Artxandako Viveron duela hilabete batzuk Diputazioak ireki berri duen adingabe migratzaileen zentroari buruz galdetu du EH Bilduk, Bizkaiko Batzar Nagusiek Abellanedan ospatu duten kontrol saioan. EH Bilduko batzarkidea den Izaskun Duquek zalantzak azaldu ditu bertan hartutako haur guztiak behar bezala erroldatuta ote dauden eta, beraz, Aldundiak haur guztien oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen behar den guztia betetzen duen ala ez galdetu du.
Duquek zalantzan jarri du benetan «salbuespenezko egoera bat bizitzen ari garenik, Aldundiak adierazi duen bezala, familia-laguntzarik gabeko adingabe migratzaileak etengabe iristen ari baitira Bizkaira argudiatuta. Zifrek beste zerbait diote». Izaskun Duquek zehaztu duenez, 1996-2007 bitartean adingabeen kopuruak gora egin zuen, eta 2007an 466 izan ziren. 2018an, sarean hartutako adingabeak 600 ziren, alegia, 2024ko abenduko kopuru bera.
Hori oinarri hartuta, EH Bilduk zalantzan jarri du Haurtzarorako baliabide material, pertsonal eta ekonomikoen sarea hain tentsionatuta egotea. Hain zuzen ere, testuinguru horretan onartu zuen Aldundiak dekretu bat 2024ko abenduan, El Viveroko harrera-zentroa, 2023tik erabiltzen ez zena, berriro irekitzeko. «Baserriaren okupazio-bolumena aurreikusitakoa baino askoz handiagoa da, eta, Arartekoak zehaztu zuen bezala, ez ditu baldintza soziosanitarioak betetzen» esa du EH Bilduk.
EH Bilduren ustez, zentroak irekitzeaz gain, «dekretuak ez du ahalbidetzen Aldundiak adingabeei dagokienez duen legezko betebeharra saihestea, eta ez du salbuesten legezko tutoretza, errolda, osasunerako sarbidea, hezkuntza, gizarte-prestazioak eta administrazio-erregulazioa bezalako eskubideak betetzetik. Aitzitik, Aldundia salbuespenezko egoera transmititzen duen kontakizun bat ezartzen ari da, dei-efektua saihesteko desmoralizatu nahi duena».