AKTUALITATEA


| 2019-04-03 14:04:00

Bi ekintza mota ezaugarritu dute 2015-19 agintaldia: batetik, iragarri direnak eta bete ez direnak, edo berandu bete direnak edo oker bete direnak, alegia, porrotak; bestetik, isilpean edo iragarri gabe, Donostia norabide kezkagarrian jartzen ari diren erabakiak. Horrekin batera azpimarratu behar da egin behar zituztenak izanik, egin gabe utzi dituztenak, aurreko biei gaineratu behar zaizkienak. Hiru zerrenda osatzen dituzte esandako baieztapen hauek islatzen dituzten adibideek.

LEHEN ZERRENDA: PORROTEN ZERRENDA

Arestian esan bezala, porroten zerrenda hau osatzen da iragarri baina bete ez diren promesa eta ekintzekin, edo ikaragarri berandu ailegatu direnekin, edo/eta azkenean oker. Eta zerrenda luzea osatzen dute. Jatorria dute gobernu programan kasu askotan baina badira bidean, besterik gabe, txisteratik ateratako untxiak ateratzen diren moduan eta, eskema berari jarraitzen diotenak, alegia, iragarri bai, baina egin ez, salmenta mediatiko huts bihurtuak.

CARLOS I egitasmoaren iruzurra

Gobernu programak honako hau dio: "Bidearen zati bat eraldatu berri da eta, horri esker, bi aldeen arteko komunikazioa hobetu eta bi aldeak banatzen zituen hormigoizko egituraren zati bat ezabatu da. Nolanahi ere, ez gara pozik geldituko, harik eta erabat ezabatu eta hiribide moderno bilakatu arte", "Karlos I.aren hiribideko bidea ezabatzeari esker, hiribide handi hori oinezkoentzako espazio handi bilakatuko da, eta horrekin batera auzoa berritzen joango da". PNV-PSE aurreko legealdian errepidea ezabatzeko egindako kontzentrazioak ahaztu ezinak dira.

Delegatuak 2017ko azaroan publikoki errepidea ez zutela ukituko adierazi zuen. Horren ordez errepide azpian parketxo bat irekiko omen dute, hau noski Gobernu programan ez zen azaltzen. Iruzurra argia da.

DONOSTIAKO IRTEERAK aztertzeko erakunde-arteko batzordearen lana: ondoriorik ez

"Martuteneko biribilgunea berrituko dugu, bide hori ezabatzeko ez ezik, hiri osorako eta ingururako bide-konexioko puntu berri horretan pilatzen den zirkulazioa arintzeko, eta saihesbidearekiko konexioa gauzatuko dugu hiriaren ekialdean, Marrutxipin": Gobernuaren programan esandakoa ez dute bete.

Donostiako irteerak aztertzeko erakunde-arteko batzordearen lanen informazioa ez da udal taldeekin partekatu, ezta herritarren elkarteekin eta iluntasun handiz eraman dute, horregatik hain zuzen ere herritarrak kexu izan dira, behar duten informazioa ez direlako jasotzen ari. Batzorde hau martxan jarri zenean legealdian ezer ez egiteko aitzakia zela adierazi genuen, eta horrela gertatu da.

SAGUES: aurreko proiektua bertan behera utzi eta berririk ez egin

Aurreko gobernuak Basterretxearen Usoa eremu horretara eraman zuenean PNV eta PSEren kritikak oso gogorrak izan ziren. Mugimendu horrekin batera zonalderako urbanizazio proiektua onartua zegoen, 750.000 euroko aurrekontua zuelarik. PNV_PSE Udal Gobernuak aurreko proiektu hori bertan bera utzi zuen. Horren ordez Unibertsitatearekin idei desberdinak landu ziren eta gero plan berezi bat egin behar zutela adierazi zuten.

Gaur egun oraindik ez dago proiekturik.

Aurrekontuetan gai honek izan duen bilakaera oso adierazgarria da. 2016ko aurrekontuan bi partida azaltzen ziren, hainbat urtetarako: 2016rako 60.000 eta 2017rako 640.000 euro. Ondorengo aurrekontuan, 2017koan, berriz ere, hainbat urtetarako partidak azaltzen ziren: 2017rako 1.572.653 eta 2018rako 673.994 euro. 2018koan, honako partida hauek onartu ziren: 2018rako 500.000, 2019rako 673.994,15 eta 2020rako 972.653,02. Azkeneko aurrekontuan 2019an 500.000 euro eta 2.020rako 1.000.000 euroko partidak onartu ziren. Kudeaketa eredu honen arabera urtez urte aurrekontuetan dirua jartzen da itxurakeria egiteko baina proiekturik ez dago.

LOIOLAKO ZEHARBIDEA: zero metro

Loiolako hiri-errepidea berritzea 2015tik aurrera udal aurrekontuan agertu da. 2015eko partida (300.579 euro) 2016ko aurrekontuari erantsi zioten baina 2016an pausorik eman ez zenez , diru hori bertan behera geratu zen. 2017ko aurrekontuan hainbat urtetarako partidak onartu ziren: 2017an, 720.000 euro; 2018an, 2.160.000 euro; 2019an, 1.870.000 euro, eta 2020an, 1.150.000 euro. Berriz ere 2017an berrikuntza lanak hasi ez zirenez, 2018ko aurrekonturako gorde ziren 663.898.10 euro. 2018ko aurrekontuan hainbat urtetarako partidak onartu ziren: 2018an, 1.619.000 euro; 2019an, 4.596.000 euro eta 2020an, 381.000 euro; berriz ere gastatu gabe geratu zirenak. Azkenik, 2019ko aurrekontuan 1.000.000 euro onartu ziren eta beste 5.000.000 euro 2020rako.

Laburtuz urtero kopuruak jarri dira, beti urteka banatuak, gastatu gabe geratu direnak lanak ez baitira hasi. Gaur egun oraindik ez dago proiekturik ere. Metro bakarra ere ez da egin.

AÑORGAKO BULEBARIZAZIOA II: zero metro

Añorgatarrek urte luzeetan egindako aldarrikapenen ondoren, aurreko legealdian Añorgako bulebarra sortzeko obren egitasmoa onartu zen. Egitasmoaren aurrekontu osoa 4.694.555 eurokoa zen (BEZa barne). Hori dela eta bi zatitan egitea erabaki zen, bat 3.179.770 eurokoa eta bestea, 1.514.784takoa.

Lehen zatia aurreko legealdian atera zen lehiaketan. Obrak bisitatzerakoan Goia alkateak hitza eman zuen, lehen fasea bukatu bezain pronto bigarrenari helduko zitzaiola. 2016ko abenduaren 26an lehen fasearen obretako azken egiaztatzea onartu zenetik eta ez du bete añorgatarrei eman zien hitza. Gainera, bigarren fasea lehena baino askoz merkeagoa izan arren egitasmoaren berrikuspena egitea erabaki dute, beherapenak eginez, hau da, materialen kalitate tekniko bajuagoa ekarriko du horrek.

ASTIÑENEKO ZUBI BERRIA. Proiektua prest aurreko agintalditik, egin gabe

Uholdeak ekiditeko lanen artean egungo Astiñeneko zubia ezabatu beharreko oztopo hidraulikoa da. Aurreko legealdian URArekin hitzarmena formalizatu zen oztopo hidrauliko hau ezabatzeko eta beste zubi batekin ordezteko. Halaber zubi berria diseinatzeko ideia lehiaketa egin zen. Eta era berean zubi berriaren egitasmoaren erredakzioa esleitu zen. Enkargu hau egiteko epea 2015eko ekainean bukatu zen. Izandako atzerapen galantek egitasmoa enkargatzeko, behartu dute, zubiaren egoera txarra tarteko, pasoa ixteko, hasiera batean publiko osorako (pertsonak eta garraio publiko zein pribatua) eta ondoren, berau berrindartzeko. Azkenean 2018ko abenduaren 4an obra egiteko kontratua esleitu da, hau da, 3 urte t’erdiko atzerapenarekin, eta obra egiteko behar diren beste 15 hilabete, gutxienez, gehitu beharko zaizkio.

PLAZA ESTALIAK (Zuberoa plaza, Egiako Plaza Haundi eta... Harriakoa): iragarri bai, estali ez,... edo oker.

Gune estalien batzorde teknikoa ez da erabili eta Groseko Zuberoa plaza zein Egiako Plaza Haundi estali gabe gelditu dira. Udal gobernuak 2015eko irailean sortu zuen batzordea EH BILDUren ekimenez eta geroztik ez du ia bilerarik egin, ez du plangintzarik zehaztu ezta auzoetako diagnostikoa egin.

Udal gobernuak prentsan adierazi zuen Zuberoa plaza estalita egongo zela 2017ko martxoan eta bi urte beranduago oraindik ez da obrarik aurreikusten. Egiaren kasuan, obrak 2018ko urrian hasi behar ziren baina oraindik hasi gabe...

Egin dutena Harria parkekoa izan da, porrotzat hartu behar duguna: exekuzioa egiteko ia lau urte hartu ondoren, oker egina zegoela konturatuta, berriro desegin behar izan dute jarritakoa.

Egiako saneamendu lanak: hasita, geldiarazita, berriz ere iragarriak eta... albisterik ez.

2017ko urritik Egiako saneamenduko obrak geldituta daude eta udal gobernuak ez du zehaztu zer egingo duen. Auzo elkarteak behin baino gehiagotan galdetu du zer egingo den eta informaziorik ere ez du jaso. Lanak ez aurrera ez atzera modalitatean daude, eta informaziorik ez da zabaltzen, ez herritarrentzat ez udaleko taldeentzat.

Morlanseko igogailua, agintaldi osoa baina ez dago bertan igo edo jeisterik

2016ko otsailean iragarri zuten igogailuaren proiektua, oraindik ez dute ireki.

Izan ere 3 bider iragarri du Udal Gobernuak hedabideen bidez, igogailua irekiko zutela. Azken data 2019ko otsailekoa izan da baina otsaila pasa da eta... ez da ireki. Oraingoan igogailura sartzeko plaza egitera zihoazenean, hasiera batetan diseinatuta zegoen bezala ezin dutela egin konturatu direlako, ekipamendura zuzendutako lur batzuk okupatzen dituelako. Gobernu honen beste hanka sartze harrigarri bat eta finean igogailua oraindik ireki gabe dute. Bidegorria urtebetez itxita izan dute eta inguruko plaza eraberritzeko arazo larriak dituzte. Obra honetan kea saldu dute: epeen ez betetze maila ikaragarria izateaz gain aurrekontuaren desbideratze maila ia %10ekoa da.

Arraindegi/Bretxako egitasmoa, aldatu gelditzeko.

2015eko maiatzaren 8an hartutako erabakiarekin, Arraindegiko eraikinean zeuden emakida batzuk bertatik kentzeko eta eraikinari beste erabilera emateko aukera sortu zen, alegia, bertan auzorako zerbitzu publikoak kokatzeko aukera sortu zen: Anbulategia, kirol espazioa eta beste zerbitzu publiko batzuk.

PNV eta PSE oso kritikoak izan ziren egitasmoarekin, Anbulategia irekitzearekiko jarrerak desberdinak izan zituztela. PNVk anbulategiaren alde agertu eta Udal Gobernuari geldotasuna kritikatu zion, aldiz PSEk ez zuen anbulategiaren egitasmoa egin nahi. Gobernu berriak bere programan honela agindu zuen: "Bai Arcco-Amararen bai Bretxaren kasuan, bereziki merkataritza izaerari eutsi beharra zaio, eta araudia eta baimenak berritzeko izapideak lehenbailehen egingo dira, guneen publizitate sustapenen bitartez eskuragarritasuna eta ikusgaitasuna errazte aldera"Ez dute hori egin baina, Anbulategia ireki ere ez.

Positiboan esan dezakegu jatorrizko egitasmoaren gune funtsezko batzuk mantenduko direla: anbulategia eta kiroldegia metro gutxiagorekin; baina halaber ulertezinak diren ostalaritzarako metroak ere barnebiltzen ditu, auzorako ziren beste zerbitzuen galerarekin batera.

Negatiboan, aipatu moduan, aurreko egitasmoa bertan behera utzi eta berria zehazteko, agintaldi osoa behar izan dutela. Presa ikaragarri handia zegoela zioen Eneko Goiak aurreko agintaldian; aldiz bere agintaldia, hau da, lau urte igaro ondoren, anbulategia egin gabe bukatuko da

Hotelen zabalkundeari muga jartzeko ekimena, oinarri sendorik gabe.

2018ko maiatzaren bukaera alkateak iragarri zuen, Batzar Nagusietan egindako Turismoari buruzko Ponentziaren baitan, eraiki osoak hotel berriak bihurtzeari mugak jartzeko lanean ari zirela. Aukeratu den bidea Plan Orokorraren aldaketa egitea denez, eta kontuan hartuta hasierako onarpena egiteko aurtengo otsailera arte itxaron dutela, neurria indarrean jartzen denerako hilabeteak pasako dira, urtebete inguru gutxienez, alegia, legegintzaldia pasata izango da.

Bestalde hiriko hainbat zonaldetan ematen den horrelako jardueren kontzentrazioa aztertzeko eskaerak ez dira bideratu orain arte. Beraz, Parte Zaharra alde batera utzita, ez da egon aurrerapen argirik hiriko zonalde batzuk horrelako establezimenduez “zona betearen kalifikazioa” izan dezaten.

Donostia Lagunkoia: zero eduki alegia, propaganda, besterik ez.

Gobernuaren aldaketa eta gero, talde motorreko kideek salatu zuten prozesu parte-hartzailea bertan behera gelditu zela. Geroztik, udal gobernuak hainbat ekintza burutu ditu baina soilik helburu publizitario zutena, adibidez: Egiako pasabideko kartelak, azkeneko momentuko ikastaroak presaka, erorikoen kontrako ikastaro teoriko hutsak, etab. Udal gobernuak berak jarritako helburuetatik ez dira ezta %50a bete (2018an 28 neurri eta 2017an 45 zeuden aurreikusita).

Gazteentzako etxebizitzak, alegia, zero etxebizitza.

Uliako Haztegietan egin behar zituztela; gero, Morlansen, EH Bilduk proposatu bezala; agintaldia bukatzear da eta zero etxebizitza.

Legegintzaldi honetan gazteentzako zuzkidura apartamenduak jasotzeko eraikin bakar bat ere ez da hasi egiten. Are eta gehiago, 2016ko otsailetik EH BILDUk zehaztu zion proposamena eduki du eskuartean, Udal Gobernuak Uliako hazitegietan eraiki nahi zituen gazteentzako zuzkidura apartamentuak Morlansen eraikitzeko. Bi urte behar izan ditu Udal Gobernuak onartzeko eta aitortzeko Morlansen gazteentzako etxebizitzak egitea bideragarria dela. Hala ere orain arte ez dago aukera horrekin loturiko ezer ere onartua

Iztuetako zubibidea, kea nola saldu azaltzeko adibide argia

2016ko azaroan iragarri zuen Udal Gobernuak hedabideen bidez, Iztuetako zubibidea botatzeko proposamena. 2017ko apirilean berriz ere Udal Gobernuak hirigintzako elementu inportante hau desagerrarazteko salmenta egiten du. 2019ko urtarrilean oraindik ez da egitasmoaren idazketa bera ere lehiaketan jarri.

Amaran egindako (ez)interbentzioak

Bellas Artes eraikinetik hasita Pio XII.eraino, 300 metro horietan, Udal Gobernu honen kudeaketa eredua primeran islatu da: Legealdi honetan Bellas Artesek kupula galdu du; Mentxu Galeko proiektua bertan bera geratu da; Antso Jakituneko birmoldaketek urteak daramatzate baina... lanak ez dira hasi, eta bus geltoki zaharrean egindakoa auzotarrak ez dute begi onez ikusi, izan ere beti hutsik dago.

Loiolako kuartelak, akordioa beti ailegatzear

Behin baino gehiagotan gaia bideratzeko puntuan iragarri edo iradoki dute (azkena 2018ko urtarrilean) baina, batetik, udal gobernuak benetan ez du ezer argirik lortu Madrilen ez PPrekin ez PSOErekin; eta, bestetik, Gobernuaren baitako desberdintasun nabarmenak izan dira: hainbat momentutan PNVk trasladoa Eskusaitzetara egin nahi zuen eta PSEk Antondegira (2018/09). Hori guztia, Udalbatzaren bultzadarekin kontatu arren, Loiolatik ateratzeko beharraren inguruan erabateko bateratasuna egon baita.

Errealitatean lurrak berreskuratzetik urrun dago Donostia, kuartelak mugitzekotan, oraindik ere aukerak baino baldintzak besterik ez daudela aitortuta ere izan baita (2017/01, 2018/09). Izan ere Madrildik ailegatu diren berriak beti kontrako norabidean izan dira (azkenak aurtengo urtarrilean). Lau urteren ondoren, akordioa beti ailegatzear.

Iragarritako “Txoke planak”, urtuak

Legegintzaldi hasieran Añorgan grabatutako bideoa propaganda hutsa izan da, bertan agertu zen auzoko garbiketa sakona horretara mugatu baita. Horren adierazle dira auzoetatik herritarrek helarazten dituzten kexak: Egia (Tejeria kalean), Añorga, Intxaurrondo... udaleko erregistroan ehunkada kexa jaso dira garbiketa falta dela eta. Argi eta garbi jasotzen dena 2018ko Kexa eta Iradokizunei buruzko memorian, datuak bikoiztu direla jasotzen duena eta gauzak ondo egin ez direnaren seinale: Bide publikoen garbiketa 2017an 292 eta 2018an 443; hiri altzariak 2017an 95 eta 2018an 242.

Parte Zaharreko Plana... non dago?

Parte Zaharreko plangintza bere horretan geratu da, ez da partaidetza prozesurik egin eta Orixeren birmoldaketa ezik hurrengo urteetarako iragarri dutena,ez da inongo pausorik eman.

Bidean auzoan bere erantzun propioak bilatu dituzte, Kijera gaztetxea bezalakoak, auzoko beste egitasmo batzuk ere integratu dituena.

Ondarretako harriak: lehen udan konpondutzat jo zuten arazo iraunkorra

Ernesto Gascok 2015ean bertan bukatutzat eman zuen arazoa, baina harriak hor daude oraindik ere. Udal gobernu berriak 2.500.000 euro baino gehiago inbertitu du harriak kentzeko lanetan eta ez du aldaketarik lortu. “La cruzada contra las piedras de Ondarreta de Gasco” deiturikoak ez du emaitzarik izan eta txosten teknikoak kontra dituen estrategia galdua bihurtu da.

Zezenketei buruzko galdeketa, aukera galdua.

Legealdia hasi bezain pronto, Eneko Goiaren udal gobernuak zezenketak berrezarri zituen. Gauzak horrela, eta betiere Udaletxean aho batez onartutako Parte hartze Araudiari jarraituz, Donostia Antitaurina Orain plataformak 9.000 herritarren sinadura bildu zituen, behar bezala egiaztatuak; eta, sinadura horiek oinarri, Udalari eskatu zion donostiarren artean galdeketa egiteko, ea baliabide publikoak –batik bat Illunbeko instalazioak– zezenketak egiteko uzten jarraitu behar zuen ala ez. Goiak galdeketa egingo zela agindu zuen, baita data ezarri ere: 2017ko otsailaren 19a. Baina galdeketa ez da inoiz egin. Aitzakia izango da Madrilgo Gobernuak debekatu egin zuela, baina hori bezain egia da Goiak, aukera izanda, ez duela geroztik bere hitza betetzeko inolako borondaterik erakutsi, parte hartzea bermatzeko formulak badirelako Amarako pilotalekuaren inguruko kontsulta egin zen moduan bezalaxe, eta txalotu genuen moduan.

Gizarte zerbitzuetako legea bete gabe.

Udal gobernuak 2016tik geroztik legez ireki beharreko zerbitzuak ez ditu ireki: Hestia (kale gorrian bizi direnentzako eguneko zentroa) berria ireki gabe, Arrasate kaleko adinekoentzako apartamenduak obra egin gabe (2015ean esleitua utzi zuen aurreko gobernuak), kale gorrian bizi diren pertsona kopurua bikoiztu egin da,... Gobernu honek aurrekontu orokorra diruz ondo hornitua eduki arren ez du bete.

Pentsionistak, astelehenero udaletxeko atarian, arretarik jaso gabe

Astelehenero pentsio duinak eskatzeko elkartzen dira pentsionista donostiarrak. Udalak bere esku egin dezakeena baina, ez du bete (batzuetan bileran jasotzeko nahiko lan): udalbatzak 2018ko martxoan onartutako diagnostikoa egitea, emakume pentsionisten egoera aztertzeko helburua zuena, urtebete pasa ondoren oraindik egin gabe dago. Emakume pentsionistak dira urtetik urtera diru-laguntza gehien eskatzen dutenak eta hirian egoera ekonomiko kaskarrena dutenak udaleko gizarte zerbitzuen memoriaren arabera. Diagnostikoan sakonduz laguntzak hobeto bidera daitezke baina galtzen ari den aukera da pentsioak hobetzen diren bitartean Udalak dagozkien laguntzak ahalbidetzea.

Haurreskolak, guztiz geldirik.

Egungo udal gobernuak 2015-18 bitartean ez du aurrerapausorik eman Donostiako Haurreskola zerbitzuen sarea zabaltzeko. Gobernu programan Altza, Loiolako Erriberan eta Grosen zerbitzuak zabalduko zituztela jasota dago baina ez dute hori egin. Hitzarmen berri sinatu arren ez baitute zerbitzurik ireki eta irekiera guztiak datorren legegintzaldirako aurreikusten dituzte: Altza (2019), Loiolako Erribera (2020), Gros(2021), Intxaurrondo Hegoa, Txomin, Aiete (2022...).

Hezkuntzan inbertsiorik ez.

Gobernu Programan Eusko Jaurlaritzarekin inbertsio programa bat hitzartzea jasotzen dute baino ez dute egin; are eta gehiago inbertsioek behera egin dute. Halaber behar larriak kudeatzeko nekez jardun dira. Horren lekuko izan dira: Jakintza ikastolako obrek eragindako kalteak eta hutsuneei erantzuteko ez gaitasuna. Orixeren beharrei erantzun falta. Oletako aterpearen urtebeteko atzerapena.

Udalbatzak onartutako akordioak ere ez dira bete: Mendiola eskola publikoaren espazio beharra edo kontserbatorioarekin proiektu duin bat lantzeko konpromisoa. Ahaztu gabe, Bidebietako Institutua ixteko asmoaren aurrean, udal gobernuak erakutsitako geldotasuna, hiriko interesak defendatzerakoan, herritarren marea horiak bete behar izan zuen hutsune hori.

Musika eta Dantza Eskola, gauzatuko ez den egitasmoa

Legegintzaldi hasieran, Musika eta Dantza Eskolak Atotxan duen egoitza zabaltzeko proiektua gauzatzea aurreikusi zuten. Lau urteren ondoren, horretarako proiektua oraindik ez dute egin.

Bigarren zerrenda: Donostia norabide kezkagarrian

Donostia norabide kezkagarrian jartzen ari diren erabakiak biltzen dira zerrenda honetan. Erabaki hauetako asko gainera aurrez aurkeztu gabeko proiektuak dira. Hau da, egiteko asmoak ez ziren aurrez azaldu, ez gobernu programan, ezta alderdi bakoitzak zituen asmoen artean ere. Erabaki hauekin Donostiako egunerokoa, eta grabeagoa dena, etorkizuna hipotekatzen ari dira norabide kezkagarrian, Donostiako orekak galtzeko zorian jarriz.

Merkataritza txikia kolokan

Garbera eta Belartza II egitasmoek, aurretik iragarri gabeak, merkataritza txikiaren etorkizun ahula guztiz kolokan jarri dute. Paraleloki Gobernua ez da gai izan zain ziren Merkataritza txikia bultzatzeko planak aurrera eramateko, adibidez, Amara Berrin edo Egian.

Garbera, gezurretan oinarritutako baimena, interes pribatuak sustatzeko

Udal Gobernuak tramitatu eta onartu du Plan Orokorraren aldaketa puntual bat: horren arabera Garberako Merkataritza Zentroari 25.000 m2 handitzeko ahalmena ematen dio eta beste 71.490 m2, sestraz behetik, aparkalekuak egiteko helburu. Gobernukide oso kualifikatuek azaldu zuten aldaketa hori derrigorrezkoa zela, Auzitegi Gorenaren epaiaren ondorioz baina benetan egia dena da hori guztiz gezurra dela. Horren adierazle, enpresak egiten duen eskaerak jaso duen epaia: eraikigarritasuna handitzeko aurreikusten duen Hirigintza hitzarmena balidatzeko eskaera zehatzari epaiak ezezko ematen baitio, horrelako baimena Udalari dagokion eskumena dela ulertzen duelako, hirigintza ordenatzea Udalari dagokiolako.

Azkenik ohartu behar da Plan Orokorraren aldaketa puntual horren behin betiko onarpena errekurritu dutela bai “Dendartean”merkataritza elkarteak, bai Gipuzkoako Merkataritza Federazioak.

Belartza II, interes publikoari bizkar ematen dion beste bat

2018ko ekainean, Garberaren eta Ilunberen planeamenduen aldaketak onartzerakoan izandako zalaparta erdian, Udal Gobernuak konpromiso publikoa hartzen du “merkatalgune berriei atea ixteko”. Baina errealitatean Udal Gobernua ez da betetzen ari hitzartu zuena, eta oraintxe bertan Lasarte-Oriako udalarekin batera, Teresategiko merkatalgune berria tramitatzen ari da (Bateragarri egiteko Plana) bai eta Goiko Belartzaren Hirigintza Ordenatzeko Plan Orokorraren aldaketa.

Goiko Belartzaren HAPOren aldaketarekin industriarako lur zoruaren kalifikazioa aldatu nahi dute, berau merkatuan kokatzeko zailtasunak direla eta, eta hirugarren sektoreko kalifikazioa eman. Aldaketa horrekin merkatalgune berri bat sortuko da, gutxi gora-behera 33.000 m2koa, hala nola beste erabilera tertziarioak ez komertzialak.

Turismoa, neurririk gabe bultzatuta, herritarren eta sektorearen beraren kaltetan.

Oreka galtzen ari da Donostia, herritarren kaltetan eta sektorearen beraren kaltetan. Egoera bideratu ordez, hartu diren neurriak egoera okerrak sakontzera joan dira. Norabide okerra:

Pisu turistikoen araudiak “lehen pisuko oinarrizko araua” desegin du.

Erabilera turistikorako etxebizitzen araudiak indarrean dagoen Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren baldintzak malgutzea ekarri du. Ondorioz, araudi horren arabera, Parte Zaharra alde batera utzita (etxebizitza turistiko berri gehiago zabaltzeko debekua izango baitu) Donostiako beste eremu guztietan ahalbideratu duena da lehen ilegalak ziren erabilera turistikorako etxebizitzak legeztatzea, Plan Orokorrak arautzen duenaren kontra eta maila goragoko araua izan arren.

Plan Orokorraren arauak ezartzen duena da etxebizitzen eraikinetan jarduerak jarriz gero (edozein motakoak), oro har, bakarrik beheko solairuetan (solairuartea, nagusia, eta lehenengoa) jarri daitezkeela, eta (salbuespen moduan, bigarrenean) beren azpitik etxebizitzarik ez badago, eta edozein kasutan beti ere jardueren tamaina ez bada 250 m2 baino gehiagokoa eraikineko. Araudiak ez du balio izan, behar beste erregulatuak zeuden aldeak osatzeko, hala nola, irisgarritasuna, zaratak ekiditeko baldintzak edo suteen aurkako arauen betekizuna. Araudiak egin duen bakarra izan da lehen solairuko araua ezabatzea; hori eta etxebizitzarako erabilera izango ez diren metro kopuruak handitzea 250etik 350era pasatuz hiriko zonalde zabal batean.

Ondorioz, pasa gara erabilera turistikorako etxebizitza legalak 300 bat izatetik 1.300 izatera. Horiei gehitu behar zaizkie oraindik ere legez kanpo aritzen diren pisu turistiko guztiak. Ondorioak? Etxebizitza izateko alokairuak desagertu dira merkatutik, alokairuen prezioak guztiz disparatu dira (%21etik gora), donostiar asko hiritik kanporatuak izan dira. Eta gainera medioetan jakinarazi denez 10 jabeetatik lauk ez dituzte etxebizitza turistikoen berri ematen Errenta aitorpena egiterakoan.

Turismo ereduak orekak bilatu ordez, hazkunde hutsetara bideratua.

Hotelak, pisu turistikoak eta ostalaritza izan dira gobernu honen ildo nagusia. Zuzendaritza planaren irizpideak kontuan hartu gabe, turismoaren hazkundearekin zoraturik ibili dira, orekak bilatzeko neurririk sustatu gabe. Bultzatu duten turistifikazioaren adibidea da Arraindegia egitasmo berrian ostalaritzarako m2 gehiago sartu nahi izatea, auzorako zerbitzu publikoen ordez. Turismo bulegoa Udaletxean sartzeko nahia (2017an ireki behar omen zutena), herritarrentzako zerbitzuak kanporatzen diren bitartean, herritarrei bizkarra emanda egiten den politikaren adibidea da.

Horrekin batera eta Donostiak behar duen oreka sozioekonomikoari begira, industria sustatzeko ez da emaitzarik ikusi: Eskusaitzetako lursailak saldu gabe, eta horretarako estrategiarik ere ez dago. Horrekin Donostia turismoaren monolaborantzan bizitzeko zigortzen ari dira.

Donostiako ondarearen galera, eraikin enblematikoen galera

Ondarea babesteko lanean aritzen den kolektibo batek (Ondare) zioenez legealdi honetan 22 eraikin, ondare balorea zutenak, eraitsi dira. HEOBPB ( PEPPUC) delakoaren aldaketa puntuala onartu den arren, 57 eraikin berri bertara sartzeko (gehien bat Ondarretako eremuari dagozkionak) Gobernuak ia 4 urteak behar izan ditu zerrendaren azterketa sakona enkargatzeko, galera arriskurako testuinguru honetan eskatzen zitzaion bezala, azterketatik kanpo beste 250 eraikin geratu baitziren.

Aipamen berezia behar dute eraikin batzuekin jazotakoek. San Bartolome elizari emandako trataera: legez kanpo eta eman zitzaion babesaren gainetik eraitsia parte handi batean. Auzia epaitegian dago San Bartolomeko muinoaren aldekoek salatuta.

Bellas Artes eraikinari kendutako kupula, 2015eko urrian gobernu honek baimena eman baitzuen eraispen partziala egiteko, hain zuzen ere, eraikina guztiz ezaugarritzen zuen kupula. Eraispen baimenak berak kupularen lehengoratzea eskatzen zuen: lau urte bidean eraikinak bururik gabe darraio, hondatze prozesu iraunkorrean. Ondarea babesteko eskumenak dituzten autoritate desberdinek ez dute inongo soluziobiderik eman Bellas eraikinari begira, eraikinaren jabeak (SADE) berau erortzen uzten duen bitartean.

Eta ondare arloan badira hondatzen ari diren eraikin babestu gehiago: Astiñene baserria, Patxillardegi baserria (Eusko Jaurlaritzak ematen duen babes gradurik gorena izan arren...).

EH Bilduk 2015eko abenduan Ondare historiko-artistikoa babesteari dagokion Kontseilu Sektoriala sortzeko proposamena egin zuen. Gobernuak atzera bota zuen. Ondoren talde honek gaia lantzeko Foroa sortzeko proposamena egin zuen eta sortzea lortu ere baina Gobernuak ez dio edukirik eman, erabaki polemiko guztiak bildu aurretik edo bilkuretatik kanpo hartu baititu.

Azkenik, Gobernu honek Eraikin babestuak birgaitzeko diru-laguntzen lerroa, aurreko legegintzaldian hasia, ezabatu du.

Ez dira garai onak Donostiako ondarearentzat.

Ingurumenaren zaintza = zuhaitz mozketa masiboa

Zuhaitzen mozketarako irizpideak legealdi honetan ez dira argiak izan eta gainera ez dituzte argitu nahi. Zuhaitz kudeaketarako Plan zuzendaririk gabe aritu direnez zuhaitz asko moztu direla, dagokion departamentuko txostenik gabe eta gainera mozketaz arduratzen den enpresa pribatuak pisu handiegia izan du erabakian. Ingurumen sailak zuhaitz kudeaketan parte hartzen ez duenez irizpide ekologiko edo ingurumenekoak ez dira kontuan hartzen ari eta emaitza izan da zuhaitzen galera itzela.

Mugikortasun eredu iraunkorrean atzeraka.

Donostian garraio pribatuaren (kotxearen) lehentasuna oraindik ere izugarrizkoa da. Testuinguru horren aurrean lau urte hauetan, ez da metro bakarra ere oinezko bihurtu: iragarpenak egin arren Karkizano, Larramendi, emaitzarik ez, eta Matia kaleko oinezkoentzat jartze partziala atzera bota dute.

Mugikortasun elektrikoari dagokionez, autobus elektrikoetan aurrera pausu batzuk eman dituzte (artikulatu beltza, oraindik froga fasean dagoena) baina, berez, propaganda eta marketing gehiegi dago, eta errealitatea mantsoago doa.

Bidegorriei dagokionez apenas metro gutxi batzuk gehitu dituzte bidegorri sarera eta azkeneko hamarkadei erreparatuta ez dituzte mantendu orain arteko hazkunde portzentaiak (Aietekoa besterik ez dute iragarri). Bizikletak aparkatzeko arazo larriaren aurrean ez dute inongo soluziorik eman. Horretaz gain hiriaren trafikoaren lasaitze diagnostikoa (aurreko legealditik datorrena) ez dute erabili eta ez dituzte neurri zehatzak martxan jarri.

Laburtuz atzera joan dira mugikortasun eredu iraunkorrean.

Indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak.

Indarkeria matxista lehentasunezko gaia gisa ulertzen badugu, igaro diren lau urteak aztertuta, egoera kezkagarrian aurkitzen garela esan daiteke. Ertzaintzaren azkeneko txostenaren arabera (2018koa) sexu erasoak %43ko igoera izan dute. Hiriko erasoek gora egin bitartean atzera-pauso handiak izan dira arazoari aurre egiteko eremuaren baitan. Horretaz ez da mugimendu feministarekin elkarlana bermatu, salaketa minimotik haratago herritarrekin zein talde politikoekin ez da gaia partekatu, kanpainek indarra galdu dute eta hiriko indarkeria matxistari aurre egiteko plan eta estrategiarik gabe gaude. Gaiarekin zaratarik egin nahi ez izanak eragina izan du norabide desegokian.

Hirugarren zerrenda: egin behar zirenak eta egin ez dituztenak

Atal honetan aztergai izan dira donostiar guztion hobe beharrez aurrera eraman behar ziren egitasmoak edo ekintzak, eta Udal Gobernuak, ahaztu, trabatu edo bultzatu gabe utzi dituenak. Ondorioz, zerrenda honetan biltzen direnek aurrekoari gehituz gero, alegia, Donostia norabide kezkagarrian jarri dituzten ekimen, ekintza edo egitasmoen zerrendari, lau urte hauetako balantze kezkagarriaren argazkia osatzen dute.

Etxebizitza, donostiarren kezka nagusia, tamainako aurrerapenik ez.

Etxebizitzaren problematika donostiarren kezka nagusia da, arazo larria baita; ez da egoerari dagokion aurrerapausorik egon, aurreko ataletako akatsez gain honako bi adibide ditugu:

Bat. Sarroeta eta Hiri Lorategia proiektuak, kasu

Ez da aurrerapausorik egon Sarroeta hiri eremua abian jartzeko; ezta Portutxo eta Trinkete eremuak ere. Eremu horiei bultzada emanez gero babes publikoko etxebizitza parke garrantzitsua eraikitzeko aukera ahalbideratuko litzateke. Eta Sarroeta eremuaren kasuan Martuteneko auzo etxea eraikitzeko aukera ere bideratuko litzateke, arlo kulturalari zein kirolekoari bide emanez.

Halaber geldotasun horren ondorioz Martuteneko futbol zelai berria eraikitzeko egitasmoan ere ez dago aurrerapenik.

Bi. Etxebizitzaren legeari kasurik ez, edo etxebizitza hutsei begirako eta etxebizitza babestu publikoei begirako interbentzio falta.

Euskadiko Etxebizitzaren Legeak ahalbidetzen duen definizioaren araberako jenderik gabeko etxebizitzen zerrendatzea ez da egiten ari. Zerrendatze hori egiteak ahalbideratuko luke, Eusko Jaurlaritzak Jenderik Gabeko Etxebizitza Hutsen Errolda sortu bezain pronto, berehalakoan bertan erroldatzeko aukera. Lan hori guztiz ezinbestekoa da, ondoren mekanismo desberdinak gauzatzeko, hala nola, jenderik gabeko etxebizitzen gaineko kanona edo berauen derrigorrezko alokairua.

Euskadiko Etxebizitzaren Legea onartu zenetik pasa den denbora luzea izan arren Udalak ez du barematzeko sistemarik onartu, beharrezkoa izango dena sustapen berriko etxebizitza babestu berrien sarbiderako; eta beharrezkoa izango dena jenderik gabe geratzen diren etxebizitzen sarbiderako ere. Baremo horren onarpena halaber, gazteentzako edo helduentzako apartamenduetara sartzeko beharrezkoa da.

Gizarte Ekintzan aurrerapauso nahikorik ez.

Gizarte Ekintza indartzeko aukera egon da, besteak beste, urtez urte aurrekontu handiagoa egon delako, baina aurreko agintaldian egindakoari jarraipena ematera mugatu dira eta gai sozialetan hori ez da nahikoa. Portzentaiari erreparatuz gero ikusten da aurrekontua %6,63tik %6,34ra jaitsi dela.

Lankidetzan ere gauza bera gertatu da: %0,382 tik %0,369ra jaitsi da aurrekontuaren gastu portzentuala; eta migrante eta errefuxiatuen egoera larria kontuan hartuta inoiz baino derrigorrezkoagoa da legeak eskatzen duen %0,7a betetzea eta jatorrizko eremuetan laguntzea.

Errefuxiatuen harrera, herritarren kontura.

Errefuxiatuekiko elkartasuna ez da gauzatu ez baliabideetan, ez erantzukizunak hartzen. Gizarte zibilaren esku utzi dute pertsona hauei harrera egiteko lana. Aurtengo otsailaren 3an hiriko harrera sareak eta SOS arrazakeriak elkarte eta mugimenduek deitutako manifestazioak argi uzten du administrazioaren ardura falta.

Kultur aniztasuna izoztuta

Elkarren aitortza eta bizikidetzarako politika parte hartzaileak guztiz ahaztu dira. Foru Aldundian Elkarbizitzarako plana aurkeztu dute eta udal gobernuak lau urteren ondoren, hari dagokion zirriborroa partekatu gabe jarraitzen du.

dss2016eu egitasmoa, galdutako aukera

Irekieraren porrotak gerokoa islatu zuen: lau urteetako desgaste politikan aritu ondoren, egitasmoari heldu behar izan dionean ez dute jakin eta egitasmoaren programa batzuk ondo garatu arren egitasmoak zituen aukera asko galdu dira eta Kultur Hiriburutzak ez zuen utzi donostiarren artean oroimen gozoa.

Haurtxoko eta Gaztelekuen Sarea geldirik.

Gobernu programan Haurtxoko eta Gaztelekuen sarea zabaltzeko konpromisorik gabe, hainbat auzotako beharrak asetzeko bideari uko egin diote lau urtetan. Argi dago Parte Zaharra edo eta Antigua auzoak dituzten beharrak erantzuteko aukerak egon direla eta ez dela egin. Altzako Haurtxokoa eta Gaztelekuaren proiektua kudeatzeko lau urte oso behar izan dute.

Amara Berriko zerbitzuan Anoetako obrak izan duen eragina ere tamalgarri kudeatu da. Zerbitzua zazpi hilabetez kalean eman behar izan da eta egun oraindik, baldintza egokiak jasotzen ez dituzten barrakoietan kokatuta daude.

Ingurumena: birziklatze tasa jaisten

Birziklatze tasa Donostian guztiz geldirik dago (38,5%) eta lau urte hauetan zifra horretatik igotzea ez dute lortu, kontsumo maila igo den arren. Hori gainditzeko estrategiarik ez da hartu: errefusarentzako txipa ezartzeari uko egin diote, nahiz eta jarriko zutela iragarri; eta organikoari hobariak ez dira nahikoa bilatzen den eragina lortzeko.

Intxaurrondo eta Amara Berriko auzoan zaborrontzien berrantolaketa bat egin dute baina ez dago argi modelo hau hiri guztira zabalduko duten edo ez, ezta baliagarria izango ote den ere.

Langileen lan baldintzekiko sentsibilitate gutxi.

Langileen lan baldintzekiko sentsibilitate gutxi agertu du gobernu honek.

Barne mailan eta horren adibide izan dira udaleko administrariak: agintaldi osoan protestaka aritu dira astero astero eta Udalbatzarretara agertu diren guztietan behin ere ez diete keinu txiki bat ere egin, are eta inportanteagoa, agintaldia bukatzera doa eta beren egoera konpondu gabe dago.

Gobernua ez da gai izan Langileen ordezkaritzaren gehiengorekin akordioak lortzeko eta egin dituenak, gutxiengorekin lotu ditu. Madrilgo dekretuen ezarpen hutsa bezain eskasa egin du, erosmen ahalmena berreskuratu gabe.

Kanpora begira ez du aurrerapenik egin klausula sozialak delakoen ezarpenenean. Agintaldian kontratazio legearen aldaketa egon da aukera berriak ekarri dituena baina aurretik zetorrenari heldu dio ozta-ozta. Izan ere askotan berandu edo oker egin dute, eta ondorioz gatazka ugari izan dira bereziki azpikontratatuak dauden kolektibo feminizatuen artean, alegia, okerren daudenen artean: SAD, Zorroagako garbitzaileak, UBIK, Anoeta, eraikin publikoetako garbitzaileak,...

Uliako parkearen plana: zero pauso

Uliako Parkea”ri dagokion Plan Bereziaren idazketari ekin zion aurreko gobernuak eta gobernu berriak plana onartzeko prestutasuna agertu zuen. Hitza ekintza noiz bihurtuko zen galdetuta hamaika aldiz “ia bukatuta·” zegoela esan (hala aurkitu baitzuten) eta aurkezpenerako data jarri ere, baina egin ez du egin: 2016ko uztaileko udalbatzan, zirriborroa iraila-urrirako izango zela; 2017ko maiatzean “Soilik pauso txiki batzuk gelditzen zirela dokumentu guztien definiziorako” falta zirela; 2018ko maiatzean agindu zuten hilabete baten buruan kudeaketa plana egin eta aurkeztuko zutela, eta Pasaiarekin bateragarritasun planari itxaron beharrean lanak aurreratuko zituztela. Hamar hilabete pasa dira eta bateragarritasun plana orain ari dira Pasaiako udalarekin lantzen baina hilabetean agindu zuten kudeaketa planaz ez dakigu deus ere. Hortaz zalantzan jartzerik bada, legealdia amaitu baino, lehen Uliako Kudeaketa plana ikusiko dugunik. Eta era berean zalantzan jarri daiteke Pasaiako Udalarekin bateragarritasun plana amaituta egongo denik.

Euskararen hirian aurrera egiteko determinazio gutxi.

Euskararen erabilerari dagokionez, aurrerapausu propiorik ez du egin udal gobernuak, kanpo ekimenengatik ez balitz, Euskaraldia edo Korrika, kasu; edo ohiko jarduna salbu: 6. plangintzaldia egitea egutegiaren araberako berritzea egokitu zaiolako. Ekimena beraz oso geldoa izan da eta arlo honetan ere aurrera determinazioz ez jotzea atzera joatea da.

Are eta gehiago atzerapausoak izan dira, besteak beste erabilerarako irizpideak betearazteko konpromiso eskasa egon delako: gobernuaren prentsaurrekoak gaztelera hutsean, kartelak, panelak,... Erdara hutsezko komunikazioa areagotu da, eta etengabe eraman behar izan dugu gaia batzordeetara edo Udalbatzarrera irizpideetan arreta jartzeko.

Horrez gain euskarari bultzada emateko aukera galduak ere izan dira, Zinemaldiaren logotipoaren aldaketarena bezalakoak.

Berdintasuna: olatu feministaren erdian aurrera joan ordez atzeraka

Ez da ekimen berririk egon, IV. Berdintasun Plana oraindik ez da aurkeztu eta atzeratu da. Emakumeon inguruko azterketak-bekak ez dira publikatu (programan jasotzen dute). Puntu Kritikoen mapan esku-hartzeak eman diren arren, urtean inbertsioak exekutatzeko gai ez dira izan. Kanpainak ez dira eragileekin koordinatu eta aurrera egin beharrean, berandu aurkeztu dira. Orokorrean, hiriko sentsibilizazioa eta parte hartzea galdu da. Laburtuz, geldotasun honek pioneroa izan den hiri bat atzeraka jarri dute, politika feministan ezin baita geldirik egon, aurreratzen ez den pauso bakoitza atzera baitoa.