AKTUALITATEA


| 2025-01-22 08:27:00

Metroko 4. linea ahalik eta azkarren errealitate bihurtzeko eskaera egin du gaur EH Bilduk Batzar Nagusietako osoko batzarrean. Gainerako lineekin izan behar duen lotura Plaza Eliptikoan (Moyua) kokatzea defendatu du EH Bilduk, beharrezko analisi teknikoak egin ostean, Basurtuko eta Enkarterriko Ospitalearekin konektatuz, dagoen trenbide-azpiegitura ahalik eta gehien aprobetxatuz.

Metroko 4. linea egia bihurtzeko unea dela egiaztatu ondoren, Raul Mendez batzarkideak adierazi du «ezin direla atzerapen gehiago pilatu. Zor historikoa dugu 70.000 bilbotarrekin, Bilboko hegoaldeko auzoetan bizi direnekin hain justu».

«Lidergoa, borondate politikoa eta metroaren 4. linea gauzatzeko konpromisoa ezinbestekoa da -gaineratu du EH Bilduko batzarkideak- eta, horretarako, adostasun zabalak lortzeko eta metroaren 4. linea hori egingo dela ziurtatzeko, uste dugu ganbera honek, Batzar Nagusiek, Bizkaiko Legebiltzarrak, funtsezko zeregina izan dezakeela eta izan behar duela».