AKTUALITATEA


| 2024-12-19 13:53:00

EH Bildutik berretsi egin dugu ostegun honetako Osoko Bilkuran EAJ eta PSEren Udal Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proposamenari osoko zuzenketa. Izan ere, ez da saiakerarik egon ezer adosteko, gure eskua hasieratik luzatua izan dugun arren. «Gauzak ondo egin nahi direnean, ondo hastea inportantea da. Gobernua osatzen duzuen bi alderdi politikoek gehiengoa duzue Udalbatza honetan eta, honenbestez, ez duzue inoren beharra aurrera Aurrekontu hauek aurrera ateratzeko», defendatu du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak osoko zuzenketaren justifikazioa egin duenean.

Onartezina da eta arduragabekeria inongo saiakerarik ez egin izana. Eta sinestezina bada ere, EAJ eta PSEren Udal Gobernu honek ez du oposizioaren zuzenketa bakar bat ere onartu.

EH Bilduren aburuz, ordea, gauzak ondo egin nahi badira, inportantea da esfortzu bat egitea gehiengo zabalagoak lortzeko eta herritarrek diotena entzunez egitea. Bigarren indar politikoa gara Donostian. Merezi du saiatzea aurrekontu hauek adostasunetik landu eta onartzea? Gure ustez bai: horrela egiten dugu kudeatzen ditugun Udaletan eta horrela egin genuen ere Donostian gobernatu genuenean. Orain, oposizioan gaudela ere, elkarlanerako eta adostasunak erdiesteko eskaini gara eta eskainiko gara mahai gainean jartzen diren neurriak eta proposamenak donostiarrentzat eta Donostiarentzat onuragarriak badira.

Eta badago beste arrazoi bat, eta da ez direla sinesgarriak. Bermeak izan behar ditugu aurkezten diren zifrak jasoko direla eta exekutatuko direla. Zalantza egiteko arrazoiak badaude EAEko Auzitegi Nagusiak Illarran aurreikusitako hirigintza-proiektua eteteko eman duen epaia da adibidez bat. Izan ere, epaiaren arabera, ezingo dira 2025ean espero ziren 13,5 milioi euro jaso eragiketa honengatik. Gogoan izan behar da Eneko Goiaren Gobernuari EH Bildutik galdetu geniola horri buruz, eta baieztatu zitzaigula ez zegoela aurreikuspen hori zuzentzeko asmorik, nahiz eta jakin ezinezkoa zela 2025ean ingresatzea. «Arduragabekeria iruditzen zaigu Gobernuaren aldetik hala jokatzea. Honakoa ez da kritika hutsala, baizik eta datu objektibo bat», adierazi du Izagirrek.

Gaia judizializatuta zegoenean diru-sarrera hori kontuan hartzea egokia zen edo ez zalantzan jar genezakeen. Are gehiago, EH Bildutik uler genezake joan den hilean iritsi zen epaia aurrekontuak behin betiko onartu zituen osoko bilkura horren ondoren iritsi izana, baina epaia osoko bilkura honen aurretik iritsi da, hau da, aurrekontuak behin betiko onartu aurretik. «Eta egoera horren aurrean, aukera bakarra zegoen: Eneko Goiaren Gobernuak 13,5 milioi euroko zuzenketa egitea, gastua ustekabeko horretara egokituz eta ostegun honetako Osoko Bilkuran onartu aurretik».

Udal Gobernu honek tematuta segitzen duen bitartean, aurrekontuak itzuli eta berriak egitea dagokio. Hori litzateke arduraz jokatzea.

Epaia ez da errekurritu; gure ustez irizpide egokiarekin. Ordea, «Udal Gobernuak diru-sarreren aurreikuspenari eusten badio, esaten ari al zaigu promotorea prest dagoela Donostiako Udalari kopuru bera ordaintzeko, nahiz eta etxebizitza librearen %25 bakarrik egin dezakeen? Hala bada, zeren zain gaude hirian aurreikusitako hirigintza-sustapen guztietan babestutako etxebizitzen ehunekoa handitzeko?», galdegu du bozeramaileak.

Era berean, zenbait diru partida aurreikusten dira 2025ean gauzatzen hasiko ez direla aldez aurretik onartu arren. Eta hainbat adibide daude: Groseko Miserikordia kaleko puntu kritikoa edo Anoeta inguruko urbanizazioa. Horiek ezin izango dira hasi Adif-ek edo ETSk 2026rako aurreikusitako obrak amaitu arte.

Aurrekontu proposamena kontinuistak izateaz gainera, EAJ eta PSE ez dira gai izan Donostiak dituen erronka nagusiak identifikatu eta horiei behar bezala aurre egiteko. Etxebizitza, mugikortasuna, gizarte politikak, kulturartekotasuna, turismoa, berdintasuna, larrialdi klimatikoa edo zerbitzuak publifikatzeko beharra. Premiazkoenetik hasita, etxebizitza babestuen parkea handitzeko ideia berririk ez dago, lur zoruak erosteko diru lerrorik ezta ere, politika berririk ezartzeko aipamenik ez... Gainera lurzoru publikoa dagoenean, etxebizitza publikoak egiteko aukera ukatu eta lurra saltzea lehentsi da etxebizitza librea egiteko, Amara kalean gertatuko da.

Gizarte politiketan ere asko dago hobetzeko. Udal Gobernuak ez du kontutan hartu gero eta behar handiagoak daudela, pobrezia arriskuan edo egoeran bizi diren donostiarrak edo kale egoeran bizi diren herritarrak gero eta gehiago direla. «Ez dela inor atzean utziko diozue, baina gizarte politikei eskaintzen den %a azkeneko urtetakoaren baxuena da. Baliabide gehiago, bai, baina epai batek horrela aginduta eta ez gobernuaren borondatez, esaterako, psikologo komunitarioekin gertatutakoa».

Lidergo eta anbizio falta antzeman dugu, aurreikusitakoa gauzatzeko ezintasuna, politika zaharkituen inertziagatik funtzionatzeko joera, donostiarren aldaketa-eskakizunei jaramonik egin gabe. Donostiarrei entzun eta horiei eskua zabalduta ekin behar zaio politikan.