Bizkaia

EH Bilduk ez du parte hartu Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordeen mahaien eraketan EAJk eta PSEk presidentzia guztiak hartu dituztela salatzeko

| 2019-07-22 11:40:00

EAJ eta PSEk Batzar Nagusietako batzordeetako mahaien eraketan kargu guztiak hartu dituzte gaur goizean ospatu diren batzordeetan. Honela oposizioari batzorde horietan kudeaketa aukera guztiak ukatu zaizkio. Diputatuen fiskalizazio eta kontrolerako tresna EAJ-PSEren eskuetan geratu da botere zirkulua itxiz.


Duela lau urte bi alderdi hauek inposaketa hau apaindu nahi izan zuten EH Bilduko kideei idazkaritzetarako bozkatuz aldebakarreko erabaki baten bitartez, inolako aurre akordio eta elkarrizketarik gabe. Kasu honetan EAJ eta PSEk ez dute ezta keinu hori ere egin Bizkaiko pluraltasun eta aniztasun politikoa bermatzeari uko egin diote. Horrez gain EH Bilduk salatu nahi izan du batzorde batzuetako mahaiak gizonekin bakarrik osatu direla, berdintasun parametroak bete Gabe geratu direlarik, are gehiago kontutan hartuta Batzar Nagusiek berdintasun plana daukatela jakinda.

“Aurreko astean EAJ eta PSEri aurreratu genien bezala, batzordeen presidentzietako banaketa modu proportzionalean egitea zen EH Bilduren proposamena. Gure jarrera irekia izan da edozein elkarrizketa eta gaiaren inguruko edozein trukaketa egiteko, baina,gobernuan dauden alderdiek, alegia EAJk eta PSEk kargu guztiak, arrabola erabiliz, euren artean banatzea erabaki dute eta gu ez gaude ados horrekin. Gure lanetako bat aldundiaren gobernuaren jarduna kontrolatzea da eta nekez kontrolatu daiteke batzordeetatik, baldin eta mahaiko kargu guztiak partidu horien eskuetan baldin badaude. Arraro egiten zaigu hau gertatzea Bizkaian; Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan batzordeak modu proportzionalean banatzen direnean. Harriduraz ikusten dugu egoera hau eta ez gaude prest horrelako jarrerak onartzeko. EH Bildu lurralde honetako bigarren indarra da eta Bizkaiko aniztasuna ez dela bermatzen. Oposizioko taldeak baztertuz legegintzaldiari hasiera eskasa ematen diozue. Zentzu horretan EH Bilduk ez du parte hartu bozketetan” adierazi du Bea Ilardia batzarkide taldeko bozeramaileak.

 

“EH Bildutik akusazio partikularra gauzatzen jarraituko dugu Alonsotegiko epaiketan, herrian hirigintzaren kudeaketan gertatu diren irregulartasunen inguruan egia jakin dadin”

| 2019-07-19 12:50:00

José Luis Erezuma Alonsotegiko alkate ohiak atzo epaitegian deklaratu zuen hain zuzen ere Barakaldoko epailearen aurrean, uholdeen ondorioz gertatu ziren kalte batzuei aurre egiteko gauzatu ez ziren lanen inguruan. Erezumaren esanetan Laneder enpresaren egoera ekonomiko kaxkarrak iruzurra justifikatu zuen. Auzi honetan bertaratua dagoen EH Bilduren ustez deklarazio hau kontraesan eta faltsukeriz Beteta dago. EH Bildutik uste dugu frogatuta geratu dela diru publikoa erabilita 600.000 euro baino gehoagoko iruzurra egin dela. Ondorioz argi dago ez dela dirulaguntza hauen inguruan Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik inolako kontrolik egon, gauza larria kontutan izanda erakunde honek eman zituela dirulaguntzak. Deklarazio hauen ondotik epaiketa gauzatu behar dela uste dugu eta esandakoa kontutan hartuta baliteke epaitutako guztientzat zigorrak egotea. EAJk ezarri duen kudeaketa eredu hau herritarren interesen kontra doa eta kasu honetan Alonsotegiko udala hondamendira eraman du.. EH Bilduk urteetan irregulartasun ugari salatu ditu eta kasu batzuetan Foru Aldundiak ez du behar bezalako kontrola egin. EH Bildutik akusazio partikularra gauzatzen jarraituko dugu Alonsotegiko epaiketan herrian hirigintzaren kudeaketan gertatu diren irregulartasunen inguruan egia jakin dadin.  

 

EH Bilduk ‘Jaietan ere, emakumeok libre’ izateko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du eta jai parekideak bermatzeko hainbat neurri proposatu ditu

| 2019-07-19 12:42:00

Euskal Herrian jaietan murgilduta gaude eta, horrela izanik, ‘Jaietan ere, emakumeok libre’ kanpaina abiarazi du EH Bilduk.  Kanpainaren helburua da herritar oro konturatzea emakumeek eta gizonek ez dutela askatasun eta behar berdinekin jokatzen jaietan eta jai eremuetan eta egiazko jai parekideak eraikitzea.


Kanpaina horren aurkezpena egin dute gaur prentsaurrekoan Jasone Agirrek, EH Bilduko legebiltzarkideak; Jone Goirizelaiak, Bilboko udaleko EH Bilduko bozeramaleak; Bea Ilardiak, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaleak; eta  Idurre Bidegurenek, EH Bilduko senatariak.


Bea Ilardiak gogoratu duenez, “zoritxarrez, azken asteetan hainbat eraso sexual pairatu izan dituzte Euskal Herriko hainbat emakumek herri eta hiri ezberdinetan: Barakaldo, Bilbo, Beasain, Santurtzi, Hernani, Iruña…”. “Argi dago datuak ez direla onak, Euskal Autonomi Erkidegoan udako 3 hilabeteetan iaz 174 salaketa tarteratu ziren eta salatzen direnak eragiten dituzten erasoen gutxiengoa dela kontutan hartzen badugu, datuak jasanezinak dira”, adierazi du.


Ildo horretan, azaldu dutenez,  “jai eremuak eta jai giroak aproposak dira sexu erasoak emateko” eta “horren guztiaren inguruan kontzientzia hartzea eta egiazko jai parekideak eraikitzea ezinbestekoa da, emakumeen eta LGTBIQ kolektiboaren aurkako edozein eraso saihesteko helburuarekin”.
 

Protokoloa
Horrela, hainbat neurri proposatu dituzte EH Bilduko ordezkariek. Horien artean, Goirizelaiak adierazi duenez, herri eta hiri guztiek izan behar dute emakume elkarte eta mugimendu feministako kide eta berdintasun teknikariekin batera koordinatutako jaietarako indarkeria matxista protokoloa. Gainera, bere esanetan, protokolo horretan garrantzitsua da, besteak beste, txosna eta gazte mugimendua atxikitzea.


Jaien aurretik autodefentsa feminista ikastaroak antolatzea, eraso sexistei buruzko kontzientziazio kanpainak martxan jartzea eta jaietako egitarauaren eta ekintzen inguruko erabaki espazio guztietan parekidetasuna bilatzea dira EH Bilduko ordezkariek proposatutako beste neurri batzuk. Era berean, Goirizelaiaren esanetan, jaietan eta espazio ludikoetan  sortzen diren jardun, portaera, bizitzeko modu desberdinak, rolak… identifikatzea eta parekidetasuna lantzeko tailerrak zein espazioak aktibatzea ere “garrantzitsua” da.


Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaleak nabarmendu duenez, jaietako ekintzak nori zuzenduta dauden, zenbateko aurrekontua duten eta nortzuk parte hartuko duten hausnartzea beharrezkoa da eta, behar izanez gero, orekatzeko irizpideak ezartzea: emakume elkarteak eta talde feministak zuzenean gonbidatu, bilera orduak eta egunak zaindu, informazioa partekatu, jardueren formatua emakumeentzat erakargarria egin, ikusarazi eta lehenetsi emakumezkoak protagonista diren jarduerak (kultura, kirol jarduerak), epaimahai parekideak sortzen saiatu, balioa eta aitortza soziala eman gehienetan emakumeek egiten dituzten eta bigarren mailakotzat hartzen diren lanei...
Ildo horretan, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da jai egitarauetan eta komunikazioko materialetan mezu, irudi edo hizkuntza sexistarik ez erabiltzea eta  gizonen eta emakumeen aniztasuna (adina, jatorria, sexu orientazioa, genero adierazpena...) ikusaraztea.


Indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak martxan jarri behar diren moduan, askatasun afektibo-sexualaren kontrako indarkeriari ere aurre egin behar diogula, LGTBIQ koleltiboekin elkarlanean, nabarmendu du Goirizelaiak, izan ere, “sistema heteropatriarkalean oinarrituta dauden indarkeriak dira biak”.


EH Bilduko ordezkariak gogoratu dutenez, “jaietan eta horien inguruan sortzen diren egoera desberdinak, bai eta bertan ageri diren elementuak aitzakiatzat hartzen dira naturalizatzeko gertatzen diren hamaika eraso sexista eta sexual”.


Testuinguru orokor honetan, EH Bilduko emakumeen ustez, jaiak dira “unerik aproposena eremu hurbilean nahi dugun eredua eraikitzeko: herrikoia, parte hartzailea, berdinzalea, librea, segurua....”. “Bide hori lantzeko azterketa kritiko bat egin behar dugu; eta horrela aipatutako neurriak proposatu ditugu”, nabarmendu dute.

 

EH Bilduk babesa adierazi die kaleratze arriskuan dauden ABB-ko langileei

Ezkerraldean ezartzen ari den eredu ekonomikoaren aurrean bere kezka azaldu du EH Bilduk

| 2019-06-28 14:08:00

EH Bilduko hainbat kidek bilera egin dute gaur goizean enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu dieten Galindoko ABB-ko langileekin.

Oskar Matutek, Izaskun Duquek eta Exabier Arrietak EH Bilduren babesa adierazi diete langileei eta Ezkerraldean ezartzen ari den eredu ekonomikoaren aurrean kezka erakutsi dute.

“Batzuek Ezkerraldea lojistikara begira dagoen gune bat bihurtu nahi dute. ABBko langileek eta guk hori horrela dela oso argi daukagu. Ez da ahaztu behar eredu ekonomiko hori soldata baxuetan oinarritzen dela”, adierazi du Oskar Matutek.

Izaskun Duque batzarkideak, berriz, lan-espedientearen ondorioen aurrean kezkatua agertu da. “Déjà vu egoera batean gaude. Ezkerraldearen desindustrializazioaren fase berri bat da”, adierazi du Duquek.

BBK Banku Fundazioaren berriztapenean gardentasuna eta aniztasuna bermatzea eskatu du EH Bilduk

BBK Fundazioaren izendapenak egiteko araudia onartu baino lehen egin da eskaera

| 2019-06-20 13:00:00

BBK Banku Fundazioaren berriztapenaren aurrean, EH Bilduk gardentasuna eta aniztasuna bermatzea eskatu du.

“EH Bilduren ustez, BBK Fundazioaren berriztapen horretan ezinbesteko elementuak dira. Alde batetik, gardentasuna patronoak aukeratzeko orduan eta, bestetik, Bizkaian dagoen aniztasuna bermatzea”, adierazi Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak.

Esaterako, BBK Fundazioak, Eudelen bitartez, elkarlanean aritzen den udalei gonbidapena luzatuko diela. EH Bilduren ustez, gonbite hori Bizkaiko udal guztietara zabaldu beharko litzateke eta, horretaz gain, Batzar Nagusietara ere. “Bizkaiko legebiltzarra diren Batzar Nagusiei proposamenik egiten ez uztea ez da ulergarria”, azpimarratu du Urkaregik.

EH Bilduk, gainera, fundazioaren baitan Bizkaian dagoen aniztasuna bermatzea ezinbestekoa dela adierazi du.

“Patronoen izendapenaren inguruko adostasunik zabalena lortu behar da, inor baztertu gabe. Horrek ez du esan nahi ordezkariak alderdi politiko ezberdinekoak izan behar direnik, baizik eta patronoak izango diren eragile politiko ezberdinen adostasun ahalik eta handiena bildu behar dute”, esan du Urkaregik.

ALBISTEAK

Asier Vega: «EH Bilduren egiteko moduak gero eta jende gehiago biltzen du, baita Bizkaian ere»

2021-06-13 19:29:00

EH Bildu Bizkaiak bere zuzendaritza berria aurkeztu du gaur goizean, Bilbon.

EH Bilduko Bizkaiko zuzendaritza berriak %90,62ko babesa jaso du

2021-06-05 12:29:00

Asier Vega Isasik aurkeztutako lan taldeak zuzenduko du hurrengo lau urteetan EH Bildu Bizkaia

Lurralde politika eta plangintza estrategikoa eskatu ditu EH Bilduk Ezkerraldera inbertsio industriala erakartzeko

2021-06-05 12:12:00

EAJk eta PSEk Ezkerraldearekiko ahanztura instituzionala eta tertziarizazioaren aldeko urteetan nahita egindako apustua gaitzetsi ditu. Horren aurrean, lurzoruaren kudeaketa bere katalogazio industrialaren araberakoa izan dadila aldarrikatu du EH Bilduk, inbertsioak erakartzeko eta eskualdeari etorkizun duina bermatzeko.

EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio hobari-sistema bat ezar dezala AP-68ko ordainlekuan, Bizkaiko zatian

2021-06-01 14:32:00

Neurri horri esker, Hego Uribek jasaten duen diskriminazioarekin amaitu eta BI-625 errepidetik kamioien trafikoa murriztuko litzateke