AKTUALITATEA


| 2022-05-24 12:23:00

Donostiako EH Bilduko udal taldeak EAJ-PSEko Gobernuarekin hainbat neurri adostu ditu, gure hirian gero eta ugariagoak diren etxerik gabeko pertsonen arreta publikoa nabarmen hobetuko dutenak. Zehazki, Abegi Etxean sartzeko eta egoteko baldintzen inguruan hirugarren sektoreko eragileek aspalditik eskatzen ari ziren bi neurri onartuko dira, EH Bilduk araudi berriari zuzenketa moduan sartu dituenak:

Alde batetik, Abegi Etxean egonaldiak hiru egunetik bostera luzatzea lortu dugu. 2004az geroztik, gehienez ere hiru eguneko egonaldiak onartzen ziren (kasu zehatzak eta adingabeak zituzten familiak izan ezik) eta, gero, pertsona horrek ezin zuen berriro eskatu baliabide hori hiru hilabete igaro arte. Muga hori ez dator bat etxerik gabeko pertsonen egungo ezaugarriekin, eta kontuan hartuta Gizarte Zerbitzuei buruzko legediaren arabera zerbitzu horiek zazpi egunez eskaini beharko liratekeela, helburu horretara hurbiltzeko lehen urrats moduan, EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu zuen egonaldia bost egunera luzatzeko eskatuz. Gogora dezagun inguruko udalek, hala nola Irunek, Errenteriak eta Tolosak, dagoeneko egin dituztela horrelako egokitzapenak beren baliabideak erabiltzeko baldintzetan, eta Donostia, orain arte, salbuespena zela.

Nahiz eta, hasiera batean, EAJk eta PSEk gure zuzenketari ezetz esan, negoziazio erronda berri baten ondoren, azkenean, Udal Gobernuarekin adostu dugu zerbitzuaren iraupena bost egunekoa izatea. Era berean, hiru hilabeteko muga kentzea hitzartu dugu Udal Gobernuarekin. Horrek guztiak Abegi Etxera sartzen diren pertsonekin esku-hartze prozesu sakonagoak eta iraunkorragoak ahalbidetuko ditu. Izan ere, ia bikoiztu egingo da pertsona horiek Gizarte Zerbitzuetako profesionalekin igaroko duten egonaldi bakoitzeko denbora.

Bigarrenik, gardentasunean eta gobernantzan aurrerapenak lortu ditugu. Udal Gobernuak egonaldiak kudeatzeko Batzorde Tekniko bat sortzea proposatu zuen. Bada, EH Bilduren ekimenez, hemendik aurrera batzorde horrek, Abegi Etxeko Zuzendaritzarekin batera, hiru hilean behin eguneko eta gaueko arreta-baliabideen egoerari buruzko txostenak egingo ditu, eta txostena Gizarte Ekintzako Kontseiluan aurkeztu da. Kontseilu horretan, hirugarren sektoreko hainbat erakunde eta Osoko Bilkuran ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak daude. Beharrezkotzat jotzen dugu gardentasun eta kontrol ariketa hori egitea eta, gainera, gaur egun hain beharrezkoa den lan komunitarioari bide ematen dio.

Azken finean, esan dezakegu bi zuzenketa horien bidez lortu dugula etxerik gabeko pertsonentzako arreta-eredu berri baterantz aurrera pausua egitea. Urrats handia da Abegi Etxea gaur egungo araudira egokitzeko eta, batez ere, etxerik gabeko pertsonen errealitate berrira egokitzeko, azken urtetan asko aldatu baita. 2004. urtean, Zentro hau ireki zen garaian, etxerik gabeko pertsonen tipologia oso desberdina zen, Donostian denbora gutxi geratzen baitzen. Gaur egun, esku-hartze sozialak espazio eta zerbitzu biziagoak eta egonkorragoak eskatzen ditu, erabiltzailearekin lan sakona egin ahal izateko, euren gizarteratze-ibilbideetan aldaketak ikusi nahi baditugu.

Bi zuzenketa horiez gain, gogorarazi nahi dugu pasa den asteleheneko Udal Batzordean Elkarrekin Podemosekin adostu genituela ondorengo neurri hauek, Udal Gobernuaren baiezko botoarekin:

Adingabeen eskolatze-prozesuarekin zerikusia duten beharrak sartzea Zentroan dauden familiei laguntzeko zerbitzuan eskaintzen diren prestazioen artean.

Zentroan eskaintzen diren zerbitzuak genero-ikuspegitik antolatzea eta emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasuna eta sexuen aniztasuna bermatzea. Printzipio horiek kontuan hartuko dira, besteak beste, gaua pasatzeko eta komunetan eta aldageletan. Era berean, arreta berezia jarriko da indarkeria matxisten prebentzioan eta sexuen arteko desberdintasunekin eta sexu-aniztasunarekin zerikusia duten esparru guztietan.

Baldintza meteorologikoek, soziosanitarioek edo bestelakoek hala eskatzen badute, kalean lo egiten duten pertsonak hartzeko plazak handitzeko aukera sartuko da Abegi Etxeko araudia berrian. Horrela, borondate politikoa nahikoa izango da negu gorrian errekurtsoa irekitzeko. Izan ere, azkenaldian, hiriko eragile sozialak negu osoan zehar baliabide gehiago irekitzeko eskatzen ari dira.

Zentroko kontsigna-zerbitzua aldatzea, pertsonen ondasunak 7 egunez gordetzeko eta objektuak 24 orduko epean eraman behar direla telefonoz jakinarazteko.

Horrela, esan dezakegu, 18 urtez aldaketarik gabe egon ondoren, gizarte-sektoreko profesionalek eskatutako aldaketak gure zuzenketetan jaso direla. Eta eskerrak ematen dizkiogu Udal gobernuari azkenean iritzia aldatu duelako.