobernuak ez du ez plangintzarik, ez aurrekontu zehatzik bideratzen hauek mantentzeko. Sailari galdetuta, bidegorri gutxi batzuetan baino ez da mantentzea egin; hala nola, Tolosa etorbidearen zati bat, Mentxu Gal eta Kontxako pasealekua. Baina Donostiako bidegorri-sarearen beste leku askotan aurki ditzakegu mantentze-beharrak: zuloak, marrak margotu gabe, bidegorria sasiek janda...

Hortaz, bizikletaz egunero mugitzen direnen onurarako, egunero egiten diren 28.274 joan-etorri horietarako, bidegorriak ondo daudela ziurtatu beharko luke Udal Gobernu honek eta horretarako bidegorrien azterketa bat egin beharko litzateke eta urtero bertan egin beharreko mantentze-plangintza jakin bat, eta errepideekin egiten den bezala, aurrekontuetan horretarako kontu-sail espezifiko bat sartuz.