AKTUALITATEA


| 2025-03-28 16:58:00

Bizkaiko EH Bilduko batzarkide taldeak zerga berrikuspenerako foru arauaren proiektuaren osoko zuzenketa defendatu du gaur, eta proiektua bertan behera uzteko eskatu du, Bizkaiko gobernu taldeak beste proiektu bat aurkez dezan, «herritarren etorkizuneko ongizatea bermatzeko».

 

Iker Casanova EH Bilduko bozeramaleak esan du «zerga-sistemaren progresibitatean atzera egiten duen argazkia da gaurkoa. Orain indarrean dagoen zerga sistema 2017an PPren eskutik egindako erreformatik dator. Oraingoa, norabide berean, alegia, erregresiboan, dator. Dedukzioen zerrenda bat da, zantzu populista eta demagogikoekin egindakoa, errenta baxuenei laguntzera datorrenaren aitzakiaz, errenta altuenei, kapital errentei eragingo dieten neurriak saihestuz».

 

Casanovak gaineratu du aurkeztutako zerga-errebisio honek ez duela aurreikusten «diru-bilketa justu eta progresibo bat, non gehien dutenek ekarpen handiago egingo duten. Lan eta kapital errentak hurbiltzen joateko neurriak, sozietateen gaineko zerga efektiboa eta PFEZ progresiboagoa izatea behar dugu horretarako».

 

PSEk, EAJk eta EH Bilduk Gipuzkoan izenpetutako fiskalitate berrirako aurretiazko akordio oinarria aipatu du EH Bilduk. «Horri dagokionez, fiskalitate berria ezartzeko ahalegina egin dugu. Aldiz -gaineratu du Iker Casanovak-EAJk eta PSEk, Podemosen oniritziarekin adostu duten errebisio hau ez da, inola ere, etorkizuneko erronkei aurre egingo dien sistema fiskala, ez dituelako beharrezkoak ditugun baliabideak handituko. Nola sortuko ditugu erresidentzia plaza publikoak, biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko? Nola hobetuko ditugu ospitaleak eta osasun zentroak? Zer baliabiderekin egingo diegu aurre berotze globalak eragingo dituen ondorioei? Nola bultzatuko ditugu administrazioetatik industriak edota lehen sektoreak behar dituzten eraldaketak? Nola artatuko ditugu herritarren behar sozialak? Horiek da errebisio hau babestu duten talde ezberdinek erantzun behar dituzten galderak».

 

«Ongizatea bermatzen duten akordioetan, akordio politiko aurrerakoietan eta aberastasunaren benetako banaketa dakartenetan dago eta egongo da EH Bildu. Guk ez dugu parte hartuko zuritze operazioetan» gaineratu du Casanovak.

 

 

Zuzenketen prozedura

 

Iker Casanova: «Larria iruditzen zaigu nola kudeagtu den zuzenketan prozedura, eta taldeekiko tartekatzea. Duela aste batzuk Podemosek iragarri zuen gobernua sostengatzen duten alderdiekin akordio bat egin izana eta publikoki aurkeztu zuen akordioaren irakurketa, baina atzorarte ez ditugu euki akordioan ondorioztatzen diren zuzenketak eta beraz ez ditugu ezagutu aldaketak. Dagoeneko, lehenengo begirada batean, iruditzen zaigu gauza guztiak ez direla kontatu ziguten moduan. Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu Podemosek sistema fiskalaren aldaketa iraultzailetzat jo zuena, diru-laguntzen itzulgarritasuna azkenean oso era mugatuan aplikatuko dela, denboran eta onuradunetan».